750 kilo olagarro erabiliko dira larunbateko Olarro Egunean

Baleike 2018ko ira. 12a, 18:07

Azken urteotan bezala, olagarroa izango da Zumaiako protagonista iraileko hirugarren larunbatean. Olarro Eguna ospatuko da etzi, eta horren barruan makina bat ekitaldi izango dira egun osoan zehar, gastronomiakoak, baina baita kultura eta kiroletakoak ere.

Olagarroa dastatzeko modu ugari izango da. Horretarako 750 kilo pasa olagarro erabiliko dira. Hauetatik 650 olagarro kilo egosi brotxetetarako erabiliko dira. Brotxetak ostiral arratsaldean prestatuko dituzte Herri Eskolako frontoian, 16:30etik aurrera. Txosnetan lan egingo duten talde bakoitzeko 20 lagun arituko dira erroak moztu eta brotxetak prestatzen.

Beste 100 kilo olagarro gordin herri bazkarian erabiliko dira, olagarroa patatakin prestatzeko. 6,5 kilo olagarro lehor, berriz, olagarro zopa prestatzeko erabiliko dira.

Zazpi txosna

Herriko zortzi talde larunbatean lanean arituko dira, txosnetan edo herri bazkari zerbitzatzen. Azken ardura hau Errefuxiatuen Harrera Taldeak hartuko du.

Beste elkarteak txosnetan lanean izango dira. Beduola elkartea Eusebio Gurrutxagako txosnaz arduratuko da goizez. Arratsaldean Pilota elkartea arituko da txosna horretan lanean. Motxanekua zaldi elkarteko kideek taxi geltokiko txosna eramango dute, Olarru-subek Erribera kalekoa, arraunlari beteranoek Saregile plazakoa, Darahlik Amaiako plazakoa eta Jakintza elkarteak Gernika parkekoa (goizez bakarrik). Goizez bakarrik lana egingo dutenek brotxetak salduko dituzte. Besteek, goizez zopa eta arratsaldez brotxetak.

Batel estropadak

Goizeko 10:30ean, itsasgorarekin batera, kuadrillen arteko Olarro Eguneko batel estropadak jokatuko dira Urolaren itsasadarrean. Aurrekoetan bezala, parte hartze handia izatea espero dute antolatzaileek. Parte hartuko duten kuadrilletako kideekin bilera egingo da ostegunean, 19:30ean, turismo bulegoan.