2019ko udal aurrekontuak onartu ditu plenoak

Baleike 2019ko ots. 13a, 15:21

Asteartean egin zen plenoak 2019ko Udal Aurrekontuak onartu zituen. Udal Gobernuak aurkeztutako proposamenak aldeko hamar boto jaso zituen (EAJ-PNVren bost, EH Bilduren hiru, PSE-EEren bat eta Jon Iraolaren bat), eta kontrako hiru (EH Bildurenak).

Zumaiako Udalak 13.703.753 euroko aurrekontua izango du aurten. Horri, Udal Kirol Patronatuaren 1.306.228 euro gehitu behar zaizkio. Ondorioz, aurrekontu bateratua 14.457.981 eurokoa izango da.

Udal Gobernuaren dokumentuari EH Bilduk aurkeztutako bi proposamen eta PSE-EEren bat txertatu dizkiote. Udalekuetan bi urteko umeen zaintza zerbitzua zuzenean Udalak hartzea eskatu zuen EH Bilduk. Horrekin batera, Urola Kostako Hitzari dirulaguntza 20.000 eurotara igotzea, eta eskualdeko euskal hedabideen bateratze prozesurako 10.000 euroko partida sortzea eskatu zuten.

PSE-EEren proposamenari so eginez, Estazioko auzoarentzako inbertsio partida bereiztua sortu dute. Txepetxa elkartearen inguruko urak bideratuko dituzte, besteak beste. Auzoak pairatzen dituen uholdeen arazoak ekiditea dute lanek helburu.

Aurrekontuak onartzeko hiru alderdien arteko akordioa zegoen, baina, otsailaren hasieran Udal Gobernuak zumaia.eus webgunean argitaratu zuen idatzi batek plenokogiroa gaiztotu zuen. Idatzi horretan, akordioaren berri emateaz gain, Oier Korta alkateak oposizioak aurkeztutako proposamenen inguruko iritzia ematen zuen.

Hiru alde, hiru kontra

Astebete geroago, PSE-EEko zinegotzi Arritxu Marañonek hedabideetara bidalitako idatzi batean argitalpen hori kritikatu zuen, eta astearteko plenoan kritikak berretsi zituen. Hala ere, bere aldeko botoa mantenduko zuela iragarri zuen. "Bere momentuan esan nuen aurrekontu onak zirela, eta egindako lana ere ona izan dela. Aldeko botoa emango dugu, nahiz eta udal webgunean agertutako oharra mingarria iruditzen zaigun".

EH Bilduko bozeramaile Alex Olidenek ere idatzi hori izan zuen hizpide. "Guztiona den udal webgunea aldebakarreko propaganda" egiteko erabili izana salatu zuen. Oposizio guztia gutxiesten zuela ere esan zuen. "Ez da kontu berria. Legealdi osoan 13 zinegotzitik sei izanik, gehiengo osoa balu bezala jokatu du automatikoki, eta oraindik ere jokamolde horren inertziak jarraitzen du", gaineratu zuen. Gobernuaren "talante autoritarioa" ere salatu zuen.

Hori zela eta, udal taldeko zinegotzien erdiak, hiruk, aldeko botoa emango zutela iragarri zuen, "akordioa errespetatuz eta aurrekontuak edukitzearen garrantziaz jabetzen garelako", eta beste hiruk aurka, "Udal Gobernuaren jarrera mediatikoak sortarazi digun egonezina eta haserrea adeieraziz".