Aitor Leiza: “Denok ados gaude benetan garrantzia duten kontuetan”

Gorka Zabaleta 2007ko eka. 10a, 10:24
Aitor Leiza.

Urteak daramatza Zumaiako Natur Taldeak bertan ditugun natur guneak babesteko eskatzen. Aitor Leiza da kideetako bat, eta bileretan hartu du parte.

Ezer idatzi aurretik, jendearen iritzia bildu nahi izan du Jaurlaritzak. Nola baloratzen duzu ekimen hori?

Hori nabarmentzekoa da, orain arte ez baita horrelakorik egin. Orain arte, Administrazioak aurrena legea idatzi eta gero aurkezten zuen jendaurrean. Jendearen iritzia biltzeko hiru bilera egin dira, eta interesa izan zezaketen taldeak deitu dira. Parte inplikatu guztiek beraien ideiak eta zalantzak adierazteko modua egin da horrela.

Zumaiako Natur Taldeak zer planteatu du bilera horietan?

Natur Talde bezala, iruditzen zaigu gaur egungo legea aplikatzea nahikoa dela arrantzari dagokionez. Gure postura hori da. Ehizari dagokionez, nik nahiko nuke mendi zati bat tirorik gabe. Galeperren ehiza debekatuko nuke, esate baterako, badirelako bikote batzuk, eta horiek bakean utziz gero espezieak aurrera egingo lukeelako. 

Bestetik, Debako Natur Taldeko batek proposatu zuen biotopoaren barruan eremu batean arrantza erabat debekatzea, eta ikerketarako erabiltzea. Normalean hala izaten da natur gune babestuetan. Inork ez zuen kontra egin. Eztabaidatu beharko da zein izango den erabat babestuko den eremu hori. Hori da finkatu behar dena. Biotopo hau izendatzen bada horrelako eremu bat gabe, niretzat ez da ez biotopo eta ez ezer. 

Zein da, zuen ustez, kostalde zati horrek duen mehatxurik handiena?

Mehatxu handiena, eta hor denok ados gaude, arrantza profesionala da, arraste ontziak eta arrantza ontzi profesionalak. Denok ikusten dugu horiek kontrolatu behar direla. Horiek kontrolatuz gero, hor barruan arrain piloa egongo da. Beraien arrantza eremuak agortuta daudenez, gero eta barrurago datoz, eta gaur da eguna baxurakoak haitzen ondo-ondoan ari direla arrantzan. Eta guk pentsatzen dugu jende horri ere irtenbide bat eman behar zaiola, arrantza mota horretatik bizi den jendea badagoelako, eta hori debekatuz gero, langabeziara joango delako. Hori ere ezin dugu ahaztu. 

Eta hori kontrolatzeko neurriak hartu beharko dira?

Dudarik gabe. Guk pentsatzen dugu honek guztiak ez duela ezertarako balio azkenean ez badira zaintza neurriak jartzen. Eta hor ere denok ados gaude, baita arrantzaleak ere. Ez du ezertarako balio biotopo izendatzeak, bi txipironera txikiri egurra eman eta bapore handiak nahi bezala ibiltzen badira. Horrek ez du zentzurik. Gauza inportanteenetan denok ados gaude.

Eta hori ezin al da egin biotopo izendatu gabe?

Biotopoak ekarriko duena da legedia betearazteko modua, zaindariak jarrita. Babesten duten unetik badakigu, behintzat, norbait egongo dela hura zaintzen. Telefono bat izango dugu salatzeko. 

Biotopoak jende oldea ekarriko duen beldur da jendea.

Bai, hori ondo kontrolatu beharreko gauza da. Guk, Natur Talde bezala, urteak eta urteak daramatzagu esaten honek sekulako balioa duela, eta, orain arte, inork ez digu kasurik egin. Orain, Algorri ireki denetik eta medioetan agertzen ari denetik, gero eta jende gehiago dator. Baina biotopo izendatzen denean, bisitak-eta arautu eta kontrolatu egin beharko dira. Irteera guztiak leku batetik bideratu beharko dira, jakiteko zenbat jende datorren, eta muga bat jarri. Algorri da hori egiteko gunerik egokiena.

Bideak eta azpiegiturak hobetu behar ote diren bota zuen batek, eta hor ere denok ados. Gauzak dauden bezala utzi behar dira, bide berririk egin gabe, aparkalekurik egin gabe, masifikazioari biderik eman gabe. Zerbait egitekotan, bideren bat prestatu beharko litzateke istripuren bati erantzuteko, baina bide itxia.