Cosme Aguirre: “Nire helburua, esperientzia bizitzeaz gain, ikasten jarraitzea da”

Baleike 2017ko abe. 13a, 17:13

Bederatzi urte zituela hasi zen zesta-puntan Cosme Aguirre (Zumaia, 1997). Hasi eta bi hilabetetara Odieta frontoia bota egin zuten. Ondorioz, Getariara eta Donostiara joaten zen entrenatzera. Zailtasunak izan ditu bidean, baina 20 urterekin, profesional mailan debutatzeko aukera izango du datorren denboraldian Mexikon.

Duela hilabete baino gutxiago jaso zuen Mexikora joateko deia Aguirrek. Berez, beste plan batzuk zituen, baina ez du aukera hau galdu nahi. “Irailean Miamira joatekotan ginen lau puntista gazte, baina bisa ukatu ziguten. Orain Mexikoko frontoiak eskaintza egin digu, eta aukera aprobetxatuko dugu”, kontatu du.

Atzerrira, Filipinetara kasu hartan, joateko lehen aukera 16 urterekin etorri zitzaion. Orduan, batxilergoko ikasketak hasi berriak zituen, eta entrenatzaileak ikasten jarraitzeko gomendatu zion. Batxilergoa amaitu, eta robotika ikasketak egin ditu azken bi urte hauetan. “Iaz Mexikora joateko deia jaso zuen, baina nahiago izan nuen ikasketak eta praktikak amaitu”, aitortu du.

Hala, berriro eskaintza jaso duenean ez du zalantzarik izan. “Hasieran Miamira joateko ilusioa nuen eta dena zapuztu zen. Ez aurrera eta ez atzera gelditu nintzen. Txikitatik izan dut gogoa atzerrira joateko, entrenatzen ere horretarako ibili naiz. Beraz aukera hau oso ona da niretzat”, gaineratu du.

Mexiko Hirian aurkitzen da frontoia, eta bertara joango da apirilaren erdi aldera. “Astebete utziko digute hara ohitzeko. Gero 25ean hasiko da denboraldia”. Bi hilabete iraungo du Mexikoko denboraldiak, eta astero bi partida izango dituzte. Iaz hasi ziren zesta-punta indarberritzeko eta bultzada emateko lanean. Nahiko ongi atera zen, eta hurrengo urtean jarraitzeko asmoa azaldu dute, nahiz eta aurrekontua baxuagoa izan. “Hastapenetan dago, esperimentu bezala hasi ziren, baina oraindik ere ez dago aurrekontu askorik”, kontatu du.

Miamin ez bezala, ez da kiniela sistemaren bidez jokatuko Mexikoko txapelketa. “Denok denon kontra lehiatu eta final aurrekoak eta finala jokatuko dira”. Aguirre bera izango da frontoiko gazteena eta berarekin batera, dagoeneko beteranoak diren Eguiguren, Irastorza, Olharan eta Imanol Lopez zumaiarra izango dira, besteak beste. “Imanol hartu dute karteleko izar moduan, eta berarekin egin dute publizitate guztia. Ezagun asko doaz, beteranoak, gehienak. Hauekin jokatuta dut aurretik, azkenean gutxi gaude zesta-puntaren munduan, eta denok ezagutzen gara elkar. Beraiekin entrenatu dut, eta izugarria da”, nabarmendu du.

Euskal Herriko egoera

Zesta-puntan hasi zenetik, hainbat zailtasun izan ditu Aguirrek bere ibilbidean. “Lehenengoa, frontoia kentzea izan zen. Ondorioz, beste herrietara mugitu beharra izan genuen. Egia esan, gurasoen laguntza eta bultzadarik gabe, ez nintzen hemen egongo. Askok utzi izan dute horregatik”, esan du.

Horretaz gain, kirol honen egoera ez da askoek nahi duten bezain ona hemen. “Orain dela gutxi, gazteok bertan jokatzeko aukera izan dezagun, enpresa txiki bat zabaldu da. Ematen du zerbait egiteko gogoa dagoela. Beraz, gogoa jartzen bada eta gauzak ongi egiten badira, indarra hartuko du berriro ere kirol honek Euskal Herrian”, azpimarratu du.

Beste bi anaia gazteagoak ditu Aguirrek, eta biak ibiltzen dira zesta-puntan. Belaunaldi berrietan ikusten du etorkizuna. “Nire adineko jende gutxi gelditzen da Zumaian, eta baita orokorrean ere. Hemen, frontoi berriaren irekierarekin, haur eta gazte berri asko hasi da eta pozgarria da. Txikietan etorkizuna dago, hauek mailaz igotzen direnean ikusi behar da zer gertatuko den. Azkenean, Zumaian, kirol aukera asko dago, eta askok zesta-punta ez den beste kirol bat aukeratzen dute zaharragoak egiten direnean”, adierazi du.

Ilusioarekin eta gogotsu dago esperientzia berriaren aurrean. Gurasoak ere pozik daude. “Beti ibili gara horrelako aukera baten bila, eta orain, aprobetxatzeko garaia da. Hara, esperientzia bizitzera, eta batez ere ikastera joango naiz. Bi hilabete dira bakarrik baina asko ikasten omen da kanpoan, beraz, hori izango da nire helburua”.