Azaroaren 25eko adierazpen instituzionala: "Emakumeenganako indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna"

Baleike 2016ko aza. 25a, 09:49

Gaur, azaroaren 25a, Emakumeen indarkeriaren kontrako nazioarteko eguna gogoratzen da. Horren harira zenbait ekitaldi egin dira herri mailan eta gaur bertan kontzentrazioa egingo da Saregileen plazan, 19:30ean. Atzoko, azaroko ohiko udal plenoan, egun honen inguruko adierazpen instituzionala onartu zen. 

Honela dio:

Nazio Batuen Batzar Nagusiak arazoaren 25a izendatu zuen emakumeen aurkako indarkeria ezabatzeko nazioarteko eguna, eta, egun hori kontuan hartuta, bat egiten dugu emakumeen aurkako indarkeria eta etxeko indarkeria prebenitzeko eta horien aurka borrokatzeko 2011ko Europako Hitzarmeneko oinarriekin, ‘Istanbuleko Hitzarmena’ delakoarekin; izan ere, indarkeria matxistari buruzko Europako lehenengo tresna juridiko loteslea da, baita giza eskubideen urraketa larri horren aurrean irismen handiena duen nazioarteko ituna ere. 

Bertan, estatuen ardurapeko eremu guztiak jorratzen dira: indarkeria prebenitzea, gizartea sentsibilizatzea (batez ere gizonak eta haurrak), erakundeen arteko koordinazioa sustatzea, erasotzaileen aurkako ekintza judizialak hastea eta biktimekiko babesa, laguntza eta kalte-ordainabermatzea, erabili daitezkeen bitartekoen bidez.

Istanbuleko Hitzarmena 2014ko abuztuan berretsi zuen Espainiako Estatuak, eta, hartara, arau guztiz loteslea bilakatu zen, erakunde zentral eta autonomikoetan zein tokiko erakundeetan. Hitzarmena funtsezko tresna dela uste dugu, eta indarkeria matxista errotik ezabatu ahal izateko esparru gisa baliagarria da. Aldi berean, indarkeria matxistaren jatorria egiturazkoa da, oraindik emakume eta gizonen arteko berdintasuna soilik formala da gure gizartean, eta, horregatik, indarkeria matxistaren kasuak errotik desager daitezen, parekidetasun errealerantz urratsak egin behar ditugu: botere-harremanak eta diskriminazioak deuseztatuz.

Horiek horrela, Istanbuleko Hitzarmena ezartzen dela bermatzeko, Zumaiako Udalak konpromisoa hartzen du Hitzarmenean xedatutako neurrien kalitatezko estandarrak eta betearazpen-maila egiaztatzeko, baita gai horri loturiko nazioarteko, Estatuko eta Autonomia Erkidegoko beste arauetakoak ere.

Hona hemen neurri zehatz  batzuk:

  1. 1- Indarkeria matxista giza eskubideen esparrura eramatea.
  2. 2- Indarkeria matxista mota desberdinak identifikatzea eta aurre egiteko dinamikak bultzatzea, normalizazioan ez erortzeko makro zein mikro-erasoak salatuz.
  3. 3- Harreman intimoetako indarkeria matxista, adierazpen ugaritako indarkeria sexuala, emakumezkoen mutilazio genitala eta jazarpen sexista sartzea emakume eta neskatilen aurkako indarkeria matxistaren  kontzeptuaren barruan.
  4. 4- Hitzarmena ezartzeko esparruan sartutako indarkeriaren modu guztiei buruzko gaien inguruko datu estatistiko datu xehe eta bereizleak jasotzea, tarte erregularren arabera.
  5. 5- Generoaren ikuspegia eta diskriminazioaren debekua ezartzea, indarkeriaren esparruko printzipio nagusi gisa.
  6. 6- Indarkeria matxistari aurre egiten dioten emakumeei rol nagusia esleitzea programen ebaluazioan eta jarraipenean, eskubideen titular gisa.
  7. 7- Emakumeen intimitate-eskubidea ezartzea arretako bide osoan.
  8. 8- Indarkeriaren aurkako haurren eskubideak berariaz aipatzea, batez ere, neskatilen eskubideak.
  9. 9- Arretako langileen prestakuntza derrigorrez aitortzea, eta ez sentsibilizaziorako ekintza soil gisa.
  10. 10- Gizarteak indarkeria matxista prebenitzen eta borrokatzen laguntzea sustatzea.Berdintasun politikak sustatuz eta eraso matxisten kontrako protokoloak indartuz edo martxan jarriz eta gizartearen erantzun soziala sustatuz.
  11. 11- Erakundeen arteko koordinazioa bultzatu tokiko protokoloak martxan jarriz, arreta zerbitzuak hobetzeko eta indarkeriari matxistari aurre egiten dieten emakumeen birbiktimizazioa ekiditeko.
  12. 12- Mugimendu feministarekin eta emakume elkarteekin elkarlana bultzatu.
  13. 13- Gai honetan beharrezkoak diren neurrien finantzaketa bermatzeko mekanismo zehatzak ezartzea.

Bukatzeko Zumaiako Udalak bat egiten du azaroaren 25erako deituak izan diren mobilizazioekin eta jendarte osoari deia luzatzen dio parte har dezan.