Musika Bandak pop mundura egingo du salto

Baleike 2016ko uzt. 23a, 10:18

Zumaiako Udal Musika Bandak bi aurpegi erakutsi ditzake: balsak eta pasodobleak jotzen dituen talde serioa edo rock eta pop mundua ukitzen duen musika talde jostagarria. Gaur gauean bigarren talde honen janzkerak hartuko ditu Ondartxo plazan emango duen kontzerturako (23:00etan).

Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen Bandak kontzertu ederra eskaini zuen pasa den sanpedrotan, plazan. Gau horretan bertan, plazan baita ere, bailableak jo zituen udal bandak. Larunbat honetan, baina, beste aurpegi bat erakutsiko du musika taldeak. Seriotasuna alde batera utzi eta pop musikaren doinu koloretsuetara egingo du salto, ZUMB goes pop! izeneko emanaldian. 23:00etan izango da, Ondartxo plazan.

“Sanpedrotan kontzertua eta bailableak eskaini genituen, eta oso ongi egon zen, baina hemen beste aurpegi bat erakutsi nahi dugu; beste entzulego bat erakarri nahi dugu, gazteagoa, eta horregatik antolatu dugu kontzertu hau”, azaldu digu Bandako zuzendariak. “Jakitun gara zaila dugula entzulego honengana heltzea, helduentzako musika jotzen dugula pentsatzen dute, eta horregatik oso bestelako errepertorioa pentsatu dugu”.

Azken urteotan pop munduan izen esanguratsuak bihurtu diren talde eta bakarlarien kantak joko ditu ZUMBek: Coldplay, Bruno Mars, Avicii, Pitbull, Maroon 5… “Lan hauen bandarako moldaketak ez zeuden eginda; pixkanaka joan gara probatzen eta zerbaitek huts egiten zuenean, berriro idatzi eta probatzen”.

Larunbateko kontzertu honetarako errefortzuak izango ditu Bandak: bateria elektronikoa, gitarra eta baxu eletrikoak, etab. “Elektrotxaranga baten itxura eman nahi diogu Bandari, baina, kalitatezko elektrotxaranga batena”. Kontzertuak ordubete inguruko iraupena izango eta jarraian joko dugu, atsedenik gabe”, nabarmendu du Joxe Mari Azkuek. Egindako moldaketek izango dute zer ikusia. “Kanta bat bestearekin lotu dugu eta hala jarraipena izango du. Gero, atsedena hartzen dugun uneetan, Jon Urbieta izango da DJ lanetan tarteak betetzen.

Hasiera batean rock talde batekin kolaboratu nahi duen Bandak udako kontzertu honetarako. Iseka taldearekin hitz ere egin zuen, baina, une honetan, taldeak atseden bat hartu du, behin betikoa izan daitekeena. “Rock talde batekin lan egiteko ideia hori, baina, ez dugu alde batera utzi eta agian datorren urtean gauzatuko dugu”.

Erlazionatuak