Ostegun goizaldean nahita eragindako sutea salatu dute Udal Elkarteko alderdiek

Baleike 2018ko eka. 22a, 15:16

Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten lau alderdi politikoek, EAJk, EH Bilduk, PSE-EEk eta Irabazi Zarautzek, ostegun goizaldean Zumaian nahita eragindako sutea gaitzetsi dute. Suaren ondorioz, bost edukiontzi erre zituzten.

Edukiontziez gain, Zumaiako herritar baten autoa eta etxebizitza ere kaltetuak izan dira. “Kalte materialez gain (7.000 euro inguruko kalte ekonomikoak), kasu honetan, bizilagunen bizitza ere arriskuan jarri dute eta hori onartezina da”, adierazi dute Mankomunitatetik.

Udal Elkartetik gogoratzen dute ez dela hau antzerako lehen gertakaria. “Joan den apirilaren 3an 12 edukiontzi eta maiatzaren 13an beste hiru edukiontzi erre zituzten eta ibilgailu eta etxebizitzetan kalteak eragin zituzten, bizilagunen bizitza ere arriskuan jarriz, orduan ere”.

“Urola Kostako Udal Elkartea osatzen dugun herri eta alderdi politiko guztiek, bart gaueko ekintza hau gogor salatzen dugu, izan ere, honelako ekintzak zuzenean herritarrok kaltetzen gaitu, bai ekonomikoki eta baita sozialki ere, eta ez gaituzte inora ere eramaten”, azpimarratu dute.

Bide batez, kaltetu zuzenak izan ziren bizilagun guztiei “gure elkartasuna adierazi nahi dizuegu eta honelako ekintzen aurrean ahalik eta kalte gutxien sorrarazteko neurriak hartzen saiatuko garela adierazi nahi dizuegu”.