Goikoetxeak, Lopezek eta Agirrek hartuko dute parte Mexikoko zesta denboraldian

Baleike 2018ko ots. 13a, 14:43
Argazkia: Jai Alai News

Ostegunean, hilaren 15ean, hasiko da zesta punta denboraldia Mexiko Hiriko frontoian. 20 urtez itxita egon ondoren, iaz zabaldu zuten pilotaleku hau, munduko handiena, eta aurtengoa bigarren denboraldia izango du. Parte hartuko duten artean hiru zumaiar daude: Iñaki Osa Goikoetxea, Imanol Lopez eta Cosme Agirre. 

Denboraldiak lau hilabeteko iraupena izango du, baina bitan zatituko da: Mexiko bertako pilotariek denboraldi osoa jokatuko dute; Euskal Herritik joandakoek, berriz, bi hilabete bakarrik jokatuko dituzte: otsaila-apirila edo apirila-ekaina. Guztira 164 partida eta 126 kiniela jokatuko dira. Jaialdiak ostegunetan, larunbatetan eta igandetan jokatuko dira eta hiru izango dira jokatuko diren sariak, horietatik bi nazioarte mailakoak.

Esan bezala, hiru zumaiar izango dira lehian. Goikoetxeak bi hilabeterako fitxatu du, Cosme Agirrek profesional bezala debutatuko du, eta Mexikon bizi den Imanol Lopezek denboraldi osoa jokatuko du. Goikoetxeak denboraldiko lehen zatia jokatuko du, eta Agirrek bigarrena.