Buruz buruko 11. txapela lor dezake bihar Goikoetxeak

Baleike 2016ko ira. 16a, 10:05
Sasoi onean iritsi da Goiko Buruz-buruko Txapelketako finalera. Argazkia: Peio Romatet

Hormaetxeari irabazi zion atzo Bilboko Bizkaia pilotalekuan jokatutako Buruz-buruko Txapelketako finalaurrekoa, bi setetan (12-7 eta 12-11). Finala bihar jokatuko du Olharanen aurka –Egigureni irabazi zion–, 17:45ean, Bilbon.

Kopuruak berak dena esaten du. Lasai asko esan daiteke etxean buruz-buruko hamar txapel dauzkan pilotariak aro oso bat dominatu duela. Hori ez du inork zalantza jarriko, are gutxiago Iñaki Osa Goikoetxearen kasuan, txapeldun handia 11.aren bila baitoa bihar Bilbora.

Hormaetxearen kontrako finalaurrekoan berriro erakutsi zuen inork baino gaitasun eta baliabide gehiago dauzkala kantxa dominatzeko. Gainera, sasoi puntu ona harrapatu du udak aurrera egin ahala, eta gozatzen ari da. Atzo orduerdi nahikoa izan zuen Hormaetxeari irabazteko. Lehen seta di-da batean erabaki zuen, 10-2 aurreratuta, Hormaetxeak erremate zaparradari aurre egin ezinik. Bigarrenak beste itxura bat izan zuen. Hormaetxeak hortzak estutu eta lanak eman zizkion Goikori, defentsa ikaragarriarekin. Azken tanto ikusgarria izan zen set osoaren laburpen onena, Hormaetxeak dena jaso eta Goikok tantoa atzean bukatu.

Beste finalaurrekoan Olharanek lortu zuen azken partidarako txartela, Egigureni 6-12 eta 9-12 irabazita. Egigurenek nekatu samar amaitu zuen partida, partidaz betetako uda eta gero. Olharanek joko bizia eta eraginkorra erakutsi zuen, eta ez da batere aurkari erosoa izango bihar Goikorentzat.