Erronka soila baino askoz gehiago

Baleike 2018ko mar. 1a, 14:18

Larunbatean izango da Patxi Ardantzaren eta Julen Andikaren arteko erronka, 09:30ean hasita. Duela hilabete adostu zituzten eginkizunaren nondik norakoak, eta orain arte egin duten prestaketaren eta lagunartean sortu den giroaren inguruan  jakiteko elkartu ditugu. “Erronka bat baino gehiago, lagunartean pasatzeko egun bat izango da. Ahal den heinean, ongi pasatzera joango gara”, aitortu dute.

Jakinekoa da euskaldunak apustuzaleak eta erronkazaleak garela. Are gehiago lagunartean bada. Zurrunbilo, saltsa eta festa sortzen da horren inguruan, eta horrek partehartzaileei motibazioa ere areagotzen die.

Taberna bateko atmosfera beharrezkoa izaten da askotan apustu edo erronka bat egiterakoan. Hauen kasuan ere, hala gertatu zen. “Erronka egiteko ideia igande arratsalde batean atera zen koadrilakoak Itzurun tabernan ginela. Zein izango dek gehiago bizikletan? Eta zein, korrika? Horrela hasi ginen bata besteari animatzen, eta beno, ibilbidea eta eguna zehaztu eta aurrera”, kontatu du Patxik.

Zumaiako Triatloi Taldeko kide dira biak. Julenek urte batzuk daramatza kirol hau egiten, baina Patxirentzat zerbait berria da. Gaztetan txirrindularitzan  ibilia, aspaldian ez du kirolik egin. “Triatloiren bat egin nahi dut aurten, eta azkenean, erronka hau prestaketa gisa hartu dut. Neguan, giro honekin kosta egiten da kirola egitera ateratzera. Erronkaren aitzakiarekin errazagoa da”, esan du. “Azkenean, koadrilakoak gara, eta betiere kirola norbaitekin egitea entretenigarriagoa da. Gainera, erronkak motibazioa handitzen du”, gaineratu du Julenek.

Lagunarteko lehian aritzea ez da berria Julenentzat. Izan ere, duela sei bat urte antzeko apustu bat egin zuen koadrilako beste baten aurka. “Bizikletan Iturriotzera joan, eta handik Herniora korrika. 17 minutuko abantaila eman nion, eta 12 minutu kendu nizkion. Beraz, galdu egin nuen. Errebantxa jokatuko diodala esan diot behin eta berriz, baina ez du nahi”, kontatu du.

Kanpoko laguntzarekin

Larunbatean, goizeko 09:30ean hasiko da erronka Ludoteka parean. Lehena ateratzen Patxi izango da, eta handik bost minutura Julen. Erdoiztako bidegurutzera arte bizikletan joango dira, eta handik korrika abiatuko dira Herniorantz. “Hi bizikletan ni baino gehiago haiz! Orain, aldapan gora korrika... igual ni gehiago izango nauk”, esan du Julenek barrez. “Baina nik pisua ere gehiago zeukaat, eta hi antxumean pare igotzen haiz”, jarraitu du Patxik irribarretsu.  Bost minutuko abantaila eman dio Julenek, “mendian kenduko dioten esperantzarekin nago”, esan du.

Entrenamendu gisa, proba osoa behin egin du Patxik. Julenek ordea, bizikletako zatia bakarrik osatu du. “Zumaiako krosa egin nuen, eta hurrengo egunean erronkako ibilbidea egitera joan nintzen”, esan du Patxik. “Krosa batera egin behar geniala eta... alde egin huan! Hurrengo egunean gainera, Patxin argazkia jaso nuen Hernio puntatik esanez: hau hemen zebilek”, jarraitu du Julenek.

Hasierako erronkatik baldintza bakarra aldatu dute. Azkenean, mendira igotzeko zatian kanpoko laguntza izango dute. “Horrela, bizikleta utzi eta trantsizioa egin ondoren, pertsona bat izango dugu ondoan animoak eta ura ematen. Nire kasuan, Ion Larrañaga eramango dut”, esan du Patxik. “Orain ere fitxaje ona egin dek hik. Nik familiako norbait eramango diat: anaia edo lehengusuren bat”, gaineratu du Julenek.

Biak koadrilakoak izanik, “lagunartean ere ez da saltsarik falta”, aitortu dute. Baina faboritoez hitz egiterakoan, ez omen da inor nabarmentzen. “Lagunak ari dira apustuak egiten beraien artean, baina ez dago faborito garbirik. Antzeko apustuak daude”, aipatu dute.

Erronka amaitzeko bi ordu eta gehiagoko lana aurreikusten dute. Ondoren, koadrilan bazkaria egingo dute. “Hitz eginda gaude, eta galtzen duenak beste erronka bat botako dio irabazleari”, esan dute.

Erlazionatuak