Zumaiako lasterketak emango dio hasiera 2016ko afizionatu mailako errepideko denboraldiari

Baleike 2016ko ots. 26a, 11:04

Heldu da eguna; aurreko zazpi urteetan bezala Hegoaldeko errepideko txirrindularitza denboraldiak Zumaian izango du hasiera. Larunbatean, goizeko 10:00etan hasita, afizionatu mailako lasterketa jokatuko da, Euskaldun Torneorako puntuagarria izango den karrera. 122 kilometroko ibilbidea osatuko dute ziklistek eta neguko entrenamendu gogor eta aspergarriei, pizgarria eman ahal izango diete lehenengo lehiaketan.

Txirrindulariak gogotsu daude errepidean erakusteko ez daudela nagituta eta neguko prestakuntza guztia balekoa izan dela, horrela lasterketa mugitua, gorabeheratsua izango da baina, ohi denez, sprintak emango du azken epaia; beti bukatu da sprintean Zumaiako lasterketa.

Larunbateko karreran berriz ere afizionatu mailako ziklista asko izango da, baina aurten aurreko urteetan baino txirrindulari gutxiago izan daiteke parte hartzen, igandean Espainiako Kopako lasterketa jokatuko delako Murtzian eta bertan ere izango dira euskal talderik onenetako ordezkariak. Talde askok, Ampok, Baque-Campos-Infisportek, Seguros Bilbaok, Lizartek, Euskadik, Caja Ruralek, Telcok… plantilak bikoiztu egingo dituzte eta bai Zumaian  eta baita Murtzian ere ziklistak izango dituzte. Espainiako Kopan talde bakoitzetik onenak dabiltza, horrek maila arinduko du Zumaian baina, denboraldiko lehena izanik, parte hartzaile bakoitzak duen onena emango du ezer gorde gabe. Ziurtatuta dago 150etik gorako kopurua. Euskal egutegian ohikoa izango da gure mugetatik kanpoko taldeen parte hartzea ere, adibidez, Manolo Saizen Aldro, Contador Fundazioa edo Etiopiako errefuxiatuena.

Afizionatuen pelotoia asko aldatu da iaztik. Zumaiako aurreko urteko lasterketan parte hartu zuten txirrindularietatik hamar profesionalak dira aurten; adibidez, iazko garaile Dani Lopez, hirugarren egin zuen Peio Goikoetxea, hamargarrena izan zen Fran Zurita, 16. Alex Aranburu, 18. Aitor Gonzalez, David Galarreta, Alain Santamaria, Gotzon Udondo, Jaime Rosón eta Víctor Etxeberria, egun guztiak profesionaletan, iaz Zumaiako lasterketan ikusi ahal izan genituen. Aurten protagonista berriak izango ditugu eta benetan pelotoi barruko mugimenduak politak izango dira aurpegi ezberdinen arteko lehia bizia espero baita.

Herrikoen artean Zumaiako Txirrindulari Elkartean hazitako hiru ziklista izango dira parte hartzen: Parking-Geltokiarekin Gorka Etxabe eta Jon Agirre, eta Ampo-GTBrekin Aitor Olaziregi, nahiz eta osasun arazoekin erlojuaren aurkako  Euskadiko txapeldunak azken unean erabaki korritu ala ez. Parkingo ziklistek badute sprinter gazte bat, Oier Ibarguren azpeitiarra eta beretzat amaierari begira gogotik lana egitea tokatuko zaie Etxaberi eta Agirreri.

Ibilbidea aurreko ekitaldietako berbera da. Ikusteko aproposa herriaren inguruan izango baitira txirrindulariak biraka; saihesbidetik hiru itzuli hasieran eta sei zakila bira, 112 kilometroak osatuta 12:45ean aldera 2016ko irabazlearen izena ezagutuko dugu. Alberto Vicente, Zumaiako txirrindulari Elkarteko presidenteak gonbitea luzatzen die guztiei ziklismorik politenaz, leihakorrenaz gozatzera etortzeko.