"Aurtengo aurrekontuak aurreko urteetakoak baino apur bat ausartagoak dira"

Baleike 2019ko ots. 9a, 10:37
Marikruz Alvarez eta Oier Korta, aurtengo aurrekontuen proposamenarekin

2019rako udal aurrekontuak aztertuko dituzte asteartean egingo den ezohiko plenoan. EH Bilduk aurkeztutako bi proposamen, eta PSE-EEren bat txertatu ditu Udal Gobernuak udal kontuen proposamenean. Beraz, ia ziurtzat jo daiteke aurrekontuak onartuko dituela bilkurak.

Udal aurrekontuen proposamenaren berri eman zuten atzo Oier Korta alkateak eta Marikruz Alvarez ogasun zinegotziak. Udalaren 2019ko aurrekontua 13.703.753 eurokoa izango dela adierazi zuten. Udal Kirol Patronatuak, berriz, 1.306.228 euro izango ditu aurten bere funtzionamendua ziurtatzeko. Beraz, bi erakundeen aurrekontu bateratua 14.457.981 eurokoa izango da. Iazko kontuak 5,5 milioi euroko gerakinarekin itxi zirela ere adierazi zuten. Aurrekontuak “aurreko urteetakoak baino apur bat ausartagoak” direla iragarri zuten.

Gizarte Zerbitzuetan aurreko urteetan abiatutako programekin jarraituko dutela adierazi zuten. Horiei Bidelagun izenekoa gehituko zaie. “Kronifikazioan erortzeko arriskuan dauden familiei edo pertsonei laguntza egoera horretatik ateratzeko edo bidean laguntzeko helburua du”, iragarri zuten.

Bidelagun, edo Nagusien behatokia bezalako programak abian jartzeko pertsona bat kontratatzeko asmoa ere adierazi zuten. “Bete beharra zegoen % 33ko jardunaldia % 100eko jardunaldi batekin beteko da”. Horrez gain, Branka eraikinean egokitzapenak ere egingo dituztela iragarri zuten. “Obra horiekin adinekoentzako beste bi pisu egitea lortuko da”.

Zumaiako auzoei dagokionez, Larretxoko igogailua egitea jasotzen dute aurrekontuek, eta baita San Joseko igogailua amaitzea ere. Estaziorako bideragarritasun plana edota uholdeak ekiditeko lanak sartu dituzte proposamenean, eta Artadin saneamendu eta ur hornidura lanek jarraituko dute. Hirigintza sailean, baita ere, etxebizitzetan igogailuak jartzeko 17.500 euroko diru partida bat jasotzen da. Honetarako oraindik oinarriak erabaki gabe daudela iragarri zuen Kortak. Auzobideetan lanak egitea ere jasotzen du proposamenak.

Alondegian, liburutegiko zerbitzua eguerditan ere zabalik egotea proposatzen dute –uztailean eta abuztuan izan ezik–, eta horretarako, eta Kultur Sailak bete behar dituen beste ardura batzuetarako, pertsona bat kontratatzea planteatzen dute. Gaztetxola igandetan zabaltzea ere jasotzen dute, eta baita Udaltzaingoaren gaueko zerbitzua beste jaiegun batzuetan indartzea ere. “Kirol instalazioak egoki mantentzeko beharrezkoak diren inbertsioak egingo ditugu, eta horretara aurrekontuaren 132.000 euro bideratuko ditugu”.

Inbertsioen partidan, Udaltzaingoaren eraikineko lanak burutzea, eta Skate parka egitea jasotzen dituzte. Herriko argiteriaren eraginkortasuna hobetzeko ia 720.000 euro inbertituko dituztela iragarri zuten. Horretarako IDAEk emandako mailegua erabiliko dute. Berez, inbertsio honen prozesua iaz hasi zen, baina tartean helegite bat aurkeztu zuten, eta azkenean aurten egitea aurreikusten dute.