Martxoak 8

Zaintza lanei loturiko ekimena egin zuen atzo Zumaiako mugimendu feministak Malen etxearekin elkarlanean

Baleike 2018ko mar. 5a, 11:01

Martxoaren 8ko grebaren harira, zenbait ekimen egin ditu Zumaiako mugimendu feministak asteburuan. Larunbateko mural margoketa erraldoiaren ostean, atzo, Malen etxearekin elkarlanean, zaintza lanekin loturiko hiru antzezlan egin zituzten.

Martxoaren 8an planto egingo dute Malen etxeko kideek. Atzo goizean Torreberriko aterpean egin zuten ekimenean argi eta ozen esan zuten. Zumaiako mugimendu feministakoekin elkarlanean, zaintza lanetan ibiltzen diren emakumeek jasaten duten egoera salatzea izan zen atzoko ekimenaren helburua.

Hala, hiru antzezlan laburren bidez, egunerokotasunean bizitzen dituzten egoerak irudikatu zituzten Malen etxeko zenbait emakumek. Zaintza lanen ikusgarritasuna publiko egiteaz gain, emakume atzerritar horiek jasaten dituzten baldintzen salaketa azpimarratu zen. Besteak beste, asteburuak eta jai-egunak libre izateko eskubidea, zenbait lan egiteko ezetz esateko eskubidea, eta gauez atseden eta gela propioa izateko eskubidea nabarmendu zuten antzeztutako hiru performanceetan.

Horretaz gain, osteguneko greba deialdiarekin bat egiteko mezua helarazi zieten herritarrei. “Guk ere planto egingo dugu ostegunean. Zergatik? Euskal Herriko atari guztietan esklabutza egoeran dagoen emakume etorkin bat dagoelako, bizitza familian edo guk nahi dugun bezala aske bizitzeko eskubiderik ez dugulako, esplotazioa jasan eta gure potentzialtasuna garatzeko laguntzarik ez dugulako jasotzen. Arrazoi horiengatik eta gehiagorengatik ostegunean guk ere planto egingo dugu”, adierazi zuen Malen etxeko kide batek.

Feminismoaren garrantzia

Ekimenaren bigarren zatian, feminismoa lantzen duten hiru talde eragileetako hiru emakumek hartu zuten hitza. Lehenengoa hitz egiten Bilgune feministako Saioa izan zen. Emakumeen arteko elkartasunean eta enpatian jarri zuen fokoa. Bere iritziz, “emakume langileen arteko solidaritatea da guztiaren oinarria. Osteguneko grebaren prozesua ere zentzu horretan doa: emakume langileen arteko elkarlana, enpatia eta elkartasuna. Hori da gehienbat indartzen ari dena, eta baita askotariko emakumeak elkartzea. Horrela lortuko dugu bakarrik sistema kapitalista eta patriarkalari aurre egitea”.

Bigarren hizlaria Zumaiako mugimendu feministako kidea den Maitane izan zen. Azken urteetan feminismoaren inguruko mugimenduaren zertzeladak kontatu zituen. “Azken urteetan saiakerak egin dira baina ez dute forma hartu. Iazko azaroak 25aren harira jende multzo bat elkartu ginen, eta ikusi genuen bazegoela feminismoaren alde borroka egiteko interesa. Orain, osteguneko greba dela eta, definitiboa ez den taldetxo bat elkartu gara. Lanerako gogoz gaude eta ikusiko dugu zer forma hartuko duen. Herriko emakumeei parte hartzeko deialdia egin nahi diegu”.

Azkenik, Ernai gazte antolakundeko partaidea den Maider zumaiarrak hitz egin zuen. Azken lau urtetan feminismoaren inguruko prozesu batean murgilduta egon dira. “Aurten bukatuko dugu lehen urratsa, baina etengabeko prozesu bat bezala ulertzen dugu”, esan zuen. Lehen urrats hori lau kaiera formatutan egin dute. Lehenengo kaieran feminismoaren oinarriak landu zituzten, eta  bigarrengo kaieran, aldiz, historia. “Hirugarrenean eguneroko bizipenei lotutako hausnarketak bildu genituen, eta azkenekoan antolakundeko botere harremanak”.

Lehen urratsa amaituta, bi indargune izan ditu prozesu horrek: nesken militatzeko baldintzen aldaketa, eta antolakundean feminismoak hartu duen erreferentzialtasuna. Datorren ikasturtean bigarren urratsarekin hasiko dira. “Helburu bezala markatzen dugu norbanako eta kolektibo bezala feministagoak bilakatzea, eta horretarako, militante bakoitzaren iritzi eta kritika feministak garatzen joango gara”.

Erlazionatuak

BIDEOA: Lan esklabuarekin amaitu!

Zumaiako mugimendu feminista 2018 mar 04 Zumaia