“Herrigunetik kanpo bizi garen herritarrok ez ditugu eskubide berdinak”

Udalak deiturik, aparkamendu sistema berriari buruzko azalpenak emateko bilera irekia izan zen atzo arratsaldean Oxforden. Aretoa bete egin zen, eta eredu berriaren ezaugarriak azaldu ondoren herritarren zalantzak argitzeko parada hartu zuen Oier Korta alkateak. Batez ere herrigunetik kanpo bizi diren herritarrak agertu ziren haserre.

Udaran martxan jarriko den aparkamenduen sistema berriak interesa piztu du herritarrengan. Atzo egin zen bilera irekiak halaxe erakutsi zuen. Oier Korta alkateak eta udaletxeko arkitektoa den Gorka Arregik eredu berriaren nondik norakoak azaldu zituzten. Behin beharrezko azalpenak emanda, herritarrek beraien iritziak eta zalantzak galdetzeko txanda izan zuten.

Haserre nagusiena herrigunetik kanpo bizi diren herritarrek azaldu zuten. Beraien iritziz, ez dute herrigunean bizi diren biztanleen eskubide berdinak, eta hauekin konparatuta, bigarren maila batean gelditzen direla aipatu zuten. “Herrigunean bizi direnak poligonora aparkatzera etor daitezke, libre dute, eta guk aldiz, ezin dugu herrigunera joan” aipatu zuten Aita Mari, Alai eta Basadiko bizilagun batzuek. “Herrigunera etor zaitezkete, jakina. Txomin Agirre kaian 90 minutuz aparkatzeko eskubidea izango duzue, doan, eta Julio Beobiden ere aparkatzeko aukera izango da sei orduz, eta baita ere doan” erantzun zuen alkateak.

Horretaz gain, poligonoko biztanleak babesteko plan bat martxan jarriko dela aipatu zuen alkateak. Plan honi esker, bertako herritarrek txartel bat izango dute, eta horrekin auzoan sartzeko lehentasuna izango dute. “Poligonoko hiru sarrera nagusienetan pertsonak egongo dira sarrera eta irteerak kontrolatzeko, eta horrela auzo honetako biztanleak babestuko dira” aipatu zuen alkateak. Poligonoko biztanleak baina ez ziren oso gustura agertu erabaki horrekin. “Bigarren mailako hiritarrak bezala sentitzen gara. Ongi iruditzen zaigu herrigunea erregulatzea, baina guk ere eskubide berdinak izan nahi ditugu eta poligonoa ere herrigunea bezala erregulatzea eskatzen dugu” esan zuten herritar batzuek.

Norberaren kasuak argitzeko aukera

Jadarre eta Estazio auzoko herritarrak ere arduratuta daude. Herrigunean ordainpeko sistema jartzeak beraien auzoa kotxez gainezka jarriko duela uste dute. “Estazioko etxebizitza inguruetan auto pila bat izaten dira egun normaletan ere. Zer gertatuko ote da udan? Denak hona etorriko dira” esan zuen Estazioko bizilagun batek.

Artadiko bizilagun bat ere kexu agertu zen. “Iazko udan, Artadiko bidean, kotxeek errepidearen bi aldeetan aparkatzen zituzten. Zer gertatzen zen orduan? Pasoa ez zela behar bezalakoa, lekurik ez zegoen bi kotxe pasatzeko eta ez aurrera eta ez atzera gelditzen ginen” aipatu zuen. Isunak ez direla nahikoa esanez jarraitu zuen, izan ere, kanpotik etorritako pertsonek nahiago omen dute isuna ordaindu eta kotxea gaizki utzi. “Isunak ez dira oso altuak, orduan berdin zaie jartzea. Nik uste garabi baten beharra dagoela”.

Alde zaharrean bizi direnen kasua berezia da. Aparkamendu gutxi daude, eta arkitektoak aipatu zuen bezala, soluzioa ez da batere erraza. “Alde zaharra ez dago aparkamenduetarako prestatuta, ez dago guztientzat tokia”. Bertan bizi den pertsona batek zama lanentzako lekua ere ez dutela aipatu zuen. “Badakigu ez dugula aparkatzeko ia lekurik, baina zama lanentzako aukera ere urria da, gainera zutabeak ditugu. Zer eskubide dugu?”.

Kantauri plazan bizi direnek ere zalantza argia azaldu zuten. Ez dira kokatzen ez herrigunean ez eta poligonoan ere. “Kantaurin bizi garenok, askotan poligonora jo behar izaten dugu aparkatzera. Orain zer gertatuko da gurekin?”. Alkateak poligonokoek izango duten txartel berezi hori izango dutela bermatu zion.

Amaitzeko, Ardantzabideko biztanleen kasua jarri zen mahai gainean. Hauek dira ordenantza berria martxan duten bakarrak. Dagoeneko egoiliarren txartela aterata dute, eta gestio hau egiteagatik ordaindu egin dute. Aldiz, gainerako herritarrek txartela ateratzea doan izango dute orain. “Zer gertatzen da gurekin? Guk dagoeneko ordaindu dugu? Dirua bueltatuko diguzue?” galdetu zuen Ardantzabiden bizi den herritar batek. Alkateak ezezkoa esan zuen, erabaki hori ordenantza berria onartu baino lehen hartutakoa delako.

Maiatzaren erditik aurrera bulego bat jarriko da propio egoiliarren txartelak ateratzeko. Bulego hori non kokatuko den eta izango dituen ordutegiaren berria garaiz adieraziko da. Bitartean, mugikortasuna@zumaia.eus helbidean egin daitezke kontsultak.

Bestalde, Udalak jakitera eman nahi izan du aurten herrigunean jarriko den sistema berraztertu egingo dela udazkenean eta herritarrekin egindako parte-hartze prozesu baten ondoren adostutako sistema herri osora zabalduko dela 2018an.

 

Erlazionatuak

Trafiko ordenantza: hiru alderdiek sinatutako akordioa

None

Herriguneko aparkalekuak arautuko dituen trafiko ordenantzak EAJ-PNVk, EH Bilduk eta PSE-EEk. Besteak beste, udazkenetik aurrera aparkaleku sistema...
Hau da trafikoa arautzeko ordenantza

gizartea

Kontsultatu hemen aparkalekuak arautzen dituen trafiko araudi berria.