Aitor Olaziregi bigarren izan da Euskadiko erlojupeko txapelketan

Baleike 2016ko eka. 12a, 10:35

Egun ederra bizi izan zuen atzo Aitor Olaziregi txirrindulari zumaiarrak. Euskadiko erlojupeko txirrindularitza lasterketa korritu zuen gazteak eta bigarren postuan igo zen podiumera. Pozik egoteko arrazoiak zituen Aitorrek.

Hiru hilabetez atsedena hartzera behartu duen gaixotasun batetik sendatu ondoren korritu duen lehen hitzordu garrantzitsua izan da larunbatean Iturmendin korritutako lasterketa. Iaz erlojupeko Euskadiko txapelketa irabazi zuen, baina aurten, gaixotasuna medio, ez zirudien borroka emateko gai izango zenik. Baina ezusteko galanta eman zuen zumaiarrak, bigarren postu bikain bat eskuratu baitzuen. 19 kilometroak 25:23:93 denborarekin bete zituen Ampo klubeko txirrindulariak, lasterketa irabazi zuen Diego Lopezengandik (Fundacion Euskadi-EDP) 9 segundora. Hirugarren postuan Aizarnazabalgo Gorka Etxabe sailkatu zen. Alboste pozgarria da Zumaiako Txirrindulari Elkartea-Viveros San Anton klubarentzat, bi txirrindulariak, Aitor eta Gorka, klub honetan hasiak eta haziak baitira.

Euskadiko txapelketan lortutako sailkapenei esker, bi txirrindulariek ekainaren 23an Alacanten jokatuko den Espainiako erlojupeko txapelketa jokatuko dute, Euskadiko selekzioarekin.

Aurretik, baina, Gipuzkoako txapelketa jokatuko dute. Asteartean korrituko da, Aizarnazabalen.