Alex Urangak irabazi du Itacoatiara Pro 2016

Baleike 2016ko eka. 26a, 21:46

Alex Uranga Itacoatiarako olatuan. Argazkia: APB Tour

Handia egin du Alex Urangan Brasilen: Munduko Bodyboard Zirkuituko proba Itacoatiara Pro 2016 irabazi du, finalean Pierre Louis Costes handia mendean hartuta. Munduko onenen zirkuituan lortzen duen bigarren garaipena da –Reunion Irlak, 2011–, lehena maila gorenean lehiatzen denetik.

Bosgarren urtea du Alexek bodyboardaren maila gorenean. 2011an bodyboardzaleak aho zabalik utzi zituen Reunion Irlan irabazi zuenean. Orduan ez zegoen maila gorenean, inork ez zuen ezagutzen, eta sekulako balentria egin zuen kanporaketa guztiak gainditu eta finala ere irabaziz.

Bost urte hauetan maila ona erakutsi du, onenekin lehiatzeko gai dela, baina garaipena falta zitzaion. Iazkoa ez zen urte ona izan, lesioa izan zuen belaunean eta denboraldia zapuztu egin zitzaion. Belauna osatzea izan zen orduan bere lehentasuna. Aurten erabaki zuen Hawaiiko proba kuttunera ez joatea, hobeto prestatzeko. Denboraldiko bigarren proban ez zuen bere maila eman, eta Brasilera "zerbait berezia" egiteko gogoarekin joan zen. Bai egin ere! Txapelketa bikaina egin du lehen kanporaketatik, eta finalean jaun eta jabe izan da, beti oso aurkari zaila den Pierre Louis Costesen aurka.

Costesek hartu du aurrea finalean, bi olatu txukunekin, baina Alex ez da urduri jarri. Olatu on bat zuen eta bere unean zain egon da. Eta finala amaitzeko 11 minuturen faltan iritsi da. Alexek maniobra zoragarria egin du, altuera handia hartuz, eta epaileek nota bikaina jarri diote: 9.75. Une horretan 17.40ko puntuazioa zuen eta Costesek 15.55. Saiatu da Costes olatu on bat hartzen, baina ez du asmatu, eta Alexentzat izan da garaipena.

Emaitza hau bultzada handia izango da Alexentzat, txapelketa irabazteko lehian sartzeko. Bihar bertan Txileko Aricara doa, bere olatu gustukoenetarako, Munduko Zirkuituko hurrengo proba han izango baita.