Karroza berriak Errege Magoen Kabalgatarako

Baleike 2018ko urt. 3a, 12:26
Errege Magoak belaontzian etorriko dira Zumaiara. Argazkia: Gorka Zabaleta

Hiru Errege Magoek karroza berriak izango dituzte herriko kaleak zeharkatzeko. Gameluak ere izango dira, baina opariak garraiatzeko. 200 bat lagun ari dira lanean ostiraleko Kabalgata ondo atera dadin. 

Opariekin gertatzen den bezala, eguna iritsi arte itxaron beharko da karroza berriak ikusteko. “Ezin ditugu aldez aurretik erakutsi, magia galduko luketelako. Sorpresa bat izatea nahi dugu. Baina, ezkutuan egindako lanak bere aitortza merezi du”, azaldu du Zumaiako kultura teknikari Miriam Romatetek. “Lan talde bat aritu da jo eta su, sekulako lana egin dute, ilusio handiarekin, eta emaitza ederra da. Ikusiko duzue”.
 
Txepetxa elkarteak Kabalgata antolatzeko ardura utzi eta Udalak hartu zuenetik gameluan egin izan dute Errege Magoek ibilbidea. Aurten ere izango dira gameluak, baina opariak garraiatzeko. “Errege Mago bakoitzak aurten bere karroza izango du. Urtero diseinua aldatuko diegu, baina oinarri berbera erabilita. Oinarri berriak enkargatu ditugu aurten, neurri eta molde berekoak, urtero dena berria egiten ibili behar ez izateko”. 
 
Karrozak diseinatu eta prestatu dituen lan taldeaz gain, asko dira Kabalgata aurrera ateratzeko lan egiten duten herritarrak. “Jaiotzako taldea, eskoletako ikasle taldea, Oikiako eskola txikiko taldea, musika banda, danbor-joleak, belaontziko lagunak ... 200 bat lagun izango dira guztira”, kontatu ditu Romatetek. Kultura zinegotzi Jon Iraolak goraipatu eta eskertu egin du herritarren inplikazioa: "Izugarria da Kabalgata antolatzeko dagoen lan taldea, eta zer ilusioarekin egiten duten lan. Udalak berak bakarrik ezingo luke hau aurrera atera, eta zentzua ere galduko luke herritarren parte-hartzerik gabe. Jende honek benetan bizi du Kabalgata, ordu piloa egin dute lan dena prestatzeko, eta niri eskerrak eman baino ez zait gelditzen, Udalaren izenean".
 
Esate baterako, Kabalgatako erromatarrak, kriseiluak eta zuziak eramaten dituztenak eta altxorra gordetzen dutenak Zumaiako Herri Eskolako eta Maria eta Joseko DBH4ko ikasleak dira. Jaiotza antolatzeaz arduratzen den lan talde bat ere badago, aurten Oikiako Eskola Txikiko taldearen laguntzarekin. “Jaiotza muntatzen laguntzeaz gain, Kabalgatan bertan segurtasun lanak egingo ditute Oikiako Eskola Txikikoek”. Xanti Osaren belaontzia ere garrantzitsua da Errege Magoak Zumaiara itsasoz iristen direnetik. Argiz apaintzen dute, errioan gora itsas kiroldegiraino egiten duen bidean urrutitik ikus dadin.
 
Erromatarren jantziak prest daude ostiraleko Kabalgatarako.
 
“Makilajeaz eta jantziez arduratzen den lan taldea ere aipatu nahi dut. Ez dira Kabalgatan ateratzen, baina hauen lana ere garrantzitsua da denek itxura egokia izan dezaten”, azaldu du Romatetek. 
 
Hainbeste lan egin eta gero, ordea, antolatzaileek badute kezka bat: eguraldia. “Egia esan, iragarpena ez da batera ona, eta pena handia izango litzateke dena bertan behera utzi behar izatea. Azken unera arte itxarongo dugu eta Kabalgata ezin bada egin bere horretan, pentsatuko dugu beste aukeraren bat ba ote dagoen”. Hitzordua betetzen bada, ostiralean, 18:30ean abiatuko dira Errege Magoak belaontzian itsas kiroldegirantz. Aldez aurretik, San Juan Egoitzara, Otezurira eta Eguneko Zentrora, eta eskatzen duten gaixoen etxeetara egingo dute bisita. Haurren bat gaixorik egonez gero eta Erregeen bisita nahi izanez gero, eskaera 943-861056 telefonora deituta egin daiteke, edo kultura@zumaia helbidera idatziz.
Kabalgatako ibilbidea.