11 egunez euskaraz hitz egiteko erronkari aurre egin nahi dio Euskaraldiak

baleike 2018ko urt. 25a, 17:20

Azaroaren 23tik abenduaren 3ra gauzatuko den proiektu honetan herrigintza eta administrazioa elkarren eskutik helduta joango dira. Zumaian, ekimen honen abiapuntua, anitza izango den talde eragile bat sortzea izango da.

Euskaraldia Euskal Herri mailako ekimen jendetsua izatea espero da. Hala, eskualdean ere, hasi dira pixkanaka proiektuaren lehenengo zertzeladak ezagutzen. Zumaian esaterako, Euskararen Aholku Batzordeak, lehenengo bilera irekia egin zuen atzo arratsaldean. Bertako partaidea den Antton Peñalbak kontatu zuen bezala, “hizkuntza-ohiturak aldatzeko epe luzeko lan progresiboa da, eta gainera, pertsona eta entitateen erantzukizun partekatua izango da”. Hain zuzen, ekimen honen bultzatzaile nagusiak Eusko Jaurlaritzaren Kultura eta Hizkuntza Politika Saila eta Euskaltzaleen Topagunea dira. “Aspaldiko partez, herrigintza eta administrazioa bidelagun izango dira, eta hau zoriontzekoa da, elkarren eskutik helduta joatea garrantzitsua baita”, azpimarratu zuen.

Iazko Euskararen Egunaren bueltan aurkeztu zen Euskaraldia Bilbon, eta helburu garrantzitsuenen artean, euskararen erabilera sustatzea da. Izan ere, 2016ko inkesta soziolinguistikoaren arabera, euskararen ezagutza %33,9 da, baina erabilera, aldiz, %13,4koa. “Euskararen erabilera ez da ezagutza bezain beste hazi azken urteetan. Ez dugu euskara ahoetara ekartzen”, esan zuen.

Ahobiziak eta belarriprestak

Euskal Herri mailan azaroaren 23tik abenduaren 3ra egingo den ekimena izango da Euskaraldia, baina aurretik, zenbait herrietan izan dira antzeko proiektuak. Esaterako, Lasarten, Donostiako Egia auzoan, Agurainen, Arrigorriagan... “Arrakasta izan dute, batez ere, tokian tokiko errealitatera hurbildu direlako, ekimen kolektiboa izan delako, babes soziala izan dutelako eta egiteko moduak eta prozesuak izan dutelako garrantzia”.

Euskaraldiak ez du euskara biziberritzeko estrategia definitiboa izan nahi, ez eta euskararen aldeko beste jai bat izatea. Azken helburu gisa du 365 egun euskaraz egitea. Anttonek atzo esan zuen bezala, “euskarak guztion parte izan behar duela jabetu behar gara, eta horretarako, egunerokoan eragitea da garrantzitsua. Nahiz eta zaila eta deserosoa gerta daitekeen, pertsonen hizkuntza ohiturak aldatzen saiatzea da gakoa”.

Euskaraldia bere oinarrian erronka bat izango da, haatik, baietz 11 egun euskaraz elkarrekin da ekimenaren leloa. Bi motatako parte hartzaileak egongo dira: ahobiziak eta belarriprestak. Lehenengoek ulertzen duenari euskaraz egiteko konpromisoa hartuko dute, eta baita ezezagunei lehen hitza euskaraz egitekoa. Bigarren multzoko partaideek, berriz, euskaraz entzuteko prest egongo dira, nahiz eta beraiek, gazteleraz zein euskaraz erantzungo duten.

Ekimena azaroaren amaieran bada ere, Zumaian, otsailean hasiko dira lehen pausoak ematen. Horrela, hurrengo hilabetean, euskararen inguruko hitzaldi zikloak egongo dira. Besteak beste, Imanol Azkue eta Kike Amonarriz izango dira hizlarietako bi. Hitzaldi sorta horien ondoren, anitza izango den talde eragile bat sortzeko asmoa dago. “Martxoan, herri moduan Euskaraldian izena emateko asmoa dugu, eta udaberria eta udaran, informazio eta girotze ekimenak egingo ditugu”, kontatu zuen Peñalbak. Azkenik, udazkenean, norbanakoen izen-ematea izango da. “Zumaia herri euskalduna eta euskaltzalea da, baina, agian, ez dago euskal sare garrantzitsurik. Beraz, sarea indartu beharra daukagu. Horretarako gazteen parte hartzea ezinbestekoa da, izan ere, gure herriaren kasuan, haurrak eta gazteak dira hain zuzen euskara gehien erabiltzen dutenak”, nabarmendu zuen.

Euskaren inguruko hitzaldiak

Urtero bezala, Udaleko Euskara Sailak, euskararen inguruko hitzaldi sorta antolatu du. Aurten, lau saio izango dira. Lehenengo biek hitzaldi formatua izango dute, eta beste biek aldiz, tailer formatua.

Hau da aurtengo egitaraua:

  • Otsailaren 14: Imanol Azkue.
  • Otsailaren 21: Kike Amonarriz.
  • Otsailaren 28: Prest?
  • Martxoaren 7: Goazen!