Xeyko langileak Eusko Legebiltzarraren eta Lakuaren aurrean elkarretaratu dira

Baleike 2017ko eka. 27a, 13:07
Xeyko langileak Lakua aurrean. Argazkia: Bittor Bengoa.

Xeyko langileek mobilizazioekin jarraitzen dute. Gaur egun osoko greba egiten ari dira eta goizean Gasteizen izan dira, lehenbizi Eusko Legebiltzarraren aurrean eta ondoren Lakuan. 

Elkarretaratzeak egiteaz gain, EH Bilduko legebiltzarkide Iker Casanovasekin bildu dira, Zumaiako EH Bilduk egindako bitartekari lana medio. "Beraien bidearekin bat egiten dugu, eta gure aletxoa jarri nahi dugu arazoa bideratzen", azaldu du Casanovak.

Bileran presente izan da Zumaiako EH Bilduko zinegotzi Alex Oliden, eta hau izan da bere balorazioa: "Enpresa batzordea Udaleko ordezkari guztiekin bildu zen ekainaren 14an, eta guk EH Bilduk konpromisoa hartu genuen Legebiltzarreko bidea jorratzeko, bertako EH Bilduren talderen bidez. Bileran, langileek eskatu dute transparentzia behar dutela enpresako kudeatzaileen partetik, ez dietelako inolako informaziorik ematen. Eta konpromisoa eskatu diote Eusko Jaurlaritzari enpleguei eta lanpostuei eusteko, ez baita ahaztu behar Jaurlaritzak bera XEY enpresaren %30aren jabe dela. Iker Casanovak EH Bildutik eta Legebiltzarrean zer egin daitekeen azaldu die langileei". 

Oikian faktoria duen enpresa konkurtsoan dago gaur egun. Enpresaren zuzendaritzak informaziorik ez diela ematen salatu dute langileek eta baita zenbait greba egun deitu ere. Gaurkoa da lehenengoa. Bihar eta ostiralean 8:30etik 13:00etara egingo dituzte lanuzteak eta, egoerak hobera egin ezean, uztailaren 3an greba mugagabea hasiko dute.