Santio beach

Erabiltzailearen aurpegia Imanol Azkue Ibarbia 2016ko abu. 28a, 21:40

Duela egun batzuk, ikusi nuen Santiagoko paduraren ondoan kartel berri bat jarri zutela, itxura berezikoa, surf-ohol baten modukoa. Presaka nintzen, baina gerturatu, begiratu eta zerbaitek eman zidan atentzioa: ingelesez zegoen, Santio beach, oh, yeah.

Gero jakin nuen zerena zen panel hura (ikusi hemen: Kantauri kostaldeko dunak zaintzeko Arcos proiektuan sartu dute Santiagoko duna). Oso arraroa egin zitzaidan ingeles hutsean jartzea, euskaraz edo (batez ere) gaztelaniaz ere ez egotea, eta gaur begiratzera joan naizenean, ikusi dut panel horrek badaukala atzeko aldea, txanponek bezala, eta padura aldera euskaraz dagoela.

Baten batek esango du informazioa ele bietan dagoela, euskaraz ere badagoela, eta ez dela gutxi. Baina testua euskarri berberan jarriz gero, nahitaez hizkuntza bat lehenetsi beharra dago, eta pentsatzekoa da hemen, Zumaian, euskarak izan beharko lukeela lehentasuna. Euskarari lehentasuna emateko, panela jarri aurretik pixka bat pentsatuz gero, ondoriozta daiteke jende gehienak errepidearen aldetik ikusiko eta irakurriko duela; hondartza/eskollera aldetik datorrenak, berriz, seguru asko jakingo du zer den Santiagoko hondartza, handik datorrelako. Horregatik, uste dut egokiagoa litzatekeela panel horri buelta erdia ematea eta euskarazko bertsioa jartzea errepidearen aldera, euskarari lehentasuna eman nahi badiogu, behintzat.

Eta komentatzen hasita, atentzioa eman dit hondartzaren izena Santio idazteak (“SANTIOKO HONDARTZA”), eta ez Santiago. Gustura jakingo nuke zeren arabera aukeratu den idazkera hori, eta ez, adibidez, Santiyo edo Santidxo.

Komunitate honetantxe lehengoan Kattanek zioen gauzak ez ditugula bitan pentsatzen, eta panel hau jartzean ez dut uste bitan pentsatu dutenik.