Maria Lopez: “Inauterietan ikusten ditugun mozorroak irudikatu nahi izan ditut”

Baleike 2019ko ots. 14a, 18:30

Maria Lopez diseinatzaile grafikoak bigarren aldiz irabazi du Zumaiako Inauterien kartel lehiaketa. Pozik agertu da sariarekin eta marrazkiaren nondik norakoak kontatu dizkigu.

Maria Lopezen marrazkia izan da 2019ko Zumaiako Inauterietako kartel irabazlea. Kolore biziz jantzitako kartela aurkeztu zuen lehiaketara, bere iritziz, inauteriak hori direlako: alaitasuna, kontrastea eta bizitasuna. “Inauterietan ikusten ditugun mozorroak irudikatu nahi izan ditut eta horiekin nahasketa bat egin. Pirata bat hasi nintzen marrazten, baina hortik abiatuta pailazoa, banpiroa eta sevillar bat ere sartu ditut marrazkian. Azken finean, inauterietako aniztasuna islatu nahi izan dut”, kontatu du. Lau mozorroak oinarri hartuta, horien ezaugarri bereizgarrienak azpimarratu ditu kartelean. “Ohiko mozorroak dira, kaleak asko ikusten direnak, baina publikoak identifikatzeko errazak direnak marraztu nahi nituen”, gaineratu du.

Kartelaren ideia ilustratzaile baten lanak ikusi ondoren sortu zitzaion. Marrazkilari horrek pertsonen karakterizazio bereziak egiten ditu, eta bide bera hartzea bururatu zitzaion. “Marrazkia pertsonifikatu nahi izan dut, baina ohiko gorputz eta aurpegirik erakutsi gabe. Genero gabeko pertsona bat da”, esan du. Protagonistaren atzealdean eta piraten karakterizazioari jarraituz, itsasoa marraztu du. “Olatuen gainean ez nituen kaioak jarri nahi, eta banpiroari keinua eginez, saguzarrak egin ditut”, gaineratu du.

Bigarren aldiz irabazle

Ez da Mariak irabazten duen inauterietako lehen kartel lehiaketa, izan ere, 2014an, berak eginiko beste marrazki bat atera zen garaile. “Orduko kartelak ere oraingoaren antzeko ideia zuen. Kartel hartan arrainak ikusten ziren, eta arrain bakoitza mozorro batekin zegoen jantzita”, gogoratu du.

Guztira zortzi lan aurkeztu dituzte aurtengo lehiaketara, eta horiek ikusteko aukera dago Alondegia kultur etxeko sarreran martxoaren 4ra arte. Erakusketa txiki honekin batera, herritarren sarirako bozkatzeko epea zabaldu dute. Irabazleak herriko jatetxe batean bi lagunentzako afaria lortuko du. Bozkatzen dutenen artean, berriz, bi liburu sorta zozkatuko dira.