Game of Thrones

Horrela irudikatu dute Game of Trones Zumaian

Baleike 2016ko urr. 17a, 09:39

Itzurunen Game of Throne-eko zer eszena grabatuko duten, galdera horren erantzuna nahi dute telesaileko jarraitzaileek. Gidoiaren gaineko guztia erabateko sekretua da eta ez dago jakiterik, baina Josu Waliño eta Daniel Carballo ausartu dira Zumaian grabatuko dena irudikatzera. Hemen daukazue Baleike aldizkarian argitaratutako marrazkia eta eszenaren kontakizuna. Asmatuko ote dute?

Herensugeak Itzurunen

Josu Waliño

Ur azala beltz ageri da, oihal beltzek estalia, Itsaso Meharra alderik alde zeharkatzen duten itsasontzien oihalaren kolorea. Beltzaren gainean gorriz hiru buruko herensugearen ikurra ageri da bela guztietan, harro, Daenerys Targaryen-en ikurra delako, herensugeen ama, Andaloen erregina, Westeroseko konkistara abiatu den Khaleesi izugarria.

Ehunka dira Daenerysen flota osatzen duten itsasontziak, guztiak gerlariz goraino beteta: esklabutzatik liberatutako Orbangabeak, batetik; Daenerysen alde jarritako Krakenaren semeak, bestetik; eta, azkenik, itsasoari dioten izua gaindituz haien Khalessiari jarraitzen dioten Dothraki basatiak. Lasai doaz gerlariak, badakitelako beste inork ez duen arma dutela alde: Drogon, Rhaegal eta Viserion, sua eta izua zabaltzeko prest dauden hiru herensuge beldurgarriak.

Herensugeak flotaren aurretik doaz, zerua zeharkatuz, gudaren prestutasunean sua jaurtiz, airetik ikusgai dutelako bere helburua: Itzurungo labarrak, eta gailurrean harro, zerura altxatzen den Dragonstone gaztelua, Targaryen familiaren gotorlekua. Bere arbasoen etxea berreskuratuz abiatuko du Daenerys Targaryen-ek Westeroseko konkista, leinuz dagokion Burdin tronua berreskuratzeko asmoz.