Urolako bidegorria amaitzeko borondate politikoa eskatu dute ehundaka herritarrek

Baleike 2017ko urr. 28a, 14:48

Ehundaka lagun bildu dira gaur eguerdian Arroa Behean, Iraeta eta Zumaia artean falta den bidegorri zatia eskatzeko. Zumaiatik jendetza abiatu da Beheko plazatik Arroako autopistako biribilguneraino, han Zestoatik abiatutako lerroarekin bat egiteko. 

Arroa Beheko herritarrek bultzatuta, Zumaiako eta Zestoako ehundaka lagunek bat egin dute gaur bidegorriaren aldarrikapenarekin, onura denontzat izango dela sinetsita. Autopistako biribilgunean batu dira, Arroako batukadaren erritmoak erakarrita, eta hantxe irakurri dute erakunde publikoei zuzendutako mezua. Inguruko udalerriei, Zestoakoari bereziki, hitzez bat egiteaz gain, ekintzez ere bidegorriaren alde lan egiteko eskatu diote; eta Aldundiari, ager dezala borondate politikoa eta jar dezala behingoz bidegorria amaitzeko behar den dirua.

Gaurko deialdi arrakastatsua eta gero, azaroaren 8ko data dute orain begiz jota arroarrek. Orduan aurkeztuko ditu Aldundiko Mugikortasun Sailak 2018rako aurrekonturako egitasmoak, eta orduan zabalduko da alderdien artean eztabaidatzeko eta adosteko aukera. Arroako bidegorri zatia aurrekontuetan jasotzeko ahaleginak egingo dituzte herritarrek, eta lan horietan lagungarria litzateke inguruko udalerrietako herri ordezkarien inplikazio irmoagoa.