Iñigo Peña: "Izugarrizko poza sentitzeaz gain, pisu bat kendu nuen gainetik"

Baleike 2016ko mai. 12a, 21:36

Argazkia: Instagram

Iñigo Peña piraguista zumaiarrak Rioko joko olinpikoetarako txartela berretsi du. Espainiako selekzioko K4ak iaz lortu zuen txartela baina kirolariek hautatze estropada pasa dute.

Oraingoan bai, ezbehar larri bat izan ezean, Iñigo Peña piraguista zumaiarra Rioko joko olinpikoetan izango da eta txikitatik zuen amets hori gauzatuko du. Iazko abuztuan lortu zuen Espainiako selekzioak K-4 ontzia Brasilerako sailkatzea, baina balentria hura erdietsi zuten lau kirolariek beraien presentzia berretsi behar zuten hautatze estropada batean. Peñak non eta uretan baieztatu zuen baietz, Londresekoan ez bezala, Rioko jokoetako lehian hartuko zuela parte.

"Ba bai, pisu bat kendu dut gainetik. Gu laurok ginen titularrak, baina leku hori nominala bihurtzeko baldintza batzuk eskatu zizkigun Espainiako Federazioak eta horregatik tentsio pixka bat bazegoen", azaldu digu Peñak Madrildik, Blume errendimendu handiko zentrotik. Rodrigo Germade galiziarrak, Javier Hernanz eta Oscar Carrera asturiarrek eta Iñigo Peña zumaiarrak Milanen jokatutako Munduko txapelketan lortu zuten beraien piragua olinpiadetara sailkatzea, baina, Iñigok dioen bezala, Federazioak beste hautatze estropada bat programatu zuen, Santa Cruz de Trasonako (Asturias) urtegian. "Lehenengo zortzi denbora onenetan sailkatu behar ginen K1ean. Nik zazpigarren denbora egin nuen, ez zen nire txapelketarik onena izan, baina baldintzak bete nituen".

Hautatzeko estropadan tentsioan joan zela dio Itxas-Gain elkarteko kirolariak: "Ez nuen proba ona egin, irteera eskasa egin nuen eta estropada osoa tensioan joan nintzen. Lehenengo zortzi postuak ziurtatzera joan nintzen". Zazpigarren denbora onena egin zuen estropada honetan eta edozeinek imajina dezake zer pasa zen bere burutik helmuga zeharkatuta txartela berea zela ziurtatzean. "Izugarrizko poza sentitu nuen eta, aldi berean, arinago sentitu nintzen, pisu bat kenduta".

Tentsioa eta urduritasuna barrenean eramango zuen, baina, azaltzen digunez, garbi zuen jokoetara sailkatuko zela: "Egia esan kanpoan geratzeko beldurrik ez nuen, argi nuen baldintzak beteko nituela, nire bizitza osoan lehengo zortzi postuen barruan izan naiz eta".

85 egun falta dira 2016ko olinpiada hauek hasteko. Printzipioz abuztuaren 8an joango dira Brasil aldera, "baina data hau ez da behin betikoa". Oraingoz aurrez zehaztutako prestakuntzarekin jarraituko dute: "Datorren astean Alemaniara goaz, Munduko kopan parte hartzera eta ondoren Ourensen egingo ditugu bost aste. Entrenamentu zentro berri bat zabaldu dute bertan azpiegitura oso onekin".

Amets bat betetzekotan da eta, hori lortuta, zergatik ez beste amets bat izan? "Helburua dominen lehian izatea da; aukerak badaude eta horren bila joango gara".