Xabier Alberdi: "Portura sartzen ari zela olatu handi batek belaontzia jo du eta irauli egin du"

Baleike 2016ko urt. 29a, 16:25

Xabier Alberdi, Maria eta Jose ikastetxeko irakaslea, uretan zen Orroaga parean, surf egiten, belaontziaren istripua gertatu denean. Julen izeneko gazte bat, ikastetxean praktikak egiten ari den gaztea, zegoen berekin. Bien artean atera dituzte belaontzi bi marinel.

Gaur eguerdian bizitakoaren ondoren shock egoeran aurkitzen dela esan digu. Belaontzia Zumaiako portu barrura zetorrela du gogoan. "Portura sartzeko buelta handi bat eman behar da eta une horretan hiru metro baino altuera handiagoa zuten olatuak heldu dira eta ontzia irauli egin da. Gertatutakoa ikustean, elkarri ezer esan gabe, laguntzera joan gara Julen eta biok".

Hiru pertsona horiek berriro belaontzira igo nahian ari ziren. Ezinezkoa zutela ikusterakoan, Santiago alderaka igerian joatea gomendatu diete, "bizkarrez, atzerantz eginda. Pertsona hauetako bat surfeko taula batekin utzi dugu eta beste biak hondartzara eraman ditugu. Julenek zeramanak aurpegian kolpe handia zuen eta ur asko irentsita. Besotan hil zaio". Larrialdi zerbitzuak saiatu dira berpizten, baina ezinezkoa izan da. 

Une horretan bakarrik zeuden uretan; surf egiten hasi berriak ziren gaur, istripua gertatu denean. "Hasi besterik ez ginen hasi eta igerian egin eta lagun hauek ateratzeko fresko geunden. Santiagon beste pertsona bat sartu da uretan, ez dakit zein zen, eta berak atera du [belaontziko] beste pertsona". Zentzu batean zortea ere izan dutela uste du Xabierrek. "Une batean itsasoak onera egin du eta bost bat minutuan bare antzera egon da. Hor atera ditugu itsasotik". 

Zumaiako barraren kokapenarekin, eta horrek Orroaga inguruan sortzen dituen korronte bortitzak direla eta, lekua oso arriskutsua dela uste du Xabierrek. "Gu itsasoan asko ibiliak gara eta leku hori oso txarra da itsasbeheran, askok uste baino okerragoa. Eskerrak une horretan biok uretan ginen, bestela, agian, hirurak hilak izango ziren".