Biotopo babestua (I): Pegatina bat paparrean

Gorka Zabaleta 2007ko eka. 10a, 09:32
Labarrak eta harraldea. Argazkiak: Gorka Zabaleta

Zumaiatik Debara doan kostaldea babesteko prozesua jarri du abian Eusko Jaurlaritzak. Euskal itsasertzeko zortzi kilometro horiek balio paregabea dute, batik bat geologiaren ikuspegitik. Ekimenak, ordea, zalantzak eta kezkak eragin ditu herritarren artean, biotopo babestuaren izenean gure artean oso errotuta dauden zenbait jarduera debekatuko direlakoan. Kezkak argitzen saiatu da Baleike.

Baserriak eta landa bideak.

Maoizko prakak eta alkandora. Koadrodun zapia lepoan eta batzuek txapela buruan. Sare zati bat paparraren alde batean, eta biotoporik ezdioen pegatina bestean. Ez koadrila bat edo bi: dozenaka. Eta debekuen kontra 20 taldek sinatutako idatzia. Eta taberna batzuetan, zeuk ere sinatzeko aukera. Eta normalean oso iritzi ezberdinekoa den jendea bat eginik… Zalaparta izugarria. Hain jarrera irmorako arrazoiak galdetzen hasita, ordea, informazio gutxi eta eskasa. San Telmok harrotutako aparra, nonbait. Pare bat hilabete joan dira ordutik. Urak baretuko ote ziren…

Istorio honi abiapuntu bat jartzeko, ordea, aurtengo santelmoak baino atzerago egin behar da. Zaila da data bat jartzea, baina egin dezagun 30 urte atzera. Lemoizkoarekin batera, Iberduerok beste bi zentral nuklear egin nahi zituen euskal kostaldean. Horietako bat Mendatan, Zumaia eta Deba artean. Herriak ez zuen halakorik onartu, eta, gogor borrokatu ondoren, proiektuak bertan behera utzi behar izan zituen enpresak. Zentralen kontrako mugimenduak bere alea jarri zuen: agerian utzi zuen kostaldea babesteko premia. Ordurako, zientzialariak ere jabetuta zeuden labar hauen balio geologikoaz: parekorik ez omen dute munduan. Eta ekologistek eta naturazaleek urteak egin dituzte inguru hori babestu behar dela aldarrikatuz. Azkenean, instituzio publikoetara ere iritsi zen oihartzuna, eta babesa merezi zuen gune interesgarritzat hartzen hasi ziren, batez ere, 90 hamarkadatik aurrera. Badira, hala ere, inguru horren balioa aipatzen duten txosten zaharragoak. Esate baterako, ICONAk 1975ean egindakoak dio bereziki babestu beharreko kosta zatia dela.

Txostenak bai, baina neurririk ez, amaitu berri den legealdian Zumaiako eta Debako Udalek urratsa egitea erabaki zuten arte. Jaurlaritzaren eta Aldundiarekin bildu eta Zumaia eta Deba arteko kostaldea babesteko eskatu zuten. Jaurlaritzak, bi udalerrien adostasuna ikusita, aurrera egitea erabaki zuen, eta eremua biotopo babestuizendatzea proposatu. 2006ko ekainaren 14an, izendapenerako prozesua martxan jartzeko agindua eman zuen Eusko Jaurlaritzako ingurumen kontseilari Esther Larrañagak.

Harraldearen irudi panoramikoa Algorritik.

Lehen aldiz, herritarren parte hartzea

Hortik aurrera, Jaurlaritzako Bioaniztasun eta Ingurumen Partaidetzarako zuzendari Elisa Sainz de Murietaren lana izan da prozesua aurrera eramatea. Eta lehen aldiz, herritarren iritzia jakin nahi izan du ezer erabaki aurretik. Babestu beharreko eremua zehazteko, babes maila erabakitzeko, zer erabilera onartuko diren eta zeintzuk ez adosteko, debarrek eta zumaiarrek nolako biotopoa nahi duten jakiteko. Hori egiteko, Ekogarapen enpresa kontratatu zuen Jaurlaritzak. Zumaiako eta Debako 80tik gora eragile deitu zituzten parte hartzera, tartean, natur taldeak, arrantzaleak, ehiztariak, urpekariak, mendizaleak… Azken finean, interes zuzena izan zezaketen taldeak. 

Ekogarapeneko kide Javier Belzaren ustez, bilerak oso probetxuzkoak izan dira: “Iritzi ezberdinen artean adostasun maila batera iristeko ahalegin handia egin dute bileratan parte hartu duten taldeek, eta hala jaso da txostenetan. Oso zaila izango da gero instituzioek lan horri muzin egitea”. Ingurumen gaietan lan asko egindakoa da Javier Belza, eta, bere iritziz, zumaiarrok eta debarrok pribilegiatuak gara horrelako aukera bat eman zaigulako: “Inguru honetako herritarrek iritzia emateko aukera dute; oso sinplea dirudi, baina gure kostaldeko beste leku batzuetan ez da gertatzen ari, zoritxarrez. Esate baterako, Jaizkibelen”. 

Baina prozesu honek arantza bat ere utzi dio Ekogarapeneko ordezkariari: “Nonbait, talde edo pertsona batzuek ez dute beren intereserako egoki ikusi bileretan adostutakoa, eta udalen eta enpresaren kontra jo dute, hauteskundeak tartean zirela aprobetxatuta. Testuak faltsutu dituzte, inoiz inork aipatu ez dituen debekuak leporatu dizkigute, inon jasota ez daudenak. Hori ez da gure lana. Gure lana bilerak bideratzea eta bertan esandakoak eta adostutakoak jasotzea izan da, gero, araudia idatzi behar dutenek kontuan har dezaten”.

Zalapartaren jatorria

Nonbait, idatzia sinatu zuten 20 talde horiek ulertu zuten eremu babestuan erabat debekatuko zirela arrantza, ehiza, surfa, urpekaritza eta bestelako jarduerak –idatzia eta sinatzaileen zerrenda Kofradiako arkupetan daude orain, irakurri nahi dituenarentzat–. 

Baina, bileratan parte hartu bazuten eta haietan inoiz ez bazen halakorik esan, nondik dator susmoa? Antza denez, norbaitek Gaztelugatxeko biotopoaren araudia hartu eta hura aplikatuko zela ondorioztatu zuen (Gaztelugatxeko biotopoan debekaturik dago edozein jarduera). 

Gaizki ulertzea argitzeko, santelmoen ondoren bilera bat egin zuten 20 talde horietako ordezkariek, Zumaia eta Debako alkateek eta Jaurlaritzako bioaniztasun zuzendariak. Bilera hartan jakinarazi zitzaien ez zela Gaztelugatxeko araudia aplikatuko. Hura oso eremu txikia dela hemen dugunaren aldean, eta ez zegoela beste alternatibarik: eraginkorra izatekotan, erabat babestu beharra zegoen; Algorriko biotopoaren NBAPa (Natur Baliabideen Antolamendu Plana) idatzi gabe zegoela, eta bileratan adostutakoak izango zirela oinarria. Eta horretan ari dira orain, hain zuzen ere, biotopoa arautuko duen plana idazten. 

Bileretan parte hartu zuten talde horiek adostutakoa izango bada oinarria, zer da adostu den hori?

Jakingarriak

Zer da Biotopo Babestua?

Horrela dio 16/94 legeak: “Oro har espazio txikiak dira, eta helburu zehatzarekin sortu dira: interes geologikoko areak, ekosistemak, komunitateak eta elementu biologikoak babestea, baita ere bitxitasuna, irauteko ahulezia, berezitasun handia, bakantasun nabarmena, edertasun itzelekoa edota interes zientifiko bizia dutelako aparteko balioespena merezi duten natur inguruneko hainbat toki jakin eta formazio zaintzea”.

Zer da NBAPa?

Natur Baliabideen Antolamendu Plana, biotopoa arautuko duen legea da, azken finean. Bertan jasotzen dira babestu beharreko eremua, babes mailak, babes neurriak, onartzen eta debekatzen diren jarduerak, ingurunea hobetzeko egin beharreko ekintzak… Lurraldea antolatzeko egon daitekeen beste edozein legeren gainetik dago NBAPa.

Noizko izendatuko dute biotopo babestua?

2008ko udaberrirako izendatzea espero du Jaurlaritzak, baina baliteke zerbait luzatzea. Oraindik plana idazteko dago, gero alde interesatuei erakutsi behar zaie, jendaurreko erakusketa egin behar da, alegazioetarako epea zabaldu, Administrazioan ere bide luzea egin behar du, hainbat batzorderen oniritzia behar baitu. Azkenik, Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu behar du, eta buletinean argitaratu. 

Bileretako emaitza: herritarren ekarpenak

Hiru bileratanegindako proposamenen laburpena da ondoko lerroetan jasotakoa. Txostena Ekogarapen enpresak idatzi du, eta hori izango da gerora biotopoa arautuko duen BNAParen oinarria.

Babes eremuaren mapa.

Babesaren eremua eta irismena

Proposatzen den eremu guztia babestu behar da (ikus mapa), baina murrizketa maila ezberdinekin. Horrela, itsasertzarentzat eskatzen da babes mailarik zorrotzena –labarretatik 25 metroko ur sakoneraino–, bere balioengatik (labarretako paisaia, mundu mailako balio geologikoa, eta marearteko zabalguneko bioaniztasuna) eta eremu horren ahuleziagatik. Itsasertza inguratzen duten itsasoko eta lehorreko eremuek murrizketa gutxiago izango lukete, nahiz eta kontserbazioak beti lehentasuna izango duen. Bestetik, Itzurungo eta Debako hondartzak, Santa Katalinako inguruneak eta astialdirako guneek erregimen berezia izango dute, jendeak modu intentsiboan erabili ahal izateko, biotopoaren barruan sartuta egon arren.  Azkenik, biotopoaren isolamendua saihesteko, komenigarria da inguruko beste espazio batzuekin konektatzea, esaterako Andutzekin edo Izarraitzekin, A-8 autobidea zabaltzetik gerta daitezkeen arazoak aztertu eta konpondu eta gero.

Babestutako eremuaren azalera

Biotopoaren eremua zabaltzeko hainbat proposamen egin dira. Esate baterako, Debako Udalak aurrez onartuak zituen lur batzuk proposatu ditu, eta, horretaz gain, beste eskaera batzuk egin dira. Hala nola, biotopoaren mugetan Aldundiak dituen lursail batzuk; Debako Lapari hondartza, aztarnategi geologiko garrantzitsua duelako; Elorriagako baseliza, 1391koa, Deba eta Zumaia arteko lehenengo adiskidetze ituna bertan sinatu zelako; Elorriaga-Errekatxo inguruko pagadi-hariztia; Errekatxo errekaren iturburua, bertako zumarrak dituen baso bat dagoelako. 

Horietaz gain, biotopoaren mugetatik kanpo gelditzen diren intereseko beste gune batzuentzat ere eskatu da benetako babesa, besteak beste, Zumaiako dunentzat eta padurentzat.

Ikerketa

Labarretatik eroritako materialak edonork jaso ahal izango ditu, baina material geologikoen laginak erauztea debekatzea proposatu da bileratan, helburu zientifikoetarako ez bada. Eta kasu horietan ere, laginak hartzeko prozedura bat zehazteko eskatzen da, ingurunearen gaineko eragina ahalik eta gehien murrizteko. Erauzketak egin ahal izateko baimena eskatu beharra eta jasotako laginen datu basea egitea proposatu da bileratan, laginak ez errepikatzeko. EHUk araudi bat landu du dagoeneko.

Ehiza postua Pikotegainan. 

Ehiza

Ehizaren inguruan iritzi kontrajarriak agertu dira bileretan. Ikusten diren arazo nagusiak: astialdiko beste jarduerengan (ibiltariengan, esate baterako) sor ditzakeen interferentziak, eta espezie jakin batzuen kontserbazioan izan dezakeen eragin kaltegarria (belatz handia, adibidez). Horregatik, neurriak hartu ahal izateko, komenigarritzat jotzen da eragin horiek aztertzea.

Arrantza eta itsaski biltzea

Arrantza izan da, dudarik gabe, zalaparta gehien eragin duen gaia, baina, bileretan esandakoari erreparatuz gero, aldeen arteko adostasun maila uste baino handiagoa da. Batetik, uste da gaur egungo legedia betearazteko kontrola indartu behar dela, eremuaren zaintza bereziaren bidez. Bestetik, iritzi ezberdinak daude arrantza ez profesionalak eta itsaski biltzeak duten eraginaren inguruan, eta beharrezkotzat jotzen da azterketak egitea neurriak hartu baino lehen. Arrantza profesionalari dagokionez, adostasun handiagoa dago eremu osoan debekatzeko aukeraren inguruan. Itsas hondoan oztopoak jartzea proposatzen da, arrasteko arrantza galarazteko. 

Olagarroak lehortzen.

Azkenik, egoki ikusten da biotopoaren barruan erreserba eremu batzuk zehaztea. Erreserba horietan arrantza erabat debekatuko da. Erreserba horiek mesedegarri izango dira biotopo osoarentzat, espezieak kontserbatzen lagunduko dutelako. 

Nekazaritza eta abeltzaintza

Biotopoaren lehorreko zatian, bertako habitat naturalak biziberritzea eta kontserbatzea, eta lehentasuna izango dute nekazaritzak eta abeltzaintzak izango. Biotopoaren eremuaren barruan dauden baserriek eredu tradizionalei jarraitu beharko diete, eta praktika onen kodea bete, hau da, joera ez da izango ustiapen intentsiboak edo neurri handikoak jartzea. Eredu hori bultzatuko da baserritarren artean, baita habitat naturalen kontserbazio aktiboa ere. Puntu honetan, txakolinerako mahastiek sortu dute kezka gehien. Mahastia landatu nahi duenak lurraren morfologia aldatu gabe egitea proposatzen da, maldan aldaketarik egin gabe edo terrazak egin gabe.

Astialdiko jarduerak

Biotopoak bisitariak erakarriko dituela kontuan hartuta, zer nolako jarduerak bultzatu nahi diren ere aztertu da bileretan. Garbi geratu da naturaz gozatu eta haren balioak ezagutu nahi dituen bisitaria dela erakarri nahi dena, eta ez piknika egitera etor daitekeena. Jende oldea saihesteko eta bertan bizi direnei enbarazu ez egiteko, astialdirako guneen zaintza eta antolamendua hobetzea proposatu da. Oinezkoentzako biotopo bat nahi da, sarbide errazak adieraziz, batik bat Zumaiatik eta Debatik, eta mendiko ibilbide sarearekin lotuta. Horrekin lotuta, ibilgailuentzako bide berririk ez egiteko eskatu da, eta garraio publikoari lehentasuna emateko. Gainera, seinaleen bidez adierazi behar da debekatuta dagoela baimenik gabeko ibilgailuak erabiltzea (motoak, quad-ak…). Dena dela, bileretan esan da biotopo izendatzeak bisitarien etorreran duen eragina neurtu behar dela, harrera zerbitzuak antolatzeko.

Mendi ibilaldiak

Mendi ibili arduratsua sustatu beharra ikusi da. Horretarako, biotopoari buruzko informazioa emango zaio ibiltariari, natur balioak, arautegia, eta ibilbide bakoitzean hartu beharreko neurriak azalduko dituzten argitalpenekin, naturarenganako errespetua bultzatzeko. Bestetik, ibilbideen mantentze lanak areagotzeko eskatu da, eta gaur egun dauden zenbait arazo konpontzeko. Azkenik, Zumaia eta Elorriaga arteko ibilbidea bide erakargarri gisa berreskuratzeko proposatu da.

Uretako kirol jarduerak

Urpeko jarduerei dagokienez, kirol arrantzaren kasuan bezala, benetako eragina zein den aztertzeko eskatu da, neurri egokiak hartu ahal izateko. Horretaz gain, Arrantza Ikuskaritzak jarduera horiek zorrotzago zaintzeko proposatu da.

Hondakinak eta kutsadura

Ibaiak mugitu edo marea biziak egon direlako itsasertzean geratzen diren hondakinak aldizka jasotzea proposatu da, eta hondakin solidoak botatzen diren guneen gaineko zaintza indartzea ere. Bestetik, Itzurun hondartzako usain txarraren jatorria zehaztea eta arazoa konpontzea eskatu da.

Laburbilduz: Biotopoa izan daitekeena

Jasotako informazioa eta egindako elkarrizketak oinarri, hona hemen, erreportajearen egilearen ustez, biotopoaren NBAPak jaso beharko lituzkeen puntu nagusiak, ariketak dituen arrisku guztiekin: 

-Arrantza profesionala eta presio urbanistikoa dira kosta eremu horren mehatxu handienak.

-Arrantza profesionala debekatu eta hori kontrolatzeko neurriak hartzea proposatzen da, erabateko adostasunez. Hala ere, hori Arrantza Sailaren eskumena denez, Ingurumen Sailak haren adostasuna beharko du.

-Biotopo izendatuta, eremu horretan ezingo da eraiki, lurraldea antolatzeko beste lege guztien gainetik baitago biotopoaren NBAPa. Ingurunea ezin denez eraldatu, txakolinetarako mahastiak landatu nahi dituzten baserritarrek ezingo dute terrazen sistema erabili.

-Kirol arrantzari eta itsaskiak biltzeari dagokienez, gaur egun dagoen legea aplikatuko da (gaur egun ez da betearazten). Hala ere, urtero ikerketak egingo dira eta espezieren bat arriskuan ikusiz gero, neurriak hartuko dira.

-Ehiza ez da erabat debekatuko, baina baliteke eremu batzuk mugatzea, batez ere ibiltariei enbarazurik ez egiteko.

-Biotopoaren zati bat erabat babestuko da. Bertan ezingo da arrantzarik egin, ezta itsaskirik bildu ere. Horrekin biotopoaren bioaniztasuna bermatu nahi da, eta ikerketak egiteko ere erabiliko da: arrantza onartzen den lekuekin konparaketak egiteko, esate baterako.

-Neurriak hartuko dira NBAPean ezartzen diren arauak (debekuak eta beste) betearazten direla ziurtatzeko. Aldundiaren ardura izango da lurreko eremua eta itsasertza zaintzea –badirudi zaindari bat jarriko duela biotopo hau eta Iñurritzakoakontrolatzeko–, eta Jaurlaritzako Arrantza Sailarena itsasoko eremua zaintzea.

-Algorri Ezagutza Etxea arduratuko da bisitariak bideratzeaz. Ingurunearen ezagutza eta errespetua bultzatuko dira, eta bisitari kopuruari neurria jarriko zaio. Aldi berean, ikerketa lanak kontrolatzeaz eta koordinatzeaz ere arduratuko da Algorri Ezagutza Etxea.

-Ez da azpiegitura berririk egingo. Gaur egun dauden bideak errespetatuko dira, eta behar den lekuetan hobekuntzak egingo dira, baina ingurunea aldatu gabe.

-Dagoena babesteaz gain, ingurunea hobetzeko hainbat neurri hartuko dira: bertako espezieak bultzatuko dira, itsasoak ekartzen duen zaborra jasoko da…

Algorriko punta.