Jon Iraolak zinegotzi izaten jarraituko du, atxikitu gabekoa bezala

Baleike 2018ko mai. 18a, 11:59

Atzo izandako ez ohiko plenoko gai ordenean Jon Iraola zinegotziaren errenuntzia jasotzen zen. EAJ-PNVko zerrendan aurkeztu zen Iraolak, baina, iritzia aldatu du eta zinegotzi izaten jarraituko du, atxikitu gabekoa bezala. 

Hiru asteko epean gauzak erabat aldatu daitezke. Apirilaren 26ko udal plenoan jakitera eman zen Jon Iraola zinegotziak kargua utziko zuela, eta maiatzaren 17an egingo zen ez ohiko plenoan gauzatuko zela kargu uzte hori. Hala jasotzen zen asteartean banatutako bilkurako gai ordenean. 

Atzo goizean, baina, gutun bat bidali zuen Iraolak puntu hori gai ordenetik kentzeko eskatzen. Arratsaldean egin zen bilkuraren amaieran zen aztertzekoa puntu hori. Oier Korta alkateak zera adierazi zuen: "Bere unean [Jon Iraolak] esan zuen kargua utziko zuela. Orain beste idatzi bat aurkeztu du esandakoaz atzera egiteko eta atxikitu gabeko zinegotzi bezala jarraituko du. Sigla batekin aurkeztu zen hauteskundeetara eta berak erabaki du alderdi horretatik ateratzea. Herria izango da zinegotzi honen jarrera epaituko duena". 

Jon Iraolak ez zuen bere iritzi aldaketa azaldu. Bilkurak aztertu zituen puntuetan EAJrekin batera bozkatu zuen.

Mugimendu honen ondoren, Udal Gobernuan dagoen EAJ sei zinegotzitik bostera pasako da. EH Bilduk sei zinegotzi izaten jarraitzen du, PSE-EEk bat, eta Jon Iraola izango da 13. zinegotzia, atxikitu gabekoa bezala.