Aitor Olaziregi, normalizaziora gerturatzen baina oraindik urrun

Baleike 2016ko eka. 10a, 16:24

Aitor Olaziregi (AMPO) txirrindulariak hiru hilabetez atsedena hartzera behartu duen mononukleosis gaitza gainditu ondoren, lasterketetara normaltasunez itzuli nahi du.

Hiru hilabete bizikleta ukitu gabe denbora asko da, neguan egindako lan guztia galdu du, baina badirudi gaitza gainditu duela eta orain hilabete darama, aurredenboraldian, bezala pedal kolpe ona aurkitze lanean. Entrenamenduetan hasita, nahi baino lehenago heldu dira erlojuaren aurkako Euskadiko eta Gipuzkoako txapelketak, ezinbesteko lasterketak Espainiako txapelketarako txartela eskuratzeko. Oraindik ere hilabete beharko du sasoi txukunean izateko, baina, ahalegin handia eginda eta ausart, bihar Euskadiko txapelketan izango da eta asteartean Gipuzkoakoan.

Zoritxarrez iaz Euskadiko txapelketa irabazi zuen pedal kolpetik urrun dago oraindik, baina ahal duen guztia emaera errepideratuko da Ampo-Goierriko Txirrindularitza Bultzatuz taldeko koloreak defendatuz.

Bihar Iturmendin (Nafarroa), 23 urtez azpiko bakarkako erlojuaren aurkako Euskadiko Txapelketan, 19 km-ko ibilbidean 25 ziklista izango dira parte hartzen. Ibilbide zaila eta gogorra prestatu dute. Lasterketa 14:30ean hasiko da eta Aitor Olarizegi 14:54ean abiatuko da; azkena izango da egungo txapelduna bera baita.

Asteartean, Aizarnazabalen, Gipuzkoako Txapelketa jokatuko da eta bertan 18 ziklista lehiatuko dira 21 km-ko ibilbidean. Zirkuitu ezaguna da, exigentea baina ederra bakoitzaren ahalmena neurtzeko. Lasterketa honetan ere  Aitor Olaziregi irteeran azkena izango da, iazko txapelduna, Mikel Aristi profesionaletan baita Delco-Marsella taldean. Beraz, txapeldunordeak izango du irteeran azken tokian abiatzearen ohorea.

Olaziregi gogotsu dago baina egoeraren jabedun da: hilabete eskasean ezin da gorputza erabat ahulduta utzi duen gaitza menderatu eta bere puntuan izan. Baina, lan duin bat egiteko prest dago.

Denboraldi honetarako ziklista zumaiarrak zituen helburu guztiak pikutara joan dira, baina uztaila-abuztua-iraila oraindik ere lasterketez betetako hilabeteak dira eta hortxe maila on bat erakutsi eta aurpegia ematearekin amets egiten du orain, aurtengoak horrela beharko baitu. Orain urtebete kirolaren garaipenak eskaintzen duen aurpegi gozoa ezagutu zuen, baina kirolak garratzetik ere asko du eta aurten aurpegi mingotsa erakutsi dio, gaitzarena; aurre egin eta lanean hasteko prest da Ampoko ziklista.