Oikiaren historia ezagutzeko aukera izango da igandean

Baleike 2018ko mai. 17a, 21:06
Argazkia: Goiburu Behekoan egon zen lehendabiziko eskola Oikian.

Ekainaren 10ean Oikian ospatuko den Eskola Txikien festaren harira, eta motorrak berotze aldera, auzoaren historia ardatz izango duen hitzaldia eskainiko dute igandean Arantza Ugartek eta Pello Etxabek. XIV. mendetik hasi eta XX. mendera arte, Oikiak izan duen eboluzioa izango dute hizpide. Hitzaldia San Bartolome elizan izango da, 11:00etan.

Arantza Ugartek eta Pello Etxabek egindako ikerketa lanean, XIV. mendean kokatzen dira Oikiaren lehenengo aztarnak. 1344. urtean, Oikiako San Bartolome elizaren inguruko aipamenak bilatu dituzte. “Eliza egiteko komunitate baten beharra zegoen. Beraz, bazegoen herria”, adierazi du Ugartek.

Hasieratik, auzo izaera izan du Oikiak. “Zumaiako auzoa izan da ia beti. Urteetan istiluak izan zituzten zumaiarrekin. Alde ere egin zuten eta Zestoako auzo izan ziren XV. mende hasieran”, kontatu du Etxabek. “Horrez gain, XIX. mende hasieran, Oikia, Aizarnazabal, Ibañarrieta eta San Lorentek udal bat osatu zuten, eta urte batzuetan funtzionatu zuten. Azkenean, aldaketa politikoren bat egon eta Zumaiako auzo izatera bueltatu ziren”, jarraitu du Ugartek.

700 urteko historia du Oikiak, eta hain zuzen, hitzaldia prestatzerakoan urte horietan guztietan izan duen antolaketan, jabegoan, eta industrian jarri dute arreta batez ere. “Sorreratik errepidearen bi aldeetara dago eraikia Oikia. Garaian garaiko ezaugarri eta beharretara jakin zuten moldatzen. Burdinola jarri zuen Igartza familia kokatu zen bertan, eta ibaiaren ondoan, errota batekin, Mantzisidor familia egon zen. Ontzigintzara dedikatutako aktibitatea ere egon zen”, azaldu du Ugartek.

Hala ere, nekazaritza izan da betidanik auzoko motorra. “Aipatutako industrietan lan egiten zuten batzuk, aukera zuten baina garaiko ontziolak adibidez kendu eta jarri egiten ziren. Hau da, barku bat edo bi egin, eta beste toki batera joaten ziren. Urte jakin batzuetako aktibitatea izaten zen”, esan du Etxabek.

Izaera eta nortasuna

Oikiaren jabegoaren banaketa, hitzaldiaren puntu garrantzitsua izango da. Familia gutxi batzuen artean banatzen zituzten jabetza guztiak; kasu honetan baserriak. “Duela 50-70 urte arte, errenta ordaintzen ibili dira baserritarrak”, nabarmendu dute.

Kirolak eta kulturak ere garrantzia izango dute auzoaren historian. “Hor dago arraunlari oikiarrek 1931. urtean Zarautzen irabazitako bandera, eta baita Inaxi Etxabe, publikoan abestu zuen lehendabizikoetako emakume bertsolariaren historia”, esan du Ugartek.

Ikerketa prozesu honetan asko ikasi dutela kontatu dute bi hizlariek. “Oikiak bere nortasuna izan du beti. Garaian garaira egokitzen jakin du”, aipatu du Etxabek. “Horrenbeste urtean iraun duen herri batek izaera eta nortasuna duen seinalea da. Bere bidea egin du, eta gaur egun ere, nortasuna indartu egin du”, nabarmendu du Ugartek.

Ekainaren 10ean Oikian ospatuko da Gipuzkoako Eskola Txikien festa, eta eskolak izan duen indarra azpimarratu dute. Eskolaren hastapenak zein urtetan izan ziren ez dute zehatz mehatz jakin, baina badakite 1886. urtean Goiburu Behekoa dagoen tokian zela eskola. “Garai hartan eskola bertan egotea, eta eskolarizatzea oso inportantea zen”, aipatu dute.

Anekdotak eta bitxikeriak ere izango dira igandeko kontakizunean. “Gure arbasoen historiako ezagupenak handitzeaz gain, sentsibilizatzea da hitzaldiaren helburua. Sortu egin ginen, eta gauzak zailagoak zirenean garatu eta iraun egin genuen. Horretan arreta jartzea garrantzitsua da”, azpimarratu du Ugartek.