Oikiaren historia azaldu zuten atzo San Bartolome elizan

Baleike 2018ko mai. 21a, 11:05

'Oikia XIV-XXI. Historia bizia' izeneko hitzaldia izan zen atzo Oikiako San Bartolomen. Arantza Ugartek eta Pedro Etxabek egindako ikerketa entzuteko goraino bete zen eliza.

Hitzaldiaren helburuak bi ziren, lehenik eta behin, Oikiako historia luze eta ezezagunaren berri ematea herritarrei; eta bestetik, ekainaren 10ean izango den Gipuzkoako Eskola Txikien Festarako indarrak biltzea. Biak ala biak arrakastaz bete ziren. Izan ere, eliza beteta egon zen eta horrek esan nahi du interes handia piztu zuela. Haurretatik hasi eta aiton-amonetara arte, adin guztietako jendea ikus zitekeen, bertakoak edota kanpoan bizi arren Oikiarekin loturaren bat dutenak. Aspaldi elkar ikusi ez zutenak elkarrekin berriketan aritzeko ere balio izan zuen hitzorduak, jakina.
 
Datu esanguratsu asko eman zituzten Arantza Ugarte eta Pedro Etxabe hizlariek. Esaterako, Oikiari buruz agertzen den lehen idatzia 1344 urtekoa dela, edota Oikiako Eskolak 130 urte dituela gutxienez. Historiako garai bakoitzeko erronkei aurre nola egin dieten ere marraztu zuten: merkataritzarako egurrezko zubia harrizkoa egin zutenekoa, erroten inguruko industria argi-indarraren produzkiora eraldatu zenekoa...
 

Eta hori guztia entzunda, orain duten erronkarik handienaren aurrean "herri-indarra pil-pilean" dagoela sentitu zuten oikiar askok. Eskola Txikien festarako antolakuntza lanak aurrera doaz, herriko plaza itxura hartzen ari da jada eta boluntarioen zerrendak ere irekita daude. Batzordea ere buru-belarri ari dira azken asteetako lanekin.