Helene Alberdi distantzia olinpikoko Euskadiko txapeldun

Baleike 2017ko ira. 10a, 19:05

Handia ari da egiten Helene Alberdi triatleta gaztea. Orain bi aste Zumaiako Triatloia irabazi zuen esprint distantzian eta gaur, Sestaon jokatutako IV. triatloian, distantzia olinpikoko Euskadiko txapelketa irabazi du. Urrian 22an Ibizan jokatuko den triatloi luzerako maila bikaina duela erakutsi du Helenek beste behin ere. 

Gaur goizean jokatu da Sestaoko triatloia, distantzia olinpikoko Euskadiko txapelketa. Horrez gain, euskal zirkuitutako puntuagarria zen gaurko proba. 1,5 kilometro egin behar izan dituzte igerian, 40 kilometro bizikletan eta azken 10ak korrika. 

Ohikoa duen bezala, lehena izan da igeriketa sektoretik ateratzen. Bigarren atera den Grace Musgrove australiarrari 7 segundoko aldea atera dio. Bigarren kirolean, bizikletan, aldea mantendu du australiarrarekin eta korrikakoan areagotuz joan. Amaieran, 2:16:33 denborarekin irabazi du Sestaoko hitzordua. Bigarren Grace Musgrove izan da, 2:18:57 denborarekin eta hirugarren Usoa Ostolaza 2:20:43 denborarekin.