Euskaraldiaren aurkezpen ekitaldia egingo da bihar arratsaldean Kofradian

Baleike 2018ko eka. 13a, 17:50

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko den ekimena da Euskaraldia. Bertan, herrigintza eta administrazioa elkarren eskutik helduta joango dira. Zumaian, herritar batzuen laguntzarekin, proiektuaren aurkezpen ekitaldia egingo da bihar, arratsaldeko 19:30ean, Kofradiako plazan.

Euskaraldia Euskal Herri mailako ekimen jendetsua izatea espero da. Eskualdean, eta Zumaian, hasi dira dagoeneko ekitaldi horretarako prestaketan. Baina, herritar gehiagorengana iristeko, Euskaraldiaren nondik norakoak azalduko dituzte bihar egingo duten aurkezpenean.

Ekimen honen bultzatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Euskaltzaleen Topagunea dira. Euskaraldia bere oinarrian erronka bat izango da, haatik, baietz 11 egun euskaraz elkarrekin da ekimenaren leloa.

Bi motatako parte hartzaileak egongo dira Euskaraldian: ahobiziak eta belarriprestak. Lehenengoek ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta baita ezezagunei lehen hitza euskaraz egitekoa ere. Bigarren multzoko partaideek, berriz, euskaraz entzuteko prest egongo dira, nahiz eta beraiek gazteleraz zein euskaraz erantzungo duten.