"Bizilagunak bezalako ekimenek jende gehiago dagoela eta bakarrik ez zaudela erakusten dute"

Baleike 2016ko aza. 15a, 14:57

Mahai baten bueltan, bazkari goxo bat dastatuaz, partekatu zituzten beraien historiak eta istorioak Bizilagunak ekimenean parte hartu zuten familiek. Hamaika bazkari egin ziren pasa den igandean Zumaian eta 25 familia inguru izan ziren parte-hartzaileak. Ivonne Roblesen etxean izan ginen gu beraien esperientzia ezagutzen.

SOS Arrazakeria erakundeak abian jarritako egitasmoa da Bizilagunak eta zazpi urtetatik hona EAEko herri guztietan egiten da egun berean. Aurten azaroaren 13an egin da. Bertako eta atzerritik etorritako familien arteko harremanak estutzea du helburu. Bazkari baten bueltan bi familia (edo gehiago) elkartzen dira eta beraien esperientziak partekatzen dituzte. Bitartekari bat ere izaten da lekuko lanak egiten.

Zumaian bigarren urtea da era “antolatu” batean egiten dela; lehen koadrila giroan edo lagun talde artean egiten zen eta ez zen deialdi zabalik egiten. Azken bi urteotan, ordea, egin da deialdia herri mailan eta partaidetza handitu egin da. Zumaian bizi diren 25 familia inguruk hartu dute parte aurten, hamaika bazkaritan banatuta. Kasu batzuetan elkarteetan egin dira, baina gehienetan etxebizitzetan. Ivonne Robles Leonen etxera joatera gonbidatu gintuzten.

Ivonne eta alaba Maddalenek Mina Attar eta bere alaba Inaz eta Cesar Soto gonbidatu zituzten bazkaltzera. Bitartekari lanetan, Amedeo Russo aritu zen. Honen seme Rafael ere bazkaltzen izan zen. Beste bazkarietan ez bezala, kasu honetan, Maddalen izan ezik, denak ziren atzerritik Zumaiara etorritakoak. “Maddalen da hemen jaio den bakarra”, zioen Ivonne-ek. Bere kasuan 13 urte daramatza Zumaian. “Lehen urtea Donostian igaro nuen eta gero Maddalenen aitak lan bat aurkitu zuen hemen eta Zumaiara etorri ginen. Kasualitatez etorri ginela esan daiteke, baina gero herri honetaz maitemindu nintzen”.

Zumaiaz antzerako iritzia du Minak: “Zumaian sartzen bazara, gero ezin zara atera. Alabari esaten diot ea beste herri batera joan nahi duen eta ezetz dio”. Marokoarra jaiotzez, 16 urte daramatza Espainiar estatuan bizitzen. “Urte gehienak Mediterraneo inguruan egin ditut. Euskal Herrian urte eta erdi daramatzat. Hona etorri nintzenean, gorri eta berde koloreko bandera ikusi nuenean, nire buruari esan nion hau beste mota bateko lekua zela”. Frantziarekin ere alderatzen du Minak Euskal Herria. “Frantsesezko ikasketak eginda dauzkat eta nire ametsa Parisera joatea zen. Hau ikusi nuenean, pentsatu nuen Frantzian nengoela”. Inaz izeneko alaba txikiarekin agertu zen bazkarira. 4 urte besterik ez dituen neska gustura zebilen Maddalenekin jolasean. “Beste bi seme ditut baina ezin izan dute etorri. Zumaiakorekin jokatzen dute eta partida zuten. Hauek bertakoak egin dira dagoeneko”.

Falafela eta pasta izan dute bazkaltzeko eta postrearen garaian, fruta-mazedonia, eztiz estalitako opilak eta 'enrollado de dulce de leche' izeneko postre argentinar bat dastatzeko aukera dago. “Nire arbasoak italiarrak zirela-eta, saltsa bolognarra ere prestatu dute”, zioen umoretsu Amedeok. Berau ere argentinarra da urteak daramatza Zumaian bizitzen. “Bitartekari lanak egiten nabil. Gero txosten bat bete behar dut hemen gertatu dena jasotzeko”.

Ivonne-entzako ez zen izan hau Bizilagunak ekimeneko lehen bazkaria. “Lehen bi urtetan etorkin bezala hartu nuen parte. Gero pare bat urtez egon nintzen parte hartu gabe eta azken bietan etxean hartu ditut etorkinak”. Minarentzat eta Cesar Soto dominikarrarentzat lehen urtea da bazkari hauetan parte hartzen. Ekimena ondo dagoela zioen azken honek. “Jende gehiago dagoela eta bakarrik ez zaudela erakusten dizu”, gaineratu zuen Minak. “Kanpotarra zarenean bakarrik egotea oso zaila da. Halako ekimenetan parte hartu eta bertakoek gero kasu egiten dizutela ikustea oso garrantzitsua da guretzat”.

Euskaldunak harremanetan hotzak garela diotenak daude. “Espainiako jendearekin alderatuta desberdinak dira. Haiek hasiera batetik harrera beroa egingo dizute, baina hortxe geratzen da. Euskaldunak, aldiz, pixkanaka zabaltzen joaten dira eta behin besarkatzen zaituztenean, ez zaitu uzten”, azaldu zuen Amedeok. Bizilagunak bezalako ekimenak euskal familiak zabaltzeko baliagarriak direla pentsatzen dute. “Epe hori laburragoa izango litzateke urtean zehar beste ekitaldi gehiago egingo balira”, zioen Minak. Europa mailan etorkinekin geratzen ari dena ere gogoan izan zuten. “Europar Batasuna barruan etorkinekin gertatzen ari denak beldurra ematen du. Harekin alderatuta gu paraiso batean bizi gara”.

Bazkari hauek egitea positiboa dela usten dute, baina urtean zehar beste eginkizun batzuk antolatu behar zirelakoan dira, harremanak oraindik gehiago estutzeko. “Ekimen gehiago antolatu behar dira. Ez da gauza arratsaldeko zazpirak heldu eta dena bukatzea. Hori ez da posible. Gauza gehiago egin behar dira”. Ideia batzuk buruan zituzten. Hala, Minak datorren urtean ramadana egiteko asmoa du eta egun batean afalorduan etxeko ateak zabaltzeko asmoa erakutsi zuen. Urte bukaera baino lehen ospakizunen bat antolatzeko gogoa ere erakutsi zuen. “Udaletxean hitz egingo dut eta ziur urtean zehar ikusiko garela!”.