Maryam Fathiren odisea

Baleike 2016ko ots. 27a, 18:01

Errefuxiatuen Zumaiako Harrera Taldeak gonbidatuta, gaur egun Bilbon bizi den Maryam Fathi errefuxiatu kurdoak Irandik ihes egiteko izan zituen arrazoien eta gurera heltzeko pasa behar izan zituen sufrimenduen berri eman zuen Alondegiko Oxford aretoan eman zuen hitzaldian. Hemen duzue Maryam Fathiren odisea.

"Kurdistangoa naiz. Gerria hasi aurretik ihes egin nuen. Zergatik jartzen duten pertsona hauek beraien bizitza arriskuan? Lurralde oso aberatsa da beraiena. Natura aldetik zoragarria da, ura eta petrolio ugari dago. Jende hau ez dator goseagatik. Gerratik, heriotzatik ihes egiten ari dira. Heriotza-zigorretik ihesi dabiltza.

Herri kurdoa hiru estatutan banatuta dago: Turkian, Iraken eta Iranen. Ni Iran aldekoa naiz. Bigarren zati handiena da eta, agian, ezezagunena. Mugimendu sozial eta politikoetan sartuta nengoen. Emakumeen eskubideen alde ere egiten genuen, gizarte patriarkalaren aurka. 5.000 urte inguru irauten duen sistema baten aurka. Emakume izateagatik bakarrik arriskuan jartzen zaituen sistema baten aurka. 

Kurdook ez dugu eskubiderik nazio bezala. Jaiotzen garenetik arriskua gara estatuarentzat. Mugimendu hartan genbiltzaneko bi lagun Irango kartzeletan daude. Bat heriotz-zigorrera kondenatu zuten. Gero, kondena hori kendu eta bizitza osoko espetxe zigorra ezarri zioten. 9 urte daramatza espetxean eta bortxatua eta torturatua izan da. Epaiketek bost minutuko iraupena zuten eta abokaturik ere ez zuten izaten. Jainkoari aurka egiteagatik kondenatu zituzten. 

Egoera ikusita, bost urteko haur txikiarekin eta pasaporterik gabe ihes egitea erabaki nuen. Mafiak daude leku horietan jendea mugitzeko. Dirua ikusi dute eta otsoak balira bezala agertu dira. Mafiak pasaporte faltsu bat lortu zidan eta Teherango aireportura eraman ninduen. Bulgariara joateko bisatua lortu zidan. Beldurra ematen zidan, Bulgaria ez baita inoiz ikusi errefuxiatuak hartzeko estatu bat bezala. Gainera, handik itzultzeko aukerarik ez nuen izango. Baina, beste biderik ez nuen. Senarrak irtetea lortu zuen eta Katalunian bizi zen. Horrela jakin genuen mota honetako mafiak zeudela. 

Bulgariara heltzean, haurra, ni eta beste 16 pertsona bi gelatan sartu gintuzten. Hilabete egon ginen horrela. Mafiek familiei dei egiten zieten eta diru gehiago eskatzen zieten, eta dirua jasotzen zutenean, oraindik gehiago eskatzen zuten. Oso beldurgarria zen. Gainera, Iranen inork ez zekien gu non geunden. Hilabete ondoren, eta diru asko ordaindu eta gero, Errumaniako muga pasa genuen. Han dena kendu ziguten. Bakarrik bazaude, onartu dezakezu, baina haur txiki batekin zaudenean... Ama batentzako okerrena da hori. Errumanian ere beste hilabetez egon ginen giltzaperatuta. 

Hungariako muga zeharkatzen saiatu ginenean, hango poliziak atxilotu egin gintuzten eta hiru egunez eduki gintuen gela batean, janaririk gabe, ezer gabe. Poliziei esan nien emakume kurdua nintzela eta arrazoi politikoengatik egin nuela ihes. Errumaniara itzultzeko esan zidaten eta han eskatzeko errefuxiatu politiko paperak. Baina, zer egin behar nuen nik Errumanian. Ez dut inoiz entzun ez Errumanian, ez Bulgarian errefuxiatu politikorik dagoenik. Herri txiroak dira eta Irango eta antzerako estatuekin harremanak dituzte. 

Errumaniako kanpalekuak oso gogorrak ziren. Hiltzaileak zeuden han eta baita mafiak ere. Irango kartzelak baino okerragoak ziren. Mafiek indar handia zuten eta Hungariako muga zeharkatzeko bigarren saiakera egin nuen. Hemen ere harrapatu gintuzten, baina polizia hauek adeikorragoak ziren. Beraiek eskatu ziguten ez pasatzeko, 150-200 metrora ibai bat zegoelako eta hura zeharkatzen saiatzen zirenen %80 ingurua hiltzen zelako korronteek eramanda. Errumaniarrak eta irandarrak geunden talde hartan eta hiltzera gindoazen. Ez nekien zer egin. Mafiako kideak ere mehatxatzen ari zitzaizkigun; ez genuen ezer eta ez ziguten mugitzen ere uzten. Azkenean, nik Errumaniatik eta senarrak Espainiatik Interpolen salaketak jartzea erabaki genuen. Orain espetxean daude. Guri bakarrik ez, jende askori egin diote kalte. Erabaki zuzena hartu genuela uste dut. 

Acnur-era joan nintzen eta haien abokatuei esker, Espainiara heldu nintzen. Baina arazoak ez dira hor amaitzen. Beste bizitza bat hasten da. Ez dakizu kaixo esaten ere. Egoera psikologiko oso txarrean nengoen, egoera oso txarrean geratu nintzen. Beste kultura batean nengoen, beste planeta batean egongo banitz bezala. Ekialdeko eta Mendebaldeko gizarteak oso desberdinak dira, eta pertsona batentzako oso zaila da. Zergatik pasa behar nuen nik egoera horretatik? Orain milioika pertsona ari dira pasatzen egoera horretatik. Horren guztiaren atzean pertsonak daude.

Zauritutako pertsonak gara. Laguntza ekonomikoa eta psikologikoa behar duzu. Jendearen maitasuna behar duzu eta ez zaituztela hartu etsai bat bazina bezala. Jende batek pentsatuko du herri horietatik datorren jendeak bonbak daramatzala. Ez da hala. Siriatik datozenak zauriz beteta datoz. Laguntza behar dute. 

Asilo politikoa lortu nuen Espainiara heldu eta hiruzpalau hilabetera. Baina horrek ez du esan nahi arazoak amaitzen direnik. Krisian zegoen estatu batera heldu ginen. Iaz Euskal Herrira etorri ginen eta hemen Espainiako beste leku batzuetan baino hobeto bizi gara. Espainiako hegoaldean dauden beste errefuxiatu batzuk askoz egoera okerragoan daude. 

Bost urte daramatzat hemen, paperak ditut, baina ezin dut erakunde publiko batean lana eskatu. Espainiatik kanpo ere ezin dut lanik hartu. Suediako telebista kurdo batean aurkitu nuen lana, baina ezin izan nuen lana hartu paperak kenduko zizkidatelako. Espainiar bezala nazionalizatu arte edo iraupen luzeko errefuxiatua izan arte, ezin duzu Europako beste herrialde batean lanik eskatu. Hizkuntza edo bertako kultura ezagutzeko urte eta erdi, bi urte inguru behar dira. Nik paperak dazkat, baina oso zaila daukat. Pentsa ezer ez duten errefuxiatu hauekin zer gertatzen den".