Musika Eskolako haurrek eman diote hasiera 'Xixiliren aitzakian' ekitaldiei

Baleike 2018ko aza. 22a, 12:41

Azken urteotan bezala, Xixiliren aitzakian izeneko ekitaldi sorta prestatu du Udal Kultura Sailak musikaren munduan herrian mugitzen diren elkarte batzuen laguntzarekin. Txori Txiki Musika eta Dantza Eskolako haurrek eman diote hasiera aurtengo egitasmoari.

Entzunaldia egin zuten Musika Eskolako ikasleek komentuan eta ondoren kalejiran atera ziren Erribera kalean zehar Beheko Plazaraino.

Datozen ekitaldiak asteburuan egingo dituzte. Larunbatean Bandaren eguna izango da, eta horren baitan, 12:00etan, kalejira bat egingo dute, eta 13:00etan kontzertua Beheko Plazan. Euria egiten badu Zumaienako aretora eramango da.

Igandean, 10:00etan, Udal Txistulari Bandak goiz soinua eskainiko du. 11:00etan Beheko Plaza abesbatzak kantatutako meza izango da, eta, jarraian, abesbatzako kideak kalez kale ibiliko dira kantu kalejira batean.