Final-zortzirenetan bukatu da Alex Urangaren bidea Arican

Baleike 2016ko uzt. 7a, 19:03
Alex Uranga Aricako olatuan. Argazkia: P. Jimenez /APB Tour

Aurreko hiru errondetan maila bikaina erakutsi du Alex Urangak, baina final-zortzirenetan ezin izan du Dave Hubbard hawaiiarra gainditu. Uztailaren 13an bueltatuko da Zumaiara, eta orduan izango du lagunekin eta zumaiarrekin duela astebete Brasilen lortutako garaipen handia ospatzeko aukera.

Brasilen lortutako garaipen handiari segida emateko itxaropentsu zegoen Alex, Txileko olatu bortitza oso gustuko baitu. Txapelketan zehar erakutsi du sasoi bikainean dagoela, maniobra ederrak egin ditu eta onenen artean bukatzeko faboritoen artean zegoen.

Baina final-zortzirenetan gauzak ez dira atera espero bezala. Dave Hubbard hawaiiarrak aurrea hartu du kanporaketa hasi bezain pronto, bi olatu onekin 15 puntu jasota. Alexek atzetik ikusi du bere burua kanporaketa guztian, baina azken unera arte izan du irabazteko aukera. 8.75eko olatu on bat zuen eta, bi minuturen faltan, une horretan Hubbarden 15.15eko puntuazioa gainditzea lortu du, 6.50 olatu batekin. Baina hurrengo olatuan bukatu dira aukera guztiak, Hubbardek eskuinerantz hartuz, behe-behetik gora egin eta sekulako maniobra egin baitu. Eguneko puntuazio altuena lortu du Hubbardek, 9.65eko maniobra. Minutu bat gelditzen zen, eta ezertarako aukerarik ez.

Aricako ibilbidea nahi baino lehen bukatu den arren, pozik bueltatzeko moduan da Alex Zumaiara. Brasilgo garaipena ikaragarria izan zen eta lagunekin ospatzeko gogotsu egongo da. Hego Amerikako bi probak jokatuta, hurrengoak Portugalen izango dira, irailean eta urrian.