Maryam Fathi errefuxiatu kurduak hitzaldia emango du bihar Alondegian

Baleike 2016ko ots. 25a, 19:00

Errefuxiatuen Harrera Taldeak antolatu du saioa eta 19:00etan izango da, ostiralean. Pasa den urtarrilean boluntarioak inguratzeko kanpainaren emaitzekin pozik dago Harrera taldea, 24 lagunek eman baitute izena etorri daitezkeenei laguntzeko.

Europaren ateak kolpatzen ari diren errefuxiatuen tragedia Guadiana ibaiaren antzerakoa da: egun batean hedabideen azaletan izaten dena desagertu egiten da hurrengoan. Baina, gerra egoera dauden estatuetatik datozen pertsonen odiseak ez du etenik. Asimilatu ezin dezakegun tragedia bat gertatzen ari da Siria edo Irak bezalako estatuetan, Libanoko, Jordaniako eta Turkiako kanpalekuetan eta Egeo itsasoan. Horren aurrean, Europar Batasunako agintariek entzungor jarraitzen dute eta neguaren bezperan emandako hitzak ez du inongo baliorik.

Egoera horren aurrean haserre daude Errefuxiatuen Zumaiako harrera taldeko kideak. Agintariek, politikariek, milioika pertsona, gizonezko, emakumezko eta haur abandonatuta utzi dituztela diote. «Ekarriko zituztela agindu zuten, baina, non daude? [Alemaniako Lehen Ministro Angela] Merkel aritu zen esanaz kopuru handi batean hartuko zituela, baina hura ere ixilik dago azken aldian, Alemania barruan ere nahikoa arazo sortu zaizkio-eta gai honekin».

Taldea pasa den abenduan sortu zen, «errefuxiatuak Euskal Herrira etorriko zirela esan zenean». Lehen bilera batzuk egin ziren eta laguntzeko interesa agertu zuten herritarrak ere inguratu ziren. Europar agintariek estatu bakoitzak jaso behar zituen errefuxiatu kopuruak zehaztu bazituen ere, apur bat besterik ez zen heldu Espainiara eta hortik bi izan ziren Euskadira etorri ziren errefuxiatuak.

Kaosetik ihesika dabiltzan pertsona hauek etorri ez badira ere, Harrera taldeak lanean jarraitu du hilabete hauetan. Urtarrilan kanpaina bat jarri zuen martxan era batera edo bestera lagundu nahi zuten jendea inguratzeko. Hilabete iraun duen kanpainak emandakoarekin pozik ageri dira taldekideak. «24 bat lagunek eman dute izena eta hori oso pozgarria da. Modu ugaritan laguntzeko borondatea erakutsi dute: hizkuntzarekin, beraiekin paseatzen, etab. Kopuruaz gain, pozgarria dena da sentsibilitate desberdineko jendeak hartu duela parte, talde anitza dela, alegia», diote.

Garbi utzi nahi dutena da beraiek ez dutela hartuko instituzioen papera. «Guk ez ditugu gure etxeetan hartuko; hori, bizitzeko lekua ematea, instituzioen lana da. Zumaiako Udalak San Juan Egoitzaren alboko etxea eskaini zuen horretarako. Baina bai beraien egunerokotasunean lagunduko diegula. Ez da soilik etxe bat ematea eta molda daitezela. Ez, eguneroko bizitzan lagundu behar zaie, beraien etxeetatik kanpo dauden pertsonak dira-eta. Guk, euskaldunok, badakigu zer den erbesteea joan behar izatea. Orain guri tokatzen zaigu laguntza ematea».

Gerratik ihes egiten ari den jendea hona etorri zain ez dira geratuko. «Badago jende bat kanpotik hona etorri dena eta beraiek ere izango dituzte beharrak. Haiei laguntzen ere saiatuko gara.

Urte hasierakoa bukatuta, oraingoz ez dute beste kanpainarik abian jartzeko asmorik. «Etorkizun hurbilean bilera bat edo beste eging dugu apuntatu diren lagunekin, norberaren berri izan eta zer asmo dauden jakiteko».

Kanpaina berririk izango ez bada ere, errefuxiatuen gaiaren inguruko sentsibilizazioa garrantzitsua dela uste dute, eta horren baitan kokatzen dute bihar arratsalderako antolatu duten hitzaldia. Maryam Fathi errefuxiatu kurdua izango da Zumaian. Mafia bati ordaindu ondoren egin zuen bidaia eta Euskal Herrira ekarri zuen odiseari buruz hitz egingo du. Errefuxiatuen odisea izenburua jarri diote hitzaldiari eta 19:00etan izango da, gaztelaniaz, Alondegian. Hitzaldiarekin batera bideo emanaldi bat izango da.