Musika doinuek dantzan jarriko dute Zumaia aste honetan

Baleike 2018ko aza. 20a, 07:00

Xixiliren aitzakian musika saioak egingo dituzte aste honetan, eta baita hurrengo asteburuan ere, Zumaian. Entzunaldiak, kalejirak eta goiz soinuak izango dira, hurrenez hurren, herrian. 

Asteazkenean egingo da lehen ekitaldia. 18:00ean entzunaldia izango da komentuan Txori Txiki Musika eta Dantza eskolako ikasleen eskutik. Jarraian, 19:00etan, kalejira bat egingo da herriko kaleetatik zehar Zumaiako Banda eta Musika Eskolako ikasleekin. Kalejira irekia da, beraz, herritarrei parte hartzeko gonbidapena luzatzen die.

Larunbatean Bandaren eguna izango da, eta eguerdi partean bi ekitaldi egingo dira: 12:00etan kalejira abiatuko da Musika Eskolatik. Ondoren, 13:00etan, kontzertua egingo da Eusebio Gurrutxaga plazan. Euria egingo balu Zumaiena ikastetxeko aretora eramango da. 

Igandean, azaroaren 25ean, goiz soinua izango da 10:00etan Txistulari Bandaren eskutik. 11:00etan, Beheko Plaza abesbatzak kantatutako meza nagusia egingo da, eta haren amaieran kantu kalejiran aterako dira. 

Azaroak 27an, asteartea, 18:30ean hasita Euskaraldiari zuzendutako jaialdi bat eskainiko du Musika Eskolak Beheko Plazan. Eguraldi txarra egiten badu Aitzuri frontoian izango da.

Abenduaren 1ean, larunbata, egingo da azken ekitaldia: 20:30ean hasita, Andra Mari eta San Pedro abesbatzek kontzertua eskainiko dute parrokian.