Juanito Oiarzabal: "Pozik eta harro nago omenduen talde honetako kide izateagatik"

Baleike 2017ko eka. 15a, 16:14

Gaur eguerdian aurkeztu dute Zelai Talaso Hotelean aurtengo Zumaia Flysch trail mendi lasterketa. Bertan izan dira erakundeetako ordezkariak eta, nola ez, IX. lasterketa honetan omenduko duten mendizalea: Juanito Oiarzabal ospetsua.

Arabarrak eskerrak luzatu dizkie antolatzaileek omenaldi honengatik. Fysch Traileko antolatzaile Bosco Garitanorekin harremana duela eta urtean zehar Zumaian egiten diren topaketetan izaten dela azaldu du. 

Aurrez ere jaso izan du Zumaiara etortzeko gonbitea, baina, dituen proiektuengatik, orain arte ezin izan du gonbidapena onartu. "2x14x8.000 proiektuarekin jarraitzeko asmoa dut udazkenean eta egun hauetan hemendik ibiliko nintzela esan nion". Hilaren 23an hitzaldia emango du Alondegian eta 2011n egindako Lhotse mendiko igoeraren inguruko dokumentala erakutsiko du. Igande goizean, berriz, berak moztuko du hasierako zinta. 

"Pozik eta harro nago omenduen talde honetako kide izateagatik, baina... aizu, hemen denak euskaldunak gara bat ezik. Zer egiten du Sebastian Alvarok hemen?", galdetu dio umoretsu Boscori. Juanito berak proposatu zuen Alvaroren izena.