Orioko TAO: mugatua bai, baina doakoa

Baleike 2016ko urr. 20a, 10:46
Orioko udaltzainburu Jose Carrera 'Txanka'.

Orion 2000 urtearen bueltan erabaki zuten aparkalekuak arautzeko sistema bat ezartzea. Orduz geroztik egin dute aldaketaren bat, baina sistemaren oinarria berbera da: erdiguneko aparkalekuak doan bai, baina denbora mugatuarekin. Orioko udaltzainburu Jose Carrera Txanka-k eman dizkigu azalpenak.

 

Herriko hainbat kaletan espaloiak zabaldu eta galtzada estutu zutenean ikusi zuen Carrerak aparkalekuak arautzen hasteko premia. “Ordura arte, kotxea momentu baterako bigarren ilaran utzita ere bazegoen trafikoarentzat lekua. Baina espaloiak zabaldu zirenean, hori ez zen posible. Soluzio bat behar genuen”. Horrez gain, konturatuta zeuden herritar batzuek ez zutela kotxea mugitzen 10-15 egunetan, ez zutelako beharrik. Eta horrek ere irtenbide bat behar zuela pentsatu zuten. Hortik abiatuta hasi ziren gaur egun indarrean dagoen sistema lantzen.

Nola dauzkazue araututa aparkalekuak Orion?

Orion dauzkagu aparkaleku libreak –marra zuriekin–, eta aparkaleku mugatuak –marra urdinekin–. Horiek herrigunean. Eta aparte, aparkatzeko bi gune handi dauzkagu, bat hondartza aldean eta bestea futbolzelaiaren inguruan; horietan TAO dago udan eta neguan libre.

Baina erdiguneko marra urdindun aparkalekuak ez dira ordainpekoak, ez dago makinarik kalean...

Ez, doan dira, baina denbora daukate mugatuta. Gehienez, 30 minutuz aparka daiteke horietan. Hasieran 15 minutu ziren, baina konturatu ginen gutxitxo zela mandatuak eta gestioak egiteko.

Zer helbururekin bereiztu dituzue marra urdinekoak?

Gure helburua da txandakatze handia egotea, aparkaleku horiek erabiltzea mandatuak edo gestioak egiteko, eta ez denbora luzez kotxea bertan uzteko. Guk ez dugu aparkaleku bat eskaintzen diruaren truke. Hori ez da helburua. Dauzkagun aparkalekuei ahalik eta eraginkortasun handiena ateratzea da kontua.

Eta eremu urdinak non daude?

Herriaren sarreran, plazan eta Eusko Gudari osoan. Beste kaleren bat ere badago urdinez, denda eta taberna asko daudelako eta mugimendu handia dagoelako. Inguru hauetan, aparkaleku urdinez gain, badaude batzuk zuriak, libreak. Adibidez, moilan, edo Eusko Gudari kalearen amaieran.

Eremu urdinak ordutegi jakin bat al dauka?

Komertzioari begira pentsatuta dagoenez, haien ordutegiarekin doa, baina pixka bat zabalago. Goizeko 8:00etatik 13:00etara, eta 16:30etik 20:00etara. Eta malgutasun pixka bat ere badaukagu, 40-45 minutuz utz daiteke kotxea. Ordutegi horrek ondo funtzionatzen du. Eguerdian etxera bazkaltzera datorrenak aukera du kotxea eremu urdinean uzteko, ordu tarte horretan libre delako. Eta gauez ere bertan aparka daiteke. Eta kotxea egunero behar ez duenak, aparkaleku zuriak dauzka edo aipatutako beste bi aparkaleku handi horiek.

Baina oriotarrek kotxean badute TAO txartela. Hori zertarako da?

Hori da, hain zuzen ere, hondartzako eta futbolzelaiko aparkaleku handi horietan uda partean doan aparkatu ahal izateko.

Beraz, TAO txartel horrek ez du zerikusirik herrigunean dauden aparkaleku urdinekin?

Ez, herriguneko aparkaleku urdinak denentzat dira berdin: aparkatzea doan da, baina denbora mugarekin.

Eta kanpotarrek hala ulertzen al dute?

Normalean makina bila hasten dira... Esplikatzen diegu nola funtzionatzen duen sistemak, eta ondo moldatzen dira. Egun osorako badatoz, aparkaleku handietara bideratzen ditugu. Bestela, adibidez, bazkaltzera badatoz, urdinetan utzita ere molda daitezke, eguerdiko tarte horretan libre delako.

TAO txartel hori nork eska dezake?

Orion erroldatutakoek; isunak eta zergak ordainduta izatea eskatzen da.

Eta bigarren etxebizitza dutenek?

Horiek ere eska dezakete, baina etxebizitza bakoitzeko kotxe bakarrarentzat. Eta bestelako kasu berezientzat ere badaude soluzioak: enpresako kotxea erabiltzen dutenentzat, kanpotik lanera datozenentzat...

Zamalanetarako lekuak bereiztu al dituzue?

Ez, ez ditugu bereiztu, bestela aparkaleku horiek egunaren parterik handienean erabili gabe gelditzen dira eta. Gremioek-eta eremu urdina erabil dezakete eta denbora gehiago uzten diegu, beharraren arabera.

Gorriz marraztutako eremu txiki bat ere badago. Horrek zer berezitasun du?

Auzo hori dago justu autopistako zubia baino lehen, hondartzako TAO aparkalekuarekin mugan. Udan zer gertatzen zen lehen? Ba, mugan zegoenez eta aparkalekuak libreak zirenez, kanpotar askok hor aparkatzen zutela. Auzo horrek soluzio berezia behar zuela pentsatu genuen, eta horregatik kale batean aparkalekuak gorriz daude. Horrek esan nahi du bertan bakarrik aparka dezaketela TAO txartela dutenek. Berdin du auzokoa izan edo ez, baina TAO txarteldunek soilik.

Eta sistema hau urte osoan al dago indarrean?

Herriguneko eremu urdinak bai, urte osoan. Aldatzen den bakarra da bi aparkaleku handietako TAO. Udan ordaindu egin behar da, eta neguan libre.

Hondartzan eta futbolzelaian dauzkazuen bi aparkaleku handi horietan zenbat kotxe sartzen dira?

Hondartza aldean mila inguru, eta besteak 300 bat.

Asko erabiltzen al dira udan? Irtenbide ona al da?

Bai, asko erabiltzen dira. Aurten 55.000 kotxe ibili dira, batez ere uztailean eta abuztuan. Soluzio ona da udan.

Eta kobraketa sistema hori zuek kudeatzen al duzue?

Bai. Tiketentzako makinak alokatzen ditugu, baina Udala bera arduratzen da kudeatzeaz.

Sistemarentzat hobekuntzarik pentsatu al duzue?

Agian, nahiz eta doan izan, eremu urdinetarako makinak jarriko genituzke, jendeak tiketa jartzeko kotxean. Baina gastu bat egitea etekinik ez ateratzeko... Uste dugu sistema erosoa daukagula. Erdigunera etorri behar baduzu erosketak egitera, kontxearekin mugitzeko arazorik ez daukazu, nahikoa denbora daukazu mandatuak egiteko, tiketa atera gabe eta doan.