Julen Amarikak irabazi du VIII. Zumaia Saria

Baleike 2016ko ots. 27a, 15:00

Eguraldi kaxkarrarekin jokatu da gaur VIII. Zumaia Saria txirrindularitza lasterketa, Hegoaldeko afizionatu mailako errepideko denboraldiari hasiera ematen zion karrera. Irteera puntura agertu diren 173 txirrindulariek haize, euri eta hotzari aurre egin behar izan diote. 

122 kilometroko bidea egin behar izan dute txirrindulariek. Eguraldia dela-eta, erorikoak izan dira, baina ez larriak. Lasterketan zehar izan dira ihesaldi saiakerak, baina azken bueltaren aurretik pelotoia igaro du Axular ibiltokiko helmuga. Bazirudien aurten ere sprintean amaituko zela karrera (Zumaia Sariko aurreko zazpi lasterketak hala amaitu dira), baina aurten, azken itzulian, bi txirrindularik ihes egitea lortu dute. Hala heldu dira amaierara. Azken luzean erasoa jo du Aldro Team taldeko Julen Amarikak eta 2:48:38 denborarekin irabazi du lasterketa. Bigarren Lizarte taldeko Jaime Castrillo heldu, da bi segundora, eta hirugarren Aldro Teameko Miguel Angel Fernandez.

Aldro Manolo Saizek sortutako talde berria da eta gaurko lasterketan David Etxeberria txirrindulari ohia izan da zuzendari lanetan. 

Arazoak behin lasterketa amaitutakoan sortu dira. Epaileek hainbat txirrindulari deskalifikatu dituzte dorsalak estalita zituztelako. Horien artean zen sprintean pelotoiaren buruan sartu den txirrindularia. Berez, hirugarren postua zen beretzat, baina dorsala estalita eramateagatik deskalifikatua izan da. Hori horrela, taldekako saria Lizartek eskuratu du, Gomur-Liebana eta Parking Geltokiaren aurretik. 

Zumaian hazitako txirrindulariei dagokionez, bi izan dira irteera puntuan, Gorka Etxabe eta Jon Agirre. Etxabek lasterketa ona egin du eta hamargarren postuan sailkatu da. Jon Agirrek, aldiz, pelotoiarekin kontaktua galdu du. Aitor Olaziregi ere ateratzekoa zen, baina gaixotasun bat medio, ezin izan du parte hartu.