EH Bildu: “Herriarentzat lan egiteko gogotsu gaude”

Baleike 2016ko mar. 19a, 12:11
EH Bilduren udal taldeko zinegotziak, gaur goizean, udaletxe atarian.

Duela sei hilabete Udal Gobernuari proposatutako elkarlanak erantzunik jaso ez duenez, aurrerantzean proposamenak herritarrei egin eta Udalean defenditzeko erabaki hartu du Zumaiako EH Bilduk. Udal Gobernuak aldebakartasunetik hartutako erabakiek herrian tentsioa eragiten ari direla salatu dute, gaur goizean udaletxeko pleno aretoan egindako prentsaurrekoan.

Joan den urteko udal hauteskundeak eta gero, oposiziotik ari da lanean EH Bildu. “Herritarren erabaki onartu eta herriarentzat lan egiteko gogotsu gaude. Jarrera gogorrak alde batera utzi ditugu hasieratik, herrian alferriko tentsioak saihesteko; gure jarrera beti izan da eraikitzailea, proposamenak egitea eta elkarlanerako eskua zabaltzea”. EAJrekin elkarlanerako aukera ikusi zuten, bi hauteskunde programa alderatzean 40 neurri zehatzetan bat egiten zutela ikusita. “Irailean elkarrekin lan egiteko proposamena egin genion Udal Gobernuari, lehia politikoaren gainetik. Arloka antolatuta dauzkagun lan taldeen laguntza ere eskaini genion, denok herriaren alde lan egiteko. Sei hilabete pasa dira eta ez dugu inolako erantzunik jaso, ez publikoki ez pribatuan”.

Elkarlanerako aukerarik ez eta, gainera, Udal Gobernuaren jarrera itxia kritikatu du EH Bilduk: “Sei hilabete hauetan Udal Gobernuak funtzionatu du gehiengo osoa balu bezala, beste alderdiak erabat baztertuz. Batzorde oso gutxi antolatzen dira, informaziorik ere apenas jasotzen dugu. Plenoetan ez da eztabaidarik onartzen, erabakiak hartuta datoz aldez aurretik eta ez dago debaterako aukerarik. EAJk erabaki du, aurreko legealdian bezala, lehia politikoan jarraitzea, horrek sortzen duen tentsioarekin”.

Gaur prentsaurrekoan iragarri dutenez, aurrerantzean herritarrei zuzenduko dizkiete proposamenak:
“Sei hilabete eta gero, erabaki dugu zain egoteari uztea. Hemendik aurrera, gure proposamenak herritarrei helaraziko dizkiegu, gu lanerako baikaude. Herrigintza egiteko gaude. Babes handia jaso genuen hauteskundeetan, eta herri programa eraikitzeko lanean ari gara. Gure proposamenak herriari aurkeztuko dizkiogu eta ondoren Udalean defendituko ditugu”.

Galdutako aukerak eta tentsioa

Aurreko legealdian hondakinen inguruan lortutako adostasuna bertan behera utzi izana jarri du EH Bilduk Udal Gobernuak hartu duen bidearen adibidetzat: “Sei hilabete hauetan Udal Gobernuak erakutsitako jarreraren ondorioz, posible ziren hainbat akordio ezerezean gelditu dira. Adibidez, hondakinen inguruan aurreko legealdian adostutako bidea bertan behera utzi dute. Asko kostatu zen akordio hura, elkarrizketa korapilotsuak izan ziren, baina lortu zen gai teknikoa politikatik ateratzea. Orain ez dakigu zer asmo dituen Udalak”.

Era berean, hainbat erabakik herritarrengan alferriko tentsioa sortu dutela salatu dute: “Pankarten eta pintaden inguruan sortu den auzia , adibidez. Udaleko beste taldeekin eta herritarrekin batere landu gabe hartu dute erabakia, eta horrek tentsioa baino ez du sortu herrian. Bi urteko haurren udalekuekin nola jokatu duten ere oso adierazgarria da. Hartutako erabakiak guraso, eskola eta beste alderdion kontrako erantzuna izan zuela ikustean, udalekuak kentzea erabaki dute. Musika Patronatua desegiteko erabakia ere inorekin partekatu gabe hartu zuten. UEMAko bileratan oraindik ez du parte hartu Zumaiak, ordezkariak plenoan izendatu gabe daudelako. Urola Kostako Hitzari ia erabat kendu zaio diru laguntza, arrazoi garbirik eman gabe. Udal aurrekontu proposamena plenoa baino 15 egun lehenago eman ziguten, lantzeko inolako aukerarik gabe... Eta horrela adibide asko”.

Udaleko funtzionamenduan ere zailtasun omen dauzkate, batik bat hirigintzako batzordean: “Udalean inoiz ez da arazorik izan batzordeak egiteko ordutegiak adosteko. Guk eskatu genuen ordutegi batzuk finkatzea denon artean, batzordeetara ordezkari guztiak etorri ahal izateko. Bada, bereziki hirigintza batzordean oztopoak baino ez ditu jartzen gobernu taldeak. Egun batean goizeko 8:30ean izan daiteke batzordea, hurrengoan 12:30ean... Gure ordezkariak bere lan ardurak dauzka eta batzordeak arratsaldean egitea eskatu dugu behin eta berriro, are gehiago jakinda udal taldeko bi ordezkariak liberatuta daudela eta ordutegi aldetik malgutasun handiagoa dutela. Bada, behin eta berriro ukatzen zaigu hirigintza batzordeetan parte hartzeko aukera”.

Bide berriak lantzen

Udal Gobernuak orain arte PSEren aldeko botoa izan du gehienetan, baina egoera hori alda daitekeela uste du EH Bilduk: “Gu itxaropentsu gaude, uste dugulako badagoela oposizioan PSErekin elkarlana egiteko aukera. Bide hori lantzen hasi gara eta laster ikusiko ditugu fruituak”.

Bukatzeko, “zailtasunen gainetik”, herriaren alde lan egiteko gogo handiz daudela azpimarratu nahi izan dute: “Lan asko ari gara egiten, taldea oso batuta dago, jende askoren babesa daukagu eta zor diegu ardurari modu positiboan erantzutea”.