baleike.eus

Zortzi proposamen aurkeztu dira Eskolako Agenda 21aren barruan

Baleike 2017-05-17 17:05   Gizartea

Eskolako Agenda 21, komunitatearen partaidetzan oinarrituz eta Eusko Jaurlaritzako Ingurugelaren laguntzarekin, udalerri bakoitzaren garapen iraunkorrean laguntzen duen heziketa-programa da. Gaur goizean, Zumaiako eta Oikiako eskoletako haur eta gazteek zortzi proposamen aurkeztu dizkie Udalari.

Urola Kosta eskualdeko kostako herriak kontuan hartuz, 6.000 ikaslek baino gehiagok hartu dute parte programa honetan. Hain zuzen, 3 eta 18 urte bitarteko haur eta gazteak izan dira Ekitatea eta Klima aldaketa gaiak landu dituztenak. Gaur goizean, Zumaiako Udal Aretoan, gai horiek eskolan landu ostean, ikasleek proposamenak azaldu dituzte.

Eskola guztiek bi proposamen aurkeztu dituzte. Oikiako Herri Eskolako ikasleek Oikiatik Zumaiara doan bidea egokitu eta garbitzeko eskatu die Udalari, hala, oinez eta bizikletaz ibili ahal izateko. Horretaz gain, Zumaiako Udaleko web orrialdean kotxeak partekatzeko plataforma bat abian jartzeko proposamena aurkeztu dute.

Herri eskolako ikasleek bere aldetik, herritarrak poltsak berrerabiltzearen onurez ohartzeko kanpaina bat jartzeko aukera plazaratu dute. Bide batez, erosketak herriko dendetan egitearen aldeko proposamena ere aurkeztu dute. Hala, kotxearen erabilpena murriztu egingo baitzen, eta horrekin batera, baita petrolioaren kontsumoa eta kutsadura ere.

Maria eta Josekoek bidegorrien aldeko hautua egin dute. Hala, bidegorrien egoera egoki mantentzearen aldeko proposamena eta ez dauden lekuetan, bidegorriak egitea eskatu dute. Horretaz gain, argiaren kontsumoan jarri dute arreta. Hala, etxeetan LED argiak ipintzea, eta argia beharrezkoa bakarrik denean piztea konprometitu dira.

Azkenak institutuko ikasleak izan dira. Garraio publikoa gehiago erabiltzearen alde agertu dira eta zaborrarekiko sentsibilizazio kanpainak aurrera ateratzera proposatu dute. Ildo beretik, kalean, patioan eta gelan zaborrak ongi bideratuko dituztela konprometitu dira eta ahal den neurrian berrerabiltzea eta erosketak egiterakoan poltsak eramatea.

Udalaren erantzuna

Oier Korta alkateak proposamen guztiak entzun ditu eta guztiekin ados etorri da. Proposamen batzuk udalbatzan aztertuko dituztela konprometitu da, eta beste batzuk martxan daudela baieztatu du, adibidez bidegorrien kasua. “Udal gobernua lanean ari da bidegorriren inguruan. Axular ibiltokian adibidez espaloia zabalduko da eta bidegorri sarea ere handituko dugu. Zubitxikitik hasiko da eta Jadarre auzoan dagoenarekin lotuko dugu”, adierazi du.

Argitegiaren kasuan ere, hobekuntzak egin direla azpimarratu du alkateak. “Oikiako eta Sagarbideko frontoian duela gutxi argiteria guztia aldatu da. LED argiak jarri ditugu eta sentsore bidez pizten dira. Horrela, behar ez denean ez da energia alperrik gastatuko”.

Administrazioaren aldetik sentsibilizazioa eta kontzientziazioa bultzatu beharra dagoela onartu du alkateak, eta lan horretan jarraituko dutela nabarmendu du. “Ikasleek proposatu dituzten konpromisoekin bat gatoz eta horiek betetzen eta hobetzen saiatuko gara”.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa