Helene Alberdi: “Triatloia egiteko arantza kendu dut eta ondo nabil. Zer gehiago eska nezake?”

Baleike 2017ko urr. 5a, 12:08

Bilbon jaioa, Zumaian bizi da Helene Alberdi triatleta. Orain arte gutxi Euskadiko txapelketa irabazi zuen distantzia olinpikoan eta hilaren 22an Ibizan jokatuko den triatloira joateko asmoa du. Iraileko Baleike aldizkarirako elkarrizketatu genuen eta orain webgunera ekarri dugu. 

Irailaren 2an korritu da aurtengo Zumaiako Triatloia. Parte-hartzaileen artean izan da Helene Alberdi triatleta eta esprint distantziako proban irabazlea izan da. Hiru urte daramatza triatloi munduan eta jokatu dituen azken probetan maila oso onean aritu da eta emaitza onak lortu ditu. Kirolari amateurra, igerilari ohia, triatloia medikuntzako prestakuntzarekin uztartzen du. Oraingoz ez du kirolari profesionala bihurtu nahi eta asebetetzen duen bitartean jarraituko omen du kirol hau praktikatzen.

Helene Alberdi orain 26 urte jaio zen Bilbon. Bizkaiko hiriburuan bizi izan da 20 urte zituen arte, baina, gaur egun, Zumaian bizi da. Zumaiara txikia zenetik etorri izan dela adierazi zigun uztailean egindako elkarrizketan. “Betidanik etorri izan naiz Zumaiara. Udan asteburuetan, Aste Santutan eta Gabonetan etortzen nintzen. Igeriketan hasi nintzen eta horregatik gero eta gutxiago etortzen hasi nintzen, baina uda garaian beti”.

Mediku izateko ikasketak egin ditu, eta, gaur egun, mediku egoiliarra da Zarauzko anbulatorioan eta Mendaroko ospitalean, “lana eta formakuntza nahastuta. Zarauzko anbulatorioan egiten dut lan, eta, gero, guardiak Mendaron”. Familiako mediku izateko ikasketak egin ditu, baina bere ametsa kirol medikuntzan jardutea izango litzateke. “Hala, lana eta afizioa bateratuko nituzke”. 

Izan ere, kirolari porrokatua da Helene Alberdi. Txikia zela igeriketan aritu zen eta azken hiru urte hauetan triatloira bideratu du bere kirol jarduera. Donostiako Yepa Triatloi Taldean dago federatuta, baina taldearekin ez du konpromisorik. Kirol honetan erabiltzen duen materiala, berez nahikoa garestia, bere poltsikotik ordaintzen du. Berekin ekarri zuen bizikleta bere lehen soldatarekin erosi zuela esan zigun. “Koadroak bakarrik 5.000 euro balio zuen eta atzeko gurpilak 800 euro. Aurreko gurpilarekin batera erosi nuen 1.500 euroan”.

Triatleta bezala ezagutzen zaitugu. Aurretik beste kirolik egin al duzu?

Kirolzalea betidanik izan naiz. Medikuntzako karrera hasi nuen arte igerian ibili nintzen, baina, behin ikasketak hasi nituenean, ezin nuen maila horretan segi eta utzi egin nuen igeriketa. Karrerako azken urtea lasaiagoa zen eta berriro kirolera itzultzeko gogoa nuen. Hasieran, igeriketara itzultzea pentsatu nuen, baina triatloia beti izan dut buruan. Ez nuen inoiz probatzeko aukerarik izan; probatu nuen eta gustatu egin zitzaidan. Aurtengoa hirugarren denboraldia izango da.

Triatloian dabilen jende asko ez da triatloian bertan hasi. Beste kirol batzuetatik datoz. Igeriketa, arrauna, futbola...

Nire kasuan, ezin dut esan igeriketatik pasa nintzenik triatloira. Igeriketa egin nuen, gero bost urte egon nintzen ezer egin gabe eta horren ondoren hasi nintzen triatloian.

Oker ez bagaude, debuta 2014ko Zumaiako Triatloian egin zenuen.

Aurretik txiki bat eginda nuen, emakumeentzako bat, baina, bai, bestela lehen triatloia Zumaiakoa izan zen, herrikoia. Horren ondoren hasi nintzen serio entrenatzen.

Herrikoian, igeriketan zenuen esperientziagatik, agian, lehen proba laburra egingo zitzaizun eta beste biak gogorrak.

Igerian aurretik atera nintzen. Gero, bizikletako sektorea izan zen. Ez nintzen hor ona kontsideratzen, baina txarra ere ez. Gogoan dut, amaieran, lagunek uste zutela erori egin nintzela proba horretan, denbora asko galdu nuelako. Hor ikusi nuen txirrindularitzan txarra nintzela! Korrikan, gero, ondo aritu nintzen, baina sentsazioa izan nuen triatloia ez zela niretzako moduko kirola. Beherakada izan nuen hor.

Triatloian debuta egiten duten askoren sentsazioa izaten da igeriketan oso gaizki aritzen direla. Zuk, berriz, hori gaindituta duzu.

Triatloia egiten duen batentzat igeriketa da zailena; teknikoena da eta hor pasatzen dute gaizkien. Nik igerian egin badut ere, igeriketan pasatzen dut okerren; nahiago besteak egin hori baino. Agian presio handiagoa dut aurretik atera behar dudalako. Baina, egia da, baita ere, igeriketan ateratzen direla alde txikienak. Igerian 700 metrotan minutu bat ateratzea asko da eta bizikletan minutu bat ez da ezer. Bizikletan ez bazara ondo ibiltzen, bizikletara igo zarenerako aldea kendu dizute. 

Lehen proba hori gogorra izango zen zuretzat. Baina zerbait polita ere aurkituko zenuen, jarraitu egin zenuen eta.

Triatloian hasi aurretik arantza hori sartuta nuen. Triatloiak ikusten nituen, gustatu ere bai, baina ez nuen hasteko momenturik aurkitzen. Galdutako aukera bat bezala ikusten nuen. Hasi nintzenean, ikusi nuenean gai nintzela eta, gainera, emaitza onak lortzen nituela, hor engantxatu nintzen. Motibatu egin ninduen, gehiago entrenatzen hasi nintzen, jendea ezagutu nuen eta mundu horretan sartzen joan nintzen pixkanaka.

Utzitako bizikleta batekin hasi al zinen? Edo erosi egin zenuen?

Aitarena zen Zeus bizikleta zahar batekin hasi nintzen. 20 urtetik gora zituen bizikleta hark. Harekin hasi nintzen, baina duatloietarako Ainhoa Muruarekin entrenatzen hasi nintzenean, Jon Unanueren bitartez, bizikleta bat erosi nuen. Gero, ikusi eta ikasitakoarekin hasi nintzen materiala lortzen.

Materiala hitza agertu da. Garbi dago triatloia kirol garestia dela.

Oso garestia da. Ni orain ari naiz emaitza onak lortzen eta diru bat irabazten. Baina, hala ere, dirua galtzen ateratzen naiz. Igerian aritzeko kiroldegiko txartela atera behar duzu. Neoprenoko jantzi txukun batek 400 euro balio du, bizikletak 2.000 eta 4.000 artean daude eta kabra bat 6.000. Bizikletako pieza bat hautsi eta mekanikoari deitu behar bazaio, 50 euro joaten zaizkizu. Gero, triatloietan parte hartzeko ordaindu behar da. Zarauzkoan parte hartzeko 120 euro ordaindu behar dira. Ironman batean pentsatzen baduzu, 500 euro. Ostatuak, bidaiak... negozio bat da.

Federazioko bilera batean entzun nuen triatleta bakoitzeko urteko gastua 2.000-3.000 eurokoa zela.

Nik gehiago esango nuke. Kopuru hori erraz joaten da denboraldian. Gero, eroriko bat duzula, gurpilak aldatu nahi dituzula, kanpora joan nahi duzula lehiatzera, azkenean kopuruak joan egiten dira.

Zure kasuan, maila on bat lortuta, laguntza txiki batzuk, behintzat, izango dituzu.

Ez, ez. Une honetan ditudan diru sarrera bakarrak karreretan lortzen ditudan emaitzengatik datozenak dira. Ez dut ez babeslerik, ez ezer ere. Triatloia niretzat hobby bat da eta hortik etortzen den dirua horretarako erabiltzen dut. Baina, aurrean ibilita ere, diru galerak izaten dira.

Ez al daukazu babesle baten bila hasteko gogorik?

Oraingoz lau urteko erresidentzia egiten ari naiz. Lanbide honetan zentratu nahi dut eta dudan denbora librea entrenatzera eta lehiatzera dedikatu. Babesle bila aritzeko gehiago mugitu behar zara eta kirolean zentratu. Une honetan badut beste diru sarrera bat eta gaur bezala jarraitzeko aukera ematen dit horrek.

Triatloian, beste kiroletan bezala, gero eta emakume gehiagok hartzen du parte.

Bai. Ni orain gutxi hasi naiz eta ez dut eboluzio hori ikusi. Baina, Ainhoarekin hitz eginda, esaten zidan hasi zenean hiruzpalau neska izaten zirela. Orain, alde handia egonda ere, diferentea da. Gehienbat, Zumaian. Ibilbide laua da, errazagoa, eta neska asko animatzen da. 

Zarautzen ere bai. Triatloi luzeetan ere ikusten da hori.

Hala ere % 20ra ez da iritsiko, baina, bai, asko hasi da.

Hori pozgarria izango da, ezta?

Bai, bai. Nik uste beldur hori dagoela, ez garela gai izango halako proba bat egiteko. Baina ikusita emakumeak gizonen kategorian lehiatzeko gai garela, horrek jende gehiago animatzen du.

Orain hamar edo hogei urte triatloia superheroien kontu bat bezala ikusten zen.

Ni ere horregatik ez nintzen lehenago ausartu. Baina triatloia egitea beste edozein kirol egitea bezala da. Ni, behintzat, ez naiz kontsideratzen beste munduko zerbait. Igeriketatik nator eta, nahiz eta ez den nire kirol kuttunena, ondo aritzen naiz gehien landu dudalako. Korrikan eta bizikletan orain gutxi hasi naiz eta orduak sartuta lortu dut horretan ere gozatzea.

Zarautzen, Gasteizen eta Iruñean uretatik ateratzen zu izan zinen lehena.

Zarautzen eta Gasteizen bai, eta Iruñean lehenarekin batera atera nintzen. Hark pasa zuen txipa nire aurretik, baina beste bietan lehena izan nintzen. Azkenean hori sinbolikoa da, zeren eta distantzia horietan garrantzirik ez du igeriketan. Zarautzen 40 segundo atera nizkion Judith Corachani eta Meagan gora pasa egin ninduen.

Non ikusten duzu hobetzeko aukera duzula?

Bizikletan. Ordu gehien eskatzen dituena da, baina, orduak sartzen badituzu, hobetuko duzu. Korrikarako eta igeriketarako gaitasun batzuk behar dituzu, baina bizikletan orduak sartuta egiten zara. Hori da nire itxaropena. Oraindik ez naiz asko ibili eta hor uste dut dudala hobekuntzarako aukera handiena.

Medikuntzako erresidentzia egiten ari zara. Nola uztartzen dituzu lana eta kirola?

Denek galdetzen didate hori. Nola? Beste ezer egin gabe. Beste gauza guztiak kentzen aurkitzen dut denbora kirolerako. Ez daukat beste inork baino abilidade handiagoa ez ikasteko, ez kirolerako, ez ezertarako. Lehentasun kontuak dira. Momentuz triatloiak bete egiten nau. Nik orain triatloia lehenetsi dut, eta, egia esan, nire egunak Tetris jokoa bezalakoak dira. Esnatu, igeri egitera joan, lanera joan, handik bueltan 10 minutuan jan, entrenatu... Kuadrillarekin afarietara agertu bai, baina, noski, parrandetan pasatu gabe. Euskal Jai egunean, adibidez, ni lehen ateratzen nintzen eta badakit zer den, baina orain ez nau betetzen. Agian faltan sumatzen dut hasieran, baina, gero, parrandak ez nau betetzen.

Medikuntzan gogorrena ikastea da. Triatloian hasi nintzenerako etapa hori pasata nuen. Medikuntzan egiten dut lan, baina beste edozein lan bezala da. Orain nire zazpi orduak egiten ditut, beste edozeinek egiten dituen bezala. Okerrena, agian, guardiak dira. 24 ordukoak dira eta horiek gogorrak egiten zaizkit. Guardia dudanean goizean goiz joaten naiz igerilekura, gero 24 orduak egiten ditut lan eta hurrengo egunean joaten naiz entrenatzera. Bestela, baldintzak ez dira txarrak.

Elikadura zaintzen al duzu?

Ez naiz asko zaintzen, baina txerrikiak eta frijituak ez ditut jaten; plantxan prestatutakoak jaten ditut. Xehetasun txiki horiek zaintzen saiatzen naiz.

Etorkizunera begira, gehiago landu nahiko nuke. Ez dut dietistarik eta uste dut hor pixka bat huts egiten dudala. Asko jaten dut, baina baita erre ere. Triatloian hasi nintzenean, hori jakinda, ez nintzen zaintzen. Gero konturatzen zara kilo batek asko egiten duela. Igeriketan agian hainbeste ez, baina korrikan eta bizikletan asko. 

Maila bikaina erakutsi duzu. Zein dira zure helburuak denboraldi honetan?

Aurten distantzia erdiko hiru triatloi egin ditut. Iruñekoa, gainera, Espainiako txapelketa zen. Tartean esprint distantziakoak eta olinpikoak ere egin ditut. Aurtengo helburuen artean falta zaidana da urrian Ibizan egingo den distantzia luzeko Espainiako txapelketa. Hori ondo bideratu nahi dut. Zumaiakoa eta beste triatloi batzuk ere egingo ditut [Zumaiako proban irabazlea izan da], baina helburu nagusia distantzia luzeko triatloia izango da.

Non moldatzen zara ondoen? Distantzia luzeetan edo esprintekoan?

Distantzia luzeetan igeriketak pisua galtzen du. Motzetan igeriketak garrantzi handiagoa du, laburra izanda ere, gero ez dagoelako hainbesteko distantzia edo denborarik aldea jateko. Distantzia luzeetan hori galdu egiten da. Nahiz eta ni igeriketan ondo aritzen naizen, etorkizunean nire burua hobeto ikusten dut distantzia luzeetan. Laburretan jende gaztea ibiltzen da gehien. Distantzia luzeetan jende heldua gehiago aritzen da, erresistentzia handiagoa duena.

Ba al duzu triatloian idoloren bat?

Ez naiz idoloak dituenetakoa. Baina eduki dut aukera Ainhoa Murua ezagutzeko, nire entrenatzailea da, gainera, eta niretzat erreferentzia bat da. Izugarria da zer palmares duen; lau joko olinpikotan izan da. Eta harrigarria da zer tratu hurbila duen jendearekiko. Berekin entrenatzen hasi nintzenean ez nuen korrikako serie bat inoiz egin. Bizikletan ibili gabe nengoen. Lehen aldiz bizikletan entrenatzera atera nintzenean, Ainhoa eta Jonekin izan zen. Pentsatu nuen ea zein zen olinpiadetara zihoan baten beharra ni bezala hasiberri batekin ateratzeko. Bera, garai hartan, Rioko jokoak prestatzen zebilen eta bi ordu gorde zituen nirekin bizikletan irteteko. Gustatu egiten zaio eta benetan bizi du kirol hau. Lehen Ainhoa Murua triatleta ezagutzen nuen eta orain Ainhoa pertsona ezagutzen dut. Hogei urtean dabil honetan, lau olinpiadatan izan da eta orain nirekin dabil. Orain beste erritmo batean joango gara, baina hasiera hartan, nire aitaren bizikleta zaharrarekin ateratzen nintzenean, 20 kilometro orduko abiaduran joaten ginen.

Eta berak zer esaten dizu?

Ez diot inoiz galdetu, baina uste dut ilusioa egingo diola. Proben inguruko aholkuak ematen dizkit, baina, orokorrak, kirolaz, etorkizunaz eta halakoez ez dugu hitz egiten. Azkenean, nik izan dezaket ideia bat, baina denborak, bizitzak, zure lekuan jartzen zaitu. Niri orain bi urte nork esango zidan hau egingo nuela?

Kirol honetako profesionala izango bazina, agian presio handiagoa sumatuko zenuen. Baina, amateurra zara.

Zarauzko Triatloiko kartela atera zutenean, emakumezkoaren argazkia nirea zen. Zarauzkoa proba garrantzitsua da eta nire aurpegia ikusi nuenean, ostras!, agobiatu ere egin nintzen. Bezperan neure buruari zenbait galdera egin nizkion: orain arte egindako lanarekin gustura zaude? Bai. Bada, orduan egiten duzuna eginda ere merezi izango du. Ez da soilik lortzen duzun emaitza, egindako bideak du garrantzia. Triatloia egiteko arantza hori nuen. Arantza hori kendu dut, ondo ari naiz; beraz, zer gehiago eska dezaket? Horrekin presioa kendu egiten dut gainetik.

 

Emakumeetan, onenen artean

Orain hiru urte egin zuen Helene Alberdik bere lehen triatloia eta denbora epe laburrean, emakumeetan, onenen artean kokatu da. Aurtengo probetan lortutako emaitzak hala erakusten dute.

Duatloietan, Barakaldoko proban bigarren izan zen. Emaitza bera lortu zuen Mungiakoan, baina, Oñatin jokatutako Euskadiko txapelketan lehena izan zen.

Triatloietan, denboraldiari hasiera ematen dion Getariako hitzorduan lehena izan zen. Iruñean, Espainiako txapelketan, hirugarren izan zen eta Zarauzko Triatloian laugarren. Donostian egiten den Onditz triatloian seigarren izan zen eta bigarren Kantabriako Buelnan jokatutakoan. Zumaian, berriz, esprint distantziakoa irabazi du. Zarauzko eta Donostiako probetan triatleta profesionalekin lehiatu zen Helene. 

Aurtengo denboraldia amaitzeko, Ibizan urriaren 22an jokatuko den distantzia luzeko triatloian parte hartzeko asmoa du. 4 kilometro izango dira igerian, 120 kilometro bizikletan eta azken 30ak korrika.