Beste edukiontzi gune bat erre izana salatu du Udalak

Baleike 2018ko eka. 21a, 15:48

Gaur goizaldera Txomin Agirre kaiako hondakin gune bati su eman diote. Ohar baten bidez Zumaiak “gogor salatu” du gertaera hau. Gogoratu du ez dela edukiontziek jasandako lehen erasoa, “baina azkena izatea espero dugu”.

Udaletik nabarmendu dutenez, “horrelako ekintzek ez dakarte inorentzako onurarik eta kalteak guztion artean ordaintzen ditugu.  Horrelako ekintzek, gainera, herritarren segurtasuna ere arriskuan jartzen dute, ez da ahaztu behar herriko eraikin askoren egitura egurrezkoa dela”.

Udalak, beste behin, “guztionak, nahiz partikularrenak diren ondasunekiko errespetua” eskatu du. “Horrelakoek ez dute lekurik gure gizartean eta elkarbizitzaren oinarrizko printzipioak urratzen dituzte Udalaren aburuz. Gatazkak eta erasoak iraganean utzi eta bizikidetza eraikitzeko garaia da”.

Udalak gaineratu du zumaiarrak “aspertuta eta nazkatuta daudela publikoak nahiz pribatuak diren ondasunen aurka egiten diren erasoez eta horren adierazgarri dela, kasu honetan eta beste zenbaitetan, herritarrek ekintza hauek burutu dituztenak salatu eta identifikatzeko baliagarriak izan daitezken datuak eman izana”.

Egileei “errespetua” eskatu die Udalak eta gauzak egiteko eta beren aurkakotasuna edo aldarriak adierazteko beste bide batzuk erabiltzeko.