"Bidegorria bailara osoarentzat da, ez Arroarentzat bakarrik"

Baleike 2017ko urr. 25a, 09:42

Brinkolatik Zumaiara, Aizkorriren magaletatik Itzurunera; 45 kilometro inguruko bidea bizikletaz egin ahal izateko Arroa Beheko tartea osatzea baino ez da falta. Azken hilabeteotan egin diren aurrerapenak kontatu eta mezu bat eman digute arroarrek: batu herri guztiak eskaerara, onura denontzat izango da eta.

(Erreportaje hau uztaila-abuztuko Baleike aldizkarian argitaratu zen)

Narrondotik Arroa Beheko bidegurutzera 500 metro eskas daude, baina arriskuz betetako errepide zatia da: bazterretan ez du tarterik, kotxe asko ibiltzen dira, espazio itxia eta ikuspegi motzekoa da, eta bidegurutzea ere nahikoa gaiztoa. "Arroako haur asko joaten dira Zumaiara, kirola dela edo eskolaz kanpoko ekintzak direla; baina ezin ditugu bizikletaz edo oinez bidali, herriguneraino bizpahiru kilometro baino ez diren arren. Kotxez eraman behar izaten ditugu".

Arroa Beheko auzo elkarteko kide dira Joxemari Manzisidor, Pili Perurena, Ainitze Egaña eta Joseba Ossa. Azken hilabeteotan nahikoa lan izan dute auzoan eskola txikien jaia antolatzen, baina atera dute denbora bidegorria lortzeko borrokan urrats garrantzitsuak egiteko. Aldundiarekin eta Batzar Nagusiekin hartu-emanak izan dituzte, eta dagoeneko Arroako bidegurutzean biribilgunea egiteko lehen pausoak eman ditu Aldundiak. "Orain falta zaiguna da hurrengo aurrekontuetan konpromiso zehatzak hartzea, bai Narrondotik Arroarako bidegorri zatia exekutatzeko, bai Arroatik Iraetarainoko zatiaren proiektua idazteko".

Gogoratzen dutenez, hogei urte izango dira hitz egiten hasi zirela bide egokiagoen premiaz, "Tellenditik auzora", adibidez; baina 2014tik aurrera hartu zuen benetan indarra bidegorriaren eskaerak. Izan ere, 2014ko uztailean inauguratu zen Zumaiatik Narrondorainoko bidegorri zatia, eta proiektuak aurreikusten zuen bigarren fasean lotuko zituztela Narrondo eta Arroa Behea. "Ikusi genuen gutxi falta zela bidegorria osatzeko, azken urratsa baino ez. Zumaiarekin lotzeko 500 metro falta zaizkigu; eta bailaran gora, Iraetarainoko hiru kilometroak prestatuz gero, Legazpiraino dago bidea". 

Bideak eta biribilgunea, bi eskaerak uztartu zituzten auzokideek 2014an, arazoa bere osotasunean konpontzeko biak hartu behar zirelako kontuan. 350 bat sinadura bildu zituzten (500 bat biztanle dauzka Arroa Beheak) bidegorria eta biribilgunea eskatuz, eta Aldundira bidali zituzten, orduko Zestoako alkateordearen bitartez. "Orduan Bildu zegoen Aldundian, haiekin ere hitz egin genuen, eta jarrera nahiko ona agertu zuten bidegorria amaitu eta biribilgunea egiteko".

Gipuzkoako bidegorri sarea

Gipuzkoako Foru Aldundiak diseinatuta dauka lurralde osorako bidegorrien sarea. Bi bide nagusi pasatzen dira Arroa Behetik: kostaldekoa, Donostiatik Mutrikura doana; eta Urola bailara lotzen duena. Ibilbideen diseinuak egin ziren bere garaian; Narrondotik Arroa Behera falta diren 500 metroen proiektua 2013an idatzi zen, ibilbidea diseinatuta dago eta aurrekontua zehaztuta ere bai: 710.000 euro inguru, bere garaian. Gainera, Aldundiaren planak dio du 2021a baino lehen egin beharreko zatia dela."Zati hori egiteko dirua jartzea baino ez da falta. Borondatearekin, berehala egin daiteke", diote auzokideek.

Beste zatia, Arroa eta Iraeta artekoa, Urolako bide berdeari dagokio –bide berde deitzen zaie utzitako trenbideak erabiltzen direnean–. Legazpitik abiatzen da eta bakarrik falta da Arroa Behea Iraetarekin lotzea, hiru kilometro inguru. "Lasaoko zatian ere zerbait egin beharko litzateke; errepidea gurutzatu behar da eta kotxeak azkarregi dabiltza, 50 km/h-ko muga dagoen arren. Baina berez Arroako zatia baino ez da falta". Arroako auzokideen proposamena da trenbide zaharra erabiltzea. Auzoarekin lotzeko, estazioko aldapatik errepidera jaitsi eta han semaforoak eta zebrabidea jartzea, autobusentzako geltokiak dauden inguru horretan. "Semaforoa eta zebrabidea behar dira han, kotxeak abaila handian ibiltzen baitira. Horixe da aukerarik errazena eta merkeena gure iritziz". 

Zati hau landu gabe dago, ez dago proiekturik, eta Aldundiko planaren lehentasunetan ere atzerago dago berez. Baina, aurreko Aldundiak konpromisoa hartu omen zuen lanean hasteko. "200.000 euro inguru gorde zituzten Iraetako tunela konpontzeko. Erorita dago eta hura da arazorik handiena. Baina gobernu aldaketarekin konpromisoa bertan behera gelditu zen. Guk eskatzen duguna da Narrondotik Arroa Behera falta den zati hori exekuta dezatela lehenbailehen, eta bestea lantzen has daitezela, proiektua idatzi eta egin beharreko aurre lanak martxan jartzeko. Diru gutxirekin egin daitezke bi zatiak eta bailara osoa lotzea lortuko litzateke".

Bidegorriaren onurak, bailara osoarentzat 

Iazko udazkenetik indar handiagoz aritu dira lanean bidegorriak lortzeko. Urrian, Arroatik Zestoara martxa antolatu zuten gaia berriro mahai gainean jartzeko; azaroan, Zestoako Udalak bidegorriaren aldeko proposamena onartu zuen ahobatez; eta abenduan, Zestoako alkatearen bitartez bailarako beste alkateei bidali zitzaien gutuna babes eske. Baina auzotarrak ez ziren hor gelditu. Eskumenak Aldundiak dituenez, haiengana ere iritsi nahi zuten. "Erabakiak hartzen dituztenekin bildu nahi genuen, gure eskaera lehen eskutik ezagutzea nahi genuen". Saiatu ziren mugikortasun diputatu Marisol Garmendiarekin (PSE) biltzen, baina batzar hartara Zestoako alkatea joan zen azkenean.

Ez zuten etsi, eta azkenean Gipuzkoako Batzar Nagusietako mugikortasun batzordera joateko gonbitea lortu zuten, Jon Albizu (EH Bildu) batzarkide zumaiarrak egindako gestioari esker. Dozena bat lagun joan ziren, martxoaren 30ean. "Aurkezpen bat prestatu genien, bideo bat ere bai, ikus zezaten hemengo egoera zein den. Agerraldia oso ondo joan zen, alderdi guztiek onartu zuten eskaera logikoa dela eta ikusi zuten onura bailara osoarentzat dela. Gure mezua garbia izan zen: eskaera hau ez da soilik Arroaren mesederako, bailara osoarentzat baizik; azken finean, Aizkorriren magala hondartzarekin lotzeko aukera da eskatzen duguna. Argudio horrekin lortu genuen alderdi guztien oniritzia".

Bidegorriak auzoari mesede handia egingo lioke, hori ez dute ezkutatzen. "Eguneroko bizitzan, alde handia izango litzateke. Gaur egun derrigor kotxea erabili beharra dago, Zumaia bertan egonda ere, errepide zati hori oso arriskutsua delako eta bazterrean tarterik ez dagoelako. Haurrak eta gazteak ezin dira beraien kabuz joan Zumaiara, beti kotxez eraman behar izaten ditugu. Bidegorriarekin, salto batean leudeke, oinez edo bizikletaz, eta beraien kabuz joateko batere arriskurik ez". Baina azpimarratzen dute beste hainbat onura izango lituzkeela, bailara osoarentzat. "Turismoaren ikuspegitik, baliabide bat gehiago litzateke, kostaldea barrualdearekin lotzeko modu bat. Zumaiara doazen turistak bizikletarekin Ekainberrira edo Loiolara joateko aukera. Kanpotar asko ikusten dira Zumaian, autokarabanarekin, atzean bizikletak dauzkatela, baina Zumaiatik mugitzeko aukera eroso eta segururik ez dago. Zumaiarrak ere Arroara, Iraetara, Zestoara errazago iristeko; barrualdetik hondartzara joateko; edota, lantokietara joateko, kirola egiteko... Hamaika aukera zabalduko lituzke".

Ezustean, biribilgunea

Beste borroka da biribilgunearena. Bi eskaerak lotuta ikusi dituzte beti, baina Zestoako Udalak zailtasunak ikusten zituen bi eskaerak aldi berean bideratzeko. "Aholkatu ziguten bereizteko, departamentu ezberdinen ardura direlako, bidegorria mugikortasun sailarena eta biribilgunea errepideena; teknikoki eta prozedura aldetik ere oso lanketa ezberdina eskatzen omen dute". Horrela, bidegorriari heldu zioten eta biribilgunea pixka bat alde batera utzi, konplexuagoa zelakoan.

Bada, otsailean, ezusteko ederra jaso zuten. "Jakin genuen Eusko Jaurlaritzak biribilgunearen proiektua landu duela bere kabuz, bidegurutze hori puntu beltzen artean duelako. Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak badu ekintza plan bat herri txikietako arazoak aztertzeko. Urtero udalerri bat aukeratzen dute lurralde bakoitzeko, eta Gipuzkoan Zestoa aukeratu dute aurten; eta Zestoatik zer aukeratuko eta, Arroako bidegurutzea eta bainuetxeko errepide zatia". Baina hori bakarrik ez... "Arazoa aztertzeaz gain, hiru proposamen landu dituzte, eta horien artean dago guk behin eta berriro eskatu izan dugun biribilgunea". Biribilguneaz gain, autobusen geltokiak dauden pare horretan semaforoa eta zebrabidea aurreikusten ditu Jaurlaritzak.

Batzar Nagusietan egin zuten bilera hartarako argudio indartsua zen hura, eta ederki baliatu zuten. "Jakinarazi genien Jaurlaritzak ere begiz jota zeukala arazoa eta konponbidea ere landuta zeukala. 'Gu ari gara hau eskatzen, baina jakin ezazue Jaurlaritza ere, bere kabuz, ondorio berberera iritsi dela'. Indar handia eman zigun argudio horrek". Batzar hartan alderdi guztiak ados azaldu ziren eskaerarekin, eta arroarrek aukera baliatu zuten PSEko batzarkide Aitor Gonzalezekin harremana egiteko. "Planteatu genion bilera nahi genuela Marisol Garmendia mugikortasun diputatuarekin eta Iñaki Prego zuzendariarekin". Bilera bideratzekotan gelditu zen Gonzalez.

Aldundia Arroara bisitan

Batzar Nagusietan egon ondoren, maiatz amaieran izan zuten hurrengo hartu-emana Aldundiko ordezkariekin. "Donostiako San Telmo museoan antolatu zuten mugikortasunaren inguruko hitzaldi batera joatea erabaki genuen, Aldundiko arduradunak bertan topatu eta harremana mantentzeko aukera ona izan zitekeelakoan". Eta egun hartan, berriro espero gabeko albistea biribilgunearen inguruan: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu zen Arroa Beheko biribilgunearen proiektua idazteko lehiaketaren iragarkia. "Horrek esan nahi du datorren urtean edo hurrengoan biribilgunea egingo dela".

San Telmo museoko hitzaldi hartan, publiko artetik hitza eskatu eta Arroa Beheko kasuaren berri emateko aprobetxatu zuten auzokideek. "Hitzaldia amaitu zenean, guregana gerturatu zen Garmendiaren aholkularietako bat, gure berri bazutela esanez. Berriro eskatu genion bilera egin nahiko genukeela, gaiaz hitz egiteko. Proposatu ziguten bilera egin aurretik Arroara etorriko zirela, egoera bertatik bertara ezagutzeko".

Ekainaren 9an joan ziren Aitor Gonzalez batzarkidea eta aholkulari bat Arroara. Dena erakutsi zieten. "Segituan jabetu ziren Narrondotik Arroarako errepide tarte hori zer arriskutsua den. Agotetik erakutsi genien trenbide zaharra, eta Iraetan ere izan ginen". Biribilgunearen proiektua idazteko lehiaketa martxan zela gogorarazi zieten auzokideek Aldundiko ordezkariei. "Erantzun zigutenez, ingeniariarekin hitz egin dute proiektua diseinatzerakoan bidegorriarentzat egin beharreko lotura eta pasabidea kontuan izan ditzaten, lanak aurreratzeko".

Horiek izan dira azken hilabeteotan izan dituzten hartu-emanak eta egin diren aurrerapausoak. Biribilgunearen proiektua bideratuta dago eta badirudi aurrena hura egingo dutela. Bidegorriarentzat lotura eta pasabidea aurreikusten badituzte, lanak asko erraztuko dira aurrera begira. "Orain mugikortasun sailaren erantzunaren zain gaude. Dena den, guk badakigu uda ondoren hasiko direla datorren urteko aurrekontuak lantzen, eta hor lortu nahi ditugu konpromisoak. 2018ko edo beranduenez 2019ko aurrekontuek jaso dezatela Narrondotik Arroarainoko zatia egiteko, eta Arroatik Iraetarainoko zatiaren proiektua idazteko behar den dirua". 

Harremanetan hainbeste aurreratuta, aurrerantzean ere konpromiso zehatzak lortzeko lanean segituko dute auzotarrek. Eta lantegi horretan, ezinbesteko ikusten dute bailarako gainontzeko herrien bultzada: "Guk badugu lana bailara mailan jendea mugiarazteko. Iazko martxan izan ziren Zumaiako batzuk, baina batik bat Arroa Behekoen martxa izan zen, eta Zestoara iritsi ginenean ere bazirudien ez zela haien kontua. Ez dute orokortasunean ikusten. Bailarako jendea mentalizatu behar dugu. Bidegorria bailara osoarentzat da, ez Arroarentzat bakarrik". 

Bidegorria nondik?

Bidegorriaren ibilbidea proiektuan zehaztuta dago. 2013an diseinatu zuen Altair enpresak, Aldundiak eskatuta. Narrondotik abiatuta, butano biltegia pasa eta tren zubia baino lehen, errekaren bestaldera pasatzea da asmoa, zubi txiki batetik. Maldan gora egiten du han, eta Bombas Azkue enpresaren atzealdetik iristen da bestalderaino, errepide ertzeraino. Berez, errazena litzateke errekaren gainetik boladizo bat egitea, baina Uren Agentziak ez du onartzen. Azkueren atzetik diseinatutako hori da onartuta dagoena. Gero, soluzionatu beharrekoa da nola gurutzatu biribilgunea eta nola iritsi bestaldera. Txikierdin, adibidez, lur-azpitik pasatzen da. 

Erlazionatuak