Enpresari gardentasuna eta Jaurlaritzari inplikazioa eskatu diete Xeyko langileek

Baleike 2017ko eka. 2a, 13:48
Xeyko langileek agerraldia egin dute gaur eguerdian enpresako atarian.

Xey altzari enpresako langileek agerraldia egin dute gaur eguerdian, bizi duten egoera zailaren berri eman eta egoera zuzendu dezaketen aldeei gardentasuna eta inplikazioa eskatzeko. Enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatu du, eta gaur gaurkoz langileek ez dakite jabeek aurrera jarraitzeko eta enpresa likidatzeko asmoa ote duten. 170 bat langilek egiten dute lan Xeyren enpresa taldean. Enpresak oraingoz ez du informaziorik eman nahi.

Krisi ekonomikoa atzean geratu omen den garai hauetan, berriro herriko beste enpresa bat da albiste bere etorkizuna kolokan duelako. Xey enpresak hartzekodunen lehiaketa eskatu du eta, buletinean argitaratu bezain pronto, kanpo kudeatzailea izendatuko du epaitegiak eta indarrean sartuko da. Azken egunotan, enpresaren arazo ekonomikoen inguruko zenbait albiste argitaratu diren arren, langileek informazio eza salatu dute. "Likidezia arazo erraldoi bat tarteko, aste honetan zuzendaritzak hartzekodunen konkurtsoa eskatu duela, hori baino askoz gehiago ez dakigu", kritikatu dute gaur eguerdian enpresaren aurrean egin duten agerraldian.

Duela bost bat urte talde berri batek hartu zuen enpresako zuzendaritza. Orduan egoera txarrean zegoen enpresa, zailtasun handiak zituen bere produktuak merkaturatzeko eta bideragarritasuna bermatzeko behar zena baino gutxiago fakturatzen zuen. 2012an, zenbait akziodun pribatu eta Eusko Jaurlaritza sartu ziren jabegoan enpresari bultzada bat eman nahian. Eta bazirudien bide onetik zihoala: 2012an zortzi milioi euro fakturatu baziren, 2015ean 24 milioira iritsi ziren. Enpresak gaur egun lan karga handia dauka baina, dirudienez, ez da nahikoa. Badirudi enpresak ez duela gaitasunik zenbait banketxerekin daukan zorrari aurre egiteko, eta horrek eraman duela zuzendaritza hartzekodunen lehiaketa eskatzera.

Zor handia langileekin

Langileak kexu dira, enpresa beraien kontura atera delakoan aurrera. Izan ere, aurtengo hiru soldata ez dituzte kobratu, eta aurreko hiru urteetako beste sei paga ere ez. "Badaude langileak 20.000 euro dauzkatenak kobratzeko", salatu du langile batek. Soldatez gain, dietak eta aseguruak ere ez dizkiete ordaintzen, eta kontratazio berriak merketu dituztela ere salatu dute... "Langileon esfortzuarekin subentzionatutako enpresa eredua eraiki dute".

Jaurlaritzarengana ere jo dute langileek, enpresaren %32aren jabe baita. Jaurlaritzak enpresa aurrera ateratzen laguntzeko borondatea agertu du, baina langileek inplikazio handiagoa eskatu diote. "Guztion ardura da euskal industria sarearen etorkizuna bermatzea. Gugandik hasita, zuzendaritza, zordunak, instituzioak... Baina batez ere akzioen herena duen Eusko Jaurlaritzaren esku-hartze zuzena exijitu nahi dugu. Langileok, Zumaiak eta  Urola Kostako eskualdeak ezin dugu onartu horrelako beste kolperik. Enpresa bideragarria da eta horren defentsan arituko gara. Enpresaren arazoa langileak ez garela jakitun, langileonganako ondorio zuzenik ekarriko ez duen etorkizuna exijitzen dugu".

Greba egunak

Informazio gehiago izan arte, oraingoz ekainaren 8an, 14an eta 15ean greba egitea erabaki dute. Hartzekodunen lehiaketa buletinean argitaratu zain daude sindikatuak, orduan izango baitute informazio gehiago eskuratzeko aukera.