Bosco Garitano: “Flysch Traila lasterketa bat baino gehiago da”

Baleike 2017ko eka. 13a, 18:21

Datorren igandean, hilaren 25ean korrituko da bederatzigarren Zumaia Flysch Trail mendi lasterketa. Lasterketarekin batera hitzaldiak eta beste zenbait ekintza antolatu dituzte. Horri guztiari buruz hitz egin dugu Bosco Garitano antolakuntzako kidearekin.

Arranplan elkartu gara hitz egiteko. Datak hurreratzen ari dira eta telefonoa ke dariola du. Hala ere, tarte bat eman digu lasterketaz, berrikuntzez eta omenduez hitz egiteko.

Data aldatu duzue. Lehen uztailean egiten zen eta orain ekainean egingo da. Zergatik?

Aldundiak eta Udalak eskatu ziguten data aldaketa hau, turismo asko dagoen garaietatik zertxobait ateratzeko. Hasiera batean ekainaren 11 aukeratu genuen, baina Asturiasen ekainaren 25erako beste lasterketa bat zegoen programatuta. Konturatu ziren egun horretan ezin zutela egin eta datak aldatzea eskatu ziguten. 25a ere gustatzen zait. 23an hitzaldia dago, gero San Juan suak, 25ean karrera...

Bederatzigarren lasterketa duzue. Urtetik urtera handitzen doa.

Hiru urtetan Euskadiko Kopa izan ginen, beste hirutan Espainiako Kopa eta urtebetez Skyrunner National Serieseko proba izan zen, mundialerako puntuagarria. Iaz taldekako Espainiako txapelketa egin zen eta aurten banakakoen Espainiako txapelketa izango da. Autonomia selekzioen Espainiako Txapelketa ere jokatuko da aurten. Horrez gain, itsuen Espainiako ultratrail txapelketa ere hemen jokatuko da. Biko edo hiruko taldetan korrituko dute. Gidari bat izango dute dute %100eko ikusmenarekin eta bigarrena erabat itsua izango da. Hirugarrengoa badoa, honek %80an ikusmena galduta izan beharko du, gutxienez. Hiru metroko makil bati lotuta joango dira. Bi bakarrik badoaz, eskutik hartuta edo soka batekin lotuta joango dira. Gizonezkoetan hiru kideko hiru taldek hartuko dute parte eta biko batek, eta emakumezkoetan hiruko batek.

Horrek atzeratu lezake karreraren iraupena.

Zalantzak ditugu. Inork ez daki 42 kilometroan zer gertatu daitekeen. Erreferentzia bakarra Zegama dugu eta denboraz kanpo heldu ziren. Baina, Zegama hau baino teknikoagoa da. Nik uste sei orduan, kontrolaren barruan, heltzeko gai izango direla.

Halako proba bat Zumaiara ekartzea gauza handia izango da zuentzat.

Antolakuntzan sinesten dutenaren froga da. Beraiek ez bazeuden ziur antolakuntzak erantzungo zuela, ez ziren etorriko. Bartzelonan egon nintzen eta han ziren Baqueirako zuzendaria, Sierra Nevadako zuzendaria, Leongo, Ponferradako eta Kataluniako hiru herritako alkateak, eta nahiz eta guk ez genuen diru gehien jarri mahai gainean, proba hona etorriko da.

Distantzia aldetik iazko beraiek al dira?

Hiru proba izango dira. Kadeteak sartuko dira aurten eta 14,14 kilometroko proba bat izango da. Ondoren 21,5 kilometroko proba egongo da eta baita 42,2koa. 8:30ean maratoia aterako da. 8:40an itsuak aterako dira. Hauek ere maratoia egingo dute, baina irteera berezia egin nahi dugu, jendeak ezagutu ditzan. 9:00etan, kadeteak, juniorrak eta maratoi erdikoak aterako dira.

Izen handiak etortzen dira karrera honetara. Aurten zein izango dituzue?

Aurtengo Munduko Txapelketan bosgarren izan den Pablo Villa eta hamargarren egin duen Dani Garcia irteeran izango dira. Iazko eta aurtengo munduko txapelketa irabazi duen Luis Alberto Hernandok arazo fisikoak ditu eta ez dakigu irteeran izango den. Baina, irten edo ez, Zumaian izango da bere familiarekin. Iazko irabazle Ismail Razga ere etorriko da, eta, guretzako bereziena dena, Jokin Lizeaga hemen izango da gaixotasun larri batetik atera ondoren. Emakumezkoetan, 2016ko Munduko txapeldun eta aurtengo Zegamako irabazle Maite Maiora etorriko da eta baita Munduko Txapelketan parte hartu duten Nuria Dominguez, Montse Vazquez eta Anna Comet.

Ibilbidean aldaketak al daude?

Aldaketa txiki batzuk daude. Bat, behintzat, niretzako garrantzitsua da. Denei entzun behar zaie, bereziki korrikalariei eta hauek betidanik esaten zuten ‘zuloa’ kendu behar zela, Motxo arrantza-ontzia egon zen lekua kendu behar zela. Leku hori kendu dugu eta beste igoera-jaitsiera bat jarri dugu alboko mendi batean. Bete beharreko distantzia eta desnibela mantendu egiten da, bestela errekorraren saria ezingo genuke eman.

Selekzioen Espainiako txapelketa ere jokatuko da. Baina, Euskadiko ez da hemen izango. Zer gertatu da? Arazoak al dituzue federazioarekin?

Badirudi badela zerbait. Guk ez dugu inoiz arazorik izan Euskadiko hiru federazioekin. Are gehiago, maite gintuzten. Euskal Mendi Federazioaren kasuan, Pako Iriondoren haur besoetakoa ginen. Bere alaba Idoiak hori berretsi dezake. Beti egon dira ekitaldi guztietan eta foro guztietan babestu gaituzte. Eta, derrepente, guk ezer egin gabe, Federazioaren ikurra jartzea debekatu digute. Ez da Federazioko agintaririk etorriko, ez eta selekzioko korrikalaririk ere Traila korritzera. Euskal selekzioa Espainiako txapelketa guztietan izan da, baita autonomia selekziokoetan ere. Behingoz txapelketa hau hona ekarriko eta zuzendaritzak jarrera hau erakutsi du. Ulertzen ez dugun zerbait gertatu da, batez ere, guk behartu ez duguna. Arazoak badituzte, konpondu ditzatela, are gehiago barruko kontuak direnean, ez gureak.

Baina, euskal selekzioan inoiz izan den korrikalari onena, Jokin Lizeaga, Zumaian berragertuko da, minbizi bat gainditu ondoren. Gurekin egon nahi du eta, gainera, omenaldia eskainiko diogu irteeran. Euskadiko korrikalari gehiago ere izango dira: Maite Maiora, Iker Oliveri, Ander Barrenetxea, Unai Santamaria... Nafarroako selekzioa ere hemen izango da, baita Nafarroako korrikalariak ere. Beraz, esan dezakegu Euskal Herria izango ordezkatuta egongo dela.

Zenbat denbora zoazte Lizeagaren atzetik?

Hasi ginenetik. Zegaman aurkitzen nuean bakoitzean esaten nion Zumaiara etorri behar zuela, baina beti beste probaren bat izan du garai berean.  

Omenaldia eskainiko diozue, baina, aurtengo omendu handia Juanito Oiarzabal da.

Omenaldi nagusia Oiarzabali eskainiko diogu, baina irteeran beste bat egingo zaio Lizeagari. Hirugarren bat ere egingo da, kasu honetan, Luis Alberto Hernando eta Maite Maiora munduko txapeldunei. Zortzi milako gehien igo dituen pertsona da Oiarzabal. 32 zortzi milako ditu eta lau falta zaizkio 14en zikloa bitan egiteko. Ostiralean, hilaren 23an, hitzaldia emango du eta aurkezle lanetan aurreko urteetan omenduak izan diren Juanjo San Sebastian eta Sebastian Alvaro izango dira.

Parte-hartze aldetik, bete al dira leku guztiak?

Bai, egun bakarrean. Aurreko urteetan hiruzpalau egunean itxi genuen eta aurten egun bakarrean bete da. Baina, kontutan hartu behar da maratoian parte hartuko duten 350 korrikalarietatik 190 autonomia selekzioetakoak direla. Txapelketa hau egongo ez balitz, beteko al litzateke? Lasterketa ugari daude garai honetan beste lekuetan. Lasterketa polita eta erakargarria izan behar duzu, bestela... 

Oraingoan ere boluntarioek ez zuten hutsik egingo.

350 boluntario egongo dira eta arazorik ez genuke izango beste 100 lortzeko. Goizean goiz jaiki behar dute, egia da, baina gero bazkaria ematen diegu kirol portuko elkarte batean eta bazkalondoan irabazleak eta omendua joaten dira haiei hitz batzuk luzatzera. Hori polita da. Talde giroa sustatzen da.

Orain zortzi urte hasi zenutenean pentsatzen al zenuen maila honetan ibiliko zinetela?

Hasieratik garbi genuen Zumaiako karrera bat izango zela eta horren atzean proiektu bat sortu behar genuela. Zumaia mundu honetan kokatu nahi genuen. Aurten parte hartuko duten korrikalarien %78 Euskal Herritik kanpokoak dira. Kanpoko jendea erakarri nahi genuen, gure kultura, gure sukaldaritza ezagutu zezaten. Maila honetan emakumezkoen partaidetza sustatzen dugun lasterketa bakarra gara. Iaz parte-hartzaile guztien %16 emakumezkoak ziren; aurten %29 izango da. Hau dena handitzen joan da. Gai sozialekin ere lanean jarraitzen dugu. Hasieran Aspanogi elkartea lagundu genuen; orain lau elkarte laguntzen ditugu: Aspanogi, Hegoak astinduz, Markelen irria eta SOS Himalaya. Lasterketa bat baino gehiago da hau.

Datorren urtean hamargarren edizioa betetzen duzue. Zerbait izango duzue buruan.

Mundu mailako proba antolatzeko handicap bat dugu. Munduko kopako bi proba lurralde berean izatea zaila da. Bestea Zegama da. Gainera, munduko koparen baitan proba bakarra egon daiteke baldintza guztiak betetzen ez dituena. Zegamak betetzen ez duen baldintza da ez duela 1.600 metro baino gehiagoko tontorrik. Bereak 1.557 metro ditu. Kostatuko da jende handi hau ekartzea. Gero, gainera, Espainiako Federazioak ez dizu urteko Espainiako txapelketa eta selekzioena emango. Europa eta mundu mailako probak antolatzen dituzten jendea izango dugu asteburuan hemen. Beraiekin kontaktuan nago eta ikusiko dugu zer ekartzeko gai garen datorren urtean.