Aparkalekuen eredua lantzeko herritarrekin egindako lehen bilera “aberatsa eta emankorra” izan dela nabarmendu du EH Bilduk

Baleike 2017ko ots. 3a, 14:40

Zumaiarako aparkalekuen eredua lantzeko hiru bilera deitu ditu EH Bilduk herritarrekin. Hauetatik lehena atzo egin zen Herri Eskolak Sagarbiden duen eraikineko aretoan. 40 bat lagun hurbildu ziren eta antolatzaileen esanetan, herritarren ekarpena “oso aberatsa eta emankorra” izan zen.

EH Bilduren udal taldeko lau zinegotzik gidatu zuten bilera hau. Sarrera baten ondoren, bertaratutakoak lau taldetan banatu ziren eta iritziak eta proposamenak luzatzeko aukera izan zuten. Zentzu horretan, koalizioko kideak “oso gustura” geratu ziren. “Herritarrak ere gustura atera ziren bileratik, benetako aukera izan zutelako beren iritzia azaldu eta proposamenak egiteko”.

Josu Arrieta Hirigintza batzordeko zinegotziak koordinatu zuen bilera. EH Bilduren behin-behineko proposamena azaldu zuen. Laburbilduz, kotxea duten egoiliar guztiei txartela banatzea proposatzen da. Bi gune jasotzen dira: zubitxikitik hirigunera lehena eta poligonoak bigarrena. “Bakoitzak bere gunean aparkatu beharko du”. Horrez gain errotazio handiko, errotazio ertaineko eta iraupen luzeko gune bana jasotzen ditu behin-behineko proposamen honek, denak ere doakoak. Errotazio handikoan, gehienez, 45 minutu aparkatzea izango da eta merkataritza guneetatik hurbil egongo litzateke: Txomin Agirre kaian eta Alaiko Eroski aurrean. Errotazio ertainekoak 120 minutuko iraupena izango luke eta Lubaki kiroldegiaren eta itsas kiroldegiaren alboan kokatuko litzateke. Iraupen luzekoan, aldiz, nahi adina denboran egon ahal izango da eta kirol portuan eta Basusta inguruan joango litzateke. Autokarabanen gunea, berriz, Santiago auzoan, Guascor zaharraren ondoko zabalgunean, joango litzateke. “Ordainpekoa izango litzateke eta gehienez 48 orduko iraupena izango luke”. Proposamena hemen dago ikusgai.

Aurkezpenaren ondoren, hamar lagun inguruko lau taldetan banatu ziren bertaratutakoak. Zinegotzi bana aritu zen dinamizatzaile lanetan. “Herritarrek asko hitz egin zuten taldeetan, eta bakoitzak bere iritzia eman ahal izan zuen, eta baita proposamenak egin ere. Bilerako zatirik mamitsuena izan zen hori”. Gero, berriro ere denak elkarrekin, talde bakoitzean hitz egindakoa eta proposatutakoa jaso zen.

Antolatutako hiru bileretatik lehena izan zen atzokoa. Beste biak otsailaren 9an (osteguna, Alondegian, 18:30ean) eta otsailaren 11n (larunbata, Oikian, 10:30ean) egingo dira. “Bilera hauetako ekarpenekin eta inkestan jasotako proposamenarekin osatuko dugu behin betikoa”.