Zarauzko TAO: udan, ordainpekoa herri osoan

Baleike 2016ko urr. 20a, 10:46
Zarauzko alkateorde Jesus Arana eta ingurumen zinegotzi Maite Garrastazu.

Zarauzkoa izango da inguruko herrietan aurki daitekeen TAO sistemarik garatuena, konplexuena. Herri guztira zabaldu dute, eta aparkaleku guztiak daude modu batera edo bestera mugatuta. Alkateorde Jesus Aranak azaldu dizkigu Zarauzko TAOren ezaugarri nagusiak.

Zarautzen badira urte batzuk TAO sistema martxan jarri zutela. Hasieran, erdigunean bakarrik. “Baina hori egiten duzunean ondorioa da arazoa inguruko auzoetara zabaltzen duzula”, dio Zarauzko alkateorde Jesus Aranak. Horregatik, herri osora zabaltzea izan zen hurrengo urratsa. Eta hala dago gaur egun: Zarautzen aparkaleku guztiak daude araututa.

Zergatik erabaki zen Zarautzen TAO sistema martxan jartzea?

Zarautzen aparkalekuekin arazoa dagoela denok dakigu. Batik bat, erdigunean, zerbitzu asko han daudelako, eta zarauztarrak eta inguruko herrietakoak hara joaten direlako. Udan, are nabarmenagoa da arazoa. Zarautzek 23.000 biztanle ditu eta, udan, zenbait egunetan, hirukoiztu egiten da kopurua. Beste datu bat: Zarautzen, lurrazalean, 5.263 aparkaleku daude; kotxeak 10.000tik gora –lur-azpiko aparkaleku pribatuak, 8.300 inguru–. Beraz, baliabide bat eskasa denean, banatu egin behar da; eta horixe da TAO, aparkalekuak banatzeko sistema bat. Dagoen gutxi hori ondo kudeatzea da ideia.

Nola daukazue antolatuta?

Kontuan izan behar ditugu, lehenik eta behin, erabiltzaile motak. Bereiz ditzakegu: herrian bizi diren zarauztarrak; inguruko auzoetan bizi direnak eta eguneroko bizitza Zarautzen egiten dutenak; inguruko herrietatik etortzen direnak; eta, beste bloke batean, bisitari kanpotarrak: batzuk egun bakarrerako etortzen direnak eta beste batzuk opor luzeagoak pasatzera datozenak. Perfil horien guztien beharrei erantzun behar zaie. Horiek aintzat hartuta antolatu ditugu aparkaleku motak.

Zein dira mota horiek?

Hiru aparkaleku mota nagusi bereiztu ditugu: txandakatze edo errotazio handikoak, eremu urdina eta egoliarrentzako aparkalekuak. Lehen mota gehiago zeuden, baina guk sistema sinplifikatu egin dugu.

Esplikatu bakoitza zertan datzan, mesedez.

Txandakatze handiko guneak marra zuri-urdinez daude bereiztuta. Batik bat, komertzio asko dagoen inguruetan daude. Pentsatuta daude jendeak erraztasunak izan ditzan mandatuak edo gestioak egiteko. Beraz, aparkatzeko denbora mugatuta dago: gehienez 90 minutu. Horregatik deitzen zaie txandakatze handikoak. Ez dira kotxea goiz edo egun osoan bertan lagatzeko guneak.

Gune horiek ordainpekoak al dira?

Bai, tiketa erosi egin behar da, herritar izan edo ez izan, egoiliar txartela izan edo ez izan.

Gune urdina esan duzu bestea. Hori da TAO bezala ezagutzen duguna...

Hori da. Urdinez pintatutako aparkalekuetan denbora gehiagoz utz daiteke kotxea, egun osoan. Hau ere ordainpekoa da, tiketa erosi behar da.

Eta egoliarrenak nola dauzkazue antolatuta?

Hauek lehen marra gorriekin zeuden bereiztuta, baina hori aldatu egin behar izan dugu eta orain “24 O/H E/R” jartzen du aparkaleku horietan. Horiek gordeta daude egoiliar txartela dutenentzat, auzotarrentzat. Gau eta egun, uda zein negu, aparkaleku horiek beraiek erabiltzeko dira.

Baina auzoka daukazue mugatuta edo txartelarekin herri osokoak erabil daitezke?

Ez, mugak daude. Zarautz sei eremutan daukagu banatuta. Lehen, egoiliar txartelarekin zure eremuko egoiliarren aparkalekuak baino ezin zenituen erabili. Hori orain pixka bat malgutu egin dugu, eta aukera dago beste eremuetako egoiliarren aparkalekuak erabiltzeko, baina ordubeteko mugarekin. Erabaki hau hartu dugu, mandatuak edo gestioak egiteko erraztasuna emateko. Zu laugarren eremuan bizi zara eta ama bigarrenean; eta autoan joan-etorri bat egin behar duzu amari aulki batzuk eramateko. Bada, orain erosoago egingo duzu, amaren auzoko egoiliarren aparkalekuak erabiltzeko aukera daukazulako. Neurri honek arrakasta handia izan du.

Orduan, egoiliar txartelak eskubidea ematen du soilik egoiliarrentzat gordetako aparkalekuak erabiltzeko?

Zure eremuko gune urdinean ere aparka dezakezu ordaindu gabe. Beste eremu batera bazoaz, orduan ordaindu egin behar da. Eta zuri-urdinetan bai, beti ordaindu behar da.

Eta egoiliar txartela nork eskura dezake?

Zarautzen erroldatutakoentzat da txartela. Horrez gain, Udalarekin zorrik ez izatea eskatzen da. Etxe bakoitzeko kotxe kopurua ez dago mugatuta, baina zenbat eta txartel gehiago eskatu orduan eta garestiago.

Eta Zarautzen erroldatu gabe baina bigarren etxebizitza duenak?

Horientzat TAO txartel bereziak daude. Berdin kanpotik lanera datozen langileentzat. Saiatu gara kasu bakoitzari bere erantzuna ematen.

TAO sistema hau guztia urte osoan al dago indarrean?

Ez. Sistema osoa udan bakarrik, ekainaren 15etik irailaren 30era arte. Egoliarren aparkalekuak beti daude mugatuta, urte osoan 24 orduz. Beste biak, urdina eta zuri-urdina, goizeko 8:00etatik gaueko 20:00ak arte. Gauez libre. Eta neguan eremu urdina libre bihurtzen da, bat eremuan (erdigunean) izan ezik. Zuri-urdina, txandakatze-handikoa, urte osoan dago indarrean.

Udalak kudeatzen du zuzenean edo enpresa bat arduratzen da?

Enpresa bat daukagu kontratatuta TAO sistema guztia kudeatzeko.

Zenbat lanpostu sortzen ditu?

Neguan hiru langile egoten dira, eta udan dozena inguru.

Autokarabanekin nola jokatzen duzue? Ba al dute aparkaleku berezirik?

Bai, beraientzat propio prestatutako TAO gune bat daukagu, Aritzbatalde aldean. Han dauzkate behar dituzten zerbitzuak, eta eroso daude, zelai baten ondoan...

Ordainpekoa al da?

Bai, ordainpekoa da.

Eta handik kanpo aparkatzen badute?

Handik kanpo, baldin eta aparkalekuan kabitzen badira, eskubidea dute legez, kotxeek bezala. Baina ezin dute akanpatu. Hau da, debekatuta dago trasteak ateratzea, aparkalekuaren espazioa gainditzea. Gu saiatzen gara hori saihesten eta gonbidatzen ditugu prestatutako gunera joan daitezen. Hasieran kostatu zen, baina aurten mugimendu handia izan du gune horrek. Egun osorako tarifa berezi bat daukate.

Aipatutako sistemaz gain, Zarautzen bestelako aparkalekuak ere badauzkazue.

Lur-azpiko bi aparkaleku dauzkagu, Munoakoa (272 leku) eta Lege Zaharren enparantzakoa (156 leku). Eta horiez gain, udan, beste aparkaleku batzuk prestatzen ditugu. Adibidez, San Pelaion Kortazarreko zelaian, Itsasmendin...

 

Aplikazioarekin ordaintzeko aukera

Zerbitzua berritzeko lanean ari dira Zarautzen, eta datorren urterako badauzkate ideia berriak. “Udan ikusi dugu zenbait gune gainezka egon direla, kotxe denak hara joaten direlako, eta handik gertu lekua libre aparkatzeko...”, kexatu da Arana. “Ohartu gara informazioa funtsezkoa dela sistema ahalik eta eraginkorren izan dadin; horregatik, datorren urterako pentsatu dugu semaforoen moduko sistema bat erabiltzea, lur-azpiko parkinetan erabiltzen denaren modukoa, jendeak jakin dezan non dagoen lekua eta non ez”.

Eta horrekin batera, mugikorretarako aplikazio bat ere sortuko dute. “Tiketen makinekin jarraituko dugu, baina makinek batzuetan akatsa ematen dute, sistema nahiko konplexua delako. Datorren urtean, aplikazioarekin, askoz erosoagoa izan da, eta aukera berriak emango ditu. Esate baterako, bilera batean zaude eta tiketaren denbora agortu zaizu. Orain aukera bakarra da bileratik altxa eta tiketa berritzea. Aplikazioak aukera emango dizu bileratik altxa gabe denbora gehiago erosteko”.

Erlazionatuak